Brun forjatik Tindufera sahararrak trebatzera

Guaixe 2018ko abe. 28a, 12:38
Eduardo Brun teoria kalsean. Argazkiak: Forjas Brun.

Tindufeko errefuxiatu eremuan forja eta soldadura trebakuntza teorikoa eta praktikoa eskaini dute.

Aljeriako hego-mendebaldean dago sahararren Tindufeko errefuxiatu eremua. Eta foru-zubia baliatuta bi asteko egonaldia egin du Eduardo Brunek. Bigarren egonaldia izan da. Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkarteko kideekin batera joan zen Brun estreinakoz joan den urtean. Saharako Ilargierdi Gorriak Tindufeko errefuxiatu eremuan elikagaiak banatzeko Rabouniko garraio basean egon zen eta soldadura ikastaroa eman zuen. Trebakuntza saioa pieza batzuk egiteko baliatu zuten.

Brunek esan digunez, aurten ere toki berera bueltatu da. “Goizez teoria lantzen genuen eta arratsaldez praktika. 30 urtetik gorakoak ziren. Gazteagoek paso egiten dute, dena egina jasotzen dutelako”. Elikagaiak eta gasa kamioien bidez banatzen dute. Kamioien gurtoholen altuera handitu zuten, karga gehiago eramateko. Bestetik, gas-botila asko hartzen dituzten ontziak batetik bestera eramateko kamioien atoiak egokitu zituzten. Egindako lanarekin “pozik” bueltatu da Brun, ez du baztertu hirugarrenez joatea.



Bizimodua
Joan aurretik haima batean bizitzeko eskaera egin zuen Brunek. Baina zubia zela eta errefuxiatu gunera jende asko bisitan joan zenez, “segurtasun arrazoiengatik” kuartel batean egon behar izan zuen, “kontrolatuta”. Hala ere, joan den urtean ez bezala, azken bi egunak oporrak hartu zituen, “dena lana izan ez dadin, bestela ez duzu ezer ikusteko aukerarik”. Azken bi egun horietan gameluak, dunak, desertua ikusi eta jendea ezagutu, haien istorioak entzun zituzten. Eguzkitik babesteko txapela zeramaten eta uda Euskal Herrian ematen duten haur askoren agurra jaso zuen, “hara joaten diren guztiak estimatzen dituzte, baina Euskal Herria bereziki”.

Berarekin batera Raul Serrano joan zen, pailazo lanak eginak dituena. Hiru pailazo emanaldi egin zituen. Baina laugarrenak markatu zuen Brun: “aparteko toki batean zegoen leku batean arazo fisikoak dituzten haurrak dituzte. Eta haien ardura Italian dena utzi eta han lanean dagoen 64 urteko emakumezko bat du; 10 urte darama”. Euskal ikazkin ezagunena, Olentzero ere desertua zeharkatu eta Tindufera iritsi zen eta haur eta helduen artean goxokiak eta puxikak banatu zituen. Haren ibilerak www.forjasbrun.eu web orrian ikus daitezke.



Artisau-maisu izendapena
Eraikuntza Tradizionaleko Maisuen Nazio Sareak bere baitan hartu ditu Eduardo eta Gerardo Brun Irisarri forjariak. Euren ibilbidearen ebaluazioa egin eta gero bi anaiek euren aitak, Gerardo Brun Lapuentek zuen aitortza bera lortu dute. Sare hori direktorio bat da, eta bertan jardunean dauden eraikuntza era tradizionalari lotutako maisu nagusiak biltzen ditu. Maisu horien guztien lana eta, beraz, Brun anaiena kultur ondare ez-material gisa definitzen dute eta hura mantentzearen aldeko lana egiten du sareak.  

Izurdiagako geltoki auzoko forjatik etxeetako leiho, balkoi eta ateetarako objektuak ateratzen dira, handiak eta txikiak. Anaiek euren lana egiteaz aparte, jendea forjan eta soldaduran trebatzen dute. Hiru hamarkada daramate horretan. Sakanako ikasle gutxi dituztela diote. Baina haietako batek, Aitor Ondarra bakaikuarrak, bere forja lanen erakusketa eginen du Lakuntzako kultur etxean asteburuan.

Burdin goritua nola lantzen den zuzenean ikusteko aukera ere ematen dute Brun anaiek, 2012tik forjaren interpretazio zentroa zabalik dutelako. Ordu batzuez forjari izateko esperientziaz aparte hainbat pieza jasotzen dituen museoa ere bisitatu daiteke.