Duela bi urte goiko igerileku handia erabat berritu ondoren, Irurtzungo Udalak beheko igerilekuak berritzeko lanak bideratzen hasi da. Udal batzak lan horren proiektu teknikoa aho batez onartu zuen apirileko bilkuran. Irakaskuntzako eta jolaserako igerilekuak berritzeko proiektuak 814.596,97 euroko aurrekontua du. Lan hori finantzatzeko Irurtzungo Udalak Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Tokiko Inbertsioen Planeko dirulaguntza du, 180.000 euro hain zuzen ere. Udalaren aurreikuspena da lanak 2027ko akaberan hastea.
Bilkura berean aho batez onartu zen Udal Musika Eskolako heldu den ikasturteko tasak eguneratzea. Hiru euroko igoera izanen du. Aho batez onartu zen ere, Itxesia igerilekuaren funtzionamendu araudiaren aldaketaren hasierako onarpena. Horren bidez, azken urteetan antzemandako erabilera eta behar berrietara egokituko da araudia.
Azkenik, Aizpea euskara taldearekin lankidetza hitzarmena onartu zuen udalbatzak EH Bilduren aldeko eta UPNren abstentzioarekin. Euskara taldeak udalarengandik 5.500 euro jasoko ditu Euskal Ekitaldiak eta Udan Euskaraz jarduerak finantzatzeko.