2025 urteak iraultza ekarri du Sakanako Harri Jasotze Eskolara. Batetik, eskola martxan jarri eta 20 urtez irakasle izan den Mikel Lasartek eskola utzi du, eta bere lekukoa Jon Irañetak hartu du, bere garaian Lasarterekin trebatu zen harri jasotze egiarretarrak. Egun, hamar harri jasotzaile daude Sakanako eskolan. Sakandar gehiago animatzea nahi dute, eta herri kirol gehiago landu nahi dituzte: ingudea, gurdia, lasto altxatzea... ilusioz daude.
Jon Irañetaren ardura
Otsailaren 13an Sakanako Harri Jasotze Eskolak duen egoitza berrian, Izurdiagan, bildu ginen eskolako irakasle berria den Jon Irañetarekin. "Duela 15 urte inguru hasi nintzen Sakanako Harri Jasotze Eskolan, Mikel Lasarterekin. Berarekin ikasi nuen dakidan guztia. Nafarroako bi txapela ditut, eta 2020an Urdax Magunazelaiarekin Binakako Urrezko Harri Jasotzaileen Txapelketa irabazi nuen, baina lesionatu, eta harri jasotzea utzi nuen" gogoan du. Joan zen urtean Mikelek eskola utziko zuela jakin zuen. "Mikel berak eta eskolaren inguruan zeudenak nik ardura hartzea proposatu zidaten, eta, azkenean, animatu nintzen".
Harri jasotzaileen gorakada
2025eko ilbeltzarekin batera hasi da eskola gidatzen, serio. Hamar harri jasotzaile trebatzen ditu, Irurtzun eta ingurukoak, Iruñekoak, Berriozarkoak, baita Lizarrako bat ere. Bera ere entrenatzen hasiko da. "Utzia nuen, baina pikatu naiz eta gutxinaka jarriko naiz" dio, irribarrez. Gazte asko hasi dira harri jasotze lanetan, neskak tartean. "Gazte pila bat animatzen ari dira harriekin, eta plazetan neska asko ikusten dira. Sakanako eskolan Ane Zestau dugu, igandean Egur Sporteko txapelketan mustuko dena, eta Maika Iraizoz, amatasunagatik utzi eta orain berriz bueltan dagoena. Badaude gurean hasi nahi duten neska pare bat ere. Ea animatzen diren".
Jon Irañeta: "Gazte asko hasi dira harri jasotzean. Crossfit-ak, Sare Sozialek... eragina dute"
Crossfit-a, Sare Sozialak eta beste
Gorakada hau zergatik eman den galdetuta, bizpahiru faktore nagusi aipatzen ditu Irañetak. "Batetik crossfit-a, fitness-a eta halako kirolengatik. Herri kirolak gimnasioetan sartu dira, eta horrek eragina du. Horri lotuta, Instagram eta Sare Sozialak aipatzekoak dira. Herri kirolak geroz eta gehiago ikusten dira Sare Sozialetan, eta nabaritzen da". Esaterako, Paulo Azpiazu harri jasotzaile eta prestatzaileak eta berarekin trebatzen diren harri jasotzaileek jarraitzaile asko dituzte. Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren babesa aipatzen du Irañetak. "Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza herri kirolak sustatzen, publizitatea sartzen, diru laguntzak ematen... eta orain landatutako uzta jasotzen ari da. Horregatik daude Erkidegoan hemen baino kirolari gehiago. Nafarroako Gobernuak ez du herri kiroletan diru gehiegi sartzen".
Beraz, Sakanako Mankomunitateak horrenbeste urtez Harri Jasotze Eskola sustatzeari balio handia ematen dio Jon Irañetak. "Mankomunitatearen ahalegina, eta Mikel Lasartek horrenbeste urtez izandako inplikazioa izugarri eskertzen dugu hemen trebatu garen eta trebatzen ari diren guztiok". Eurei esker dira harri jasotzaileak.
Lacturalek utzitako borda
Sakanako Harri Jasotze Eskolaren beste nobedade bat entrenamendu tokia edo egoitza da. Irurtzun utzi, eta Izurdiagako borda batean dago orain eskola. "Lacturalek utzi digu egoitza berria, eta oso eskertuta gaude eurekin eta gainontzeko babesleekin baita ere". Hasieran Sakanako eskola Irurtzungo kiroldegian zegoen, eta gero Machain jatetxearen ondoko lokal batean. "Oso gustura geunden, baina lokala oso txiki geratu zitzaigun. Eskolan harri eta material asko ditugu, eta entrenatzeko tokia behar dugu. Lacturaleko Juanma Garrok, Izurdiagako nabe batean duten eremu bat utzi digu, bere garaian ardiak jezteko erabiltzen zuten tokia. Guretako toki zabala eta aparta da. Oso gustura gaude".
Lacturalez gain, beste babesle berriak dituzte: Goñi txapa eta margo tailerra, Urrutia harategia eta Toldos Berriainz. "Ibilbide berri honetan, guztiak dira ezinbestekoak" nabarmendu du Irañetak.
Sakandarrak animatu
Espazio zabal horri esker, harri jasotzeaz gain, beste herri kirol batzuk lantzen hasi nahi dute: txingak, ingudea, gurdia eta lasto altxatzea, esaterako. "Sakandarrak gurera etortzea animatu nahi ditugu. Etor daitezela probatzera, lasai asko. Mank-eko Kirol Zerbitzura (948 464 866) jo dezatela edo sakanaharrieskola@gmail.com epostara mezua bidali dezatela. Probatu, eta erabaki dezatela". Eskolan hasteko gutxienez 16 urte izan behar dira, "eta sufritzeko prest egon beharko dute" nabarmentzen du Oskar Aguas jasotzaileak.
Hala egin dute Aizpungo Ibai Osesek eta Sarasako Mikel Lunbierrek. Aurretik errugbian aritzen ziren, La Unican, eta Sakanako Harri Eskolan hasi berri dira. "Jonek berotu gintuen, bere errua da; eskola ikustera etorri ginen probatzera, pikatu, eta hemen geratu gara" diote bi lagunek, irribarrez. Teknika ongi ikastea da orain euren erronka. "Plazara ateratzekoa... hori urruti dugu oraindik".
Jon Irañeta: "Harri jasotzean garrantzitsuena teknika da; ongi ikasi beharra dago"
Teknika, indarra baino gehiago
Mikel Lasartek behin eta berriz errepikatzen zuen: indarra baino, harri jasotzean teknika dela garrantzitsuena. Teknika, eta entrenamenduetan konstantea izatea. Jon Irañetak hala berresten du, eta hasiberriekin gehienbat teknika lantzen dutela nabarmentzen du. "Harri jasotzean teknika da garrantzitsuena; teknika oso ongi ikasi beharra dago, altxaketak ongi egiteaz gain, lesioen prebentziorako". Teknika barneratzea "zaila da, eta kostatzen da. Urte pare bat behar dira gutxienez. Zure gorputza prestatu eta indartu behar duzu, gero kiloak jasotzen hasteko". Prestakuntza ere asko aldatzen da. "Eskolan harri txikiekin lan egiten dugu. Harri mota bakoitzak jasotzeko bere teknika du, eta txapelketa bakoitzak bere prestaketa berezia. Ez da berdin minutu batean ahal dituzun altxaldi guztiak egitea, hau da, abiadura lantzea, edo pisu handiko jasoaldi bat egitea. Zeharo ezberdina da".
Txapelketako pisu ezberdineko harriez gain, harri bereziak ere baditu Sakanako Harri jasotze Eskolak. "Igeldoko harria bezalako harri pare bat, Etxaurikoaren antzeko bat... material asko dugu, gehienbat harri txikiena. Pisutsuena 153 kiloko zilindro zaharra da. Oskar Aguasek harri berriak egin nahi ditu, harri handiekin hasi nahi duelako".
Giro ederra dago Sakanako Harri Jasotze eskolan. Astearteetan eta ostegunetan entrenatzen dute normalean, 18:30etik 21:00ak arte. "Hasiberriek denek elkarrekin ikasten dute, baina beteranoagoekin pertsonalizatutako lana da, lehiatu behar diren txapelketaren arabera bakoitzak bere prestakuntza duelako". Eskola sasoitsu dago. "Oso gogotsu gaude, ea jende gehiago animatzen den. Ederki pasatzen dugu".
Zestauren debuta
Entrenamenduko lehen tartean Ane Zestauren eta Oscar Aguasen abiadura saioak gidatu zituen Jon Irañetak, Oñatin txapelketa zutelako. "Ane Emakumezkoen Banakako Harri jasotze Txapelketan mustu da, eta Oskar Banakako Harri jasotze Txapelketan lehiatu da". Harri jasotzaile guztiak bezala, hankustan zeuden biak. "Oinutsik lurra hobeki zapatzen duzu, hanka osoarekin. Zure mugimendua hobeto kontrolatzeaz gain, altuera kontua ere bada: harri bakoitzari zentimetro bat kentzen diozu". Hankak, lurrean, eta zama gainean.
ADIERAZPENAK
Ane Zestau: "Txapelketa batean aritu naiz lehen aldiz"
"Harri jasotzean neskak hasi zirela ikusi nuen, federaziora jo nuen eta Sakanako eskolarekin jarri ninduten harremanetan duela bi urte pasatxo" dio Barañaingoak. "Jendeak uste du indarra izatearekin nahikoa dela, baina honek teknika eskatzen du, eta konstantea izatea". Igandean lehen aldiz aritu zen txapelketa batean, "gogotsu, presiorik gabe. Helburua entrenatzen egiten ditudan markak egitea zen. 63 kiloko zilindroa, 63ko kuboa eta 50eko bolarekin minutu bana aritu nintzen".
Oskar Aguas: "Une honetan sasoirik onenean nago"
Harri Txikien Banakakoan parte hartu zuen Oñatin. "Lau harri dira, errektangularra, kopa, kubikoa eta bola, eta minutu bateko txanda nuen bakoitzarekin. Gogotsu nago; une honetan momenturik hoberenean nago". Eskolako harri pisutsuena 153 kilokoa da. "Hiru minututan hiru altxaldi egin nizkion". Harri handiekin probatu nahiko luke, "baina saltoa oso gogorra da. Teknika ezberdina da". Sakanako eskola goraipatzen du. "Eskolarik gabe, ezinezkoa litzateke. Lasarteri betirako eskertuko diogu egin duen esfortzua".
Maika Iraizoz: "Harri jasotzea zure burua etengabe gainditzea da"
Ultzamarrak La Unica errugbi taldean jokatzen zuen. Duela bi urte hasi zen Sakanako eskolan, "baina gero ama izan nintzen, utzi nuen eta orain probatzen hasi naiz". Sanferminetan ingudearekin aritu zen plazan, eta Herriz Herri txapelketan txingekin. "Harri jasotzea zure burua etengabe gainditzea da, zure burua gorenera, mugaraino eramatea: pixka bat gehiago, pixka bat gehiago... Adrenalina hutsa da, eta zeure burua gainditzeak sekulako gorakada ematen du".