McOnak taldeak Altsasuko gaztetxean estreinatuko du disko berria

Erabiltzailearen aurpegia Eñaut Agirrebengoa Apaolaza 2015ko abe. 18a, 15:37

Urtebeteko atsedenaren ondoren bueltan da McOnak talde lekeitiarra, Galarrena izeneko disko besapean dakarrela. Durangoko Azokan kaleratu ondotik, diskoaren aurkezpen emanaldia Altsasuko gaztetxean eginen du. Bihar izanen da, 23:00etatik aurrera.

Folk-rock estiloko taldea da McOnak. 2011n sortu zen, Lekeition, eta 2013an estudioko lehen lan luzea argitaratu zuen, Piraten matxinada izenekoa. Hura kaleratu ondoren batetik bestera ibili ziren Euskal Herrian barna, eta ondoren urtebeteko atsedenaldia egin zuten. Orain beren bigarren lana den Galarrena ekoiztu dute. Horrek talde lekeitiarraren esentzia mantentzen du, baina aurreko lanek baino folkerantzako joera handiagoa dauka. Horrez aparte, gitarra elektrikoek distortsio gutxiago dute.

Bideokoa Galarrena diskoko Bizirik kantua da.