Kitto lanak

Guaixe 2020ko uzt. 14a, 12:45

Plaza inguruneko kaleetako sareak eta zorua berritzeko lanak festetarako bukatu ziren, baina ez dago festarik.

Aurreko astean azken lanak egin eta gero, Estafeta, Elizalde, Arrano Beltza, Konsistorial eta Zirrinkale kaleak berritu dira. Construcciones Beroste SA enpresa ilbeltzeko bigarren astean hasi zen lanak egiten: euri uren eta ur beltzen sareak banatzea, gainontzeko sareak eta zorua berritzea eta herri-argiteriako kableak lurperatzea. Horrekin batera berokuntza sistemako hodiak jarri dituzte. Iturmendiko Udalaren asmoa biomasa galdara bat jartzea da, eta, haren bidez, hala nahi duten herriko etxe guztiei berogailua eta ur beroa eskaintzea. Momentuz 16 lotune egin dituzte. 

Lanak herriko festetan mustutzeko moduan zeuden iturmendiarrak, baina ospakizunak bertan behera gelditu dira. Eguneroko martxarekin mustu beharko dituzte. Lanek 346.500 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua izan dute, eta, horri aurre egiteko, udalak Nafarroako Gobernuaren %70eko dirulaguntza izan du.