Altsasuko herriari falta zaion azalpena

Erabiltzailearen aurpegia Eneida Carreño Mundiñano
(Iñigo Aritza Ikastolako lehendakaria, juntakide guztien izenean) 2017ko ots. 24a, 09:01

kolaboratzaileak

Javier Ollo Martínez, arretaz irakurri dugu zenbait hedabideetan joan zen astean idatzi zenuen eskutitza. Kezka eta tristura sortu digu kontuak,eta gainontzeko udal diru partidekin egin duzun modura, baina honekin ez, 1979tik gaur egunerarte udaletxe guztiek ikastolari eman dioten diru laguntza zertarako baliatu den argitu behar diogu Altsasuko herriari.

Lehenik eta behin argitu behar dugu diru laguntza hau 1979ko Uztailaren 17an onartu zela udalean eta geroztik egon den alkatea egon dela, eta izan dugun udala izan dugula, inork ez du plenoan hartutako erabakia bertan behera utzi gaur egun arte. Udal hau eta alkate hau izan da lehena.

1988ko apirilaren 7an berriz onartu zen plenoan partida. Pleno horretako aktak honela dio, “no supone dar limosna (...) sino que las facturas de luz, calefacción, limpieza, reparaciones etc. sean domicialiadas...”
Geroztik Iñigo Aritza ikastolak udalari mantenu gastuak igorri dizkio. Altsasuko gainontzeko haurrek bezala ikastolakoek baita ere argia ura eta kalefakzioa izan dute beren gelatan.

Eta hau da udal honek negoziatzeko erabili duen partida. Altsasuko umeen ongi izatearekin negoziatu duzue aurtengo presupuestoa.

Horren ordez ikastetxeetarako diru laguntza sortu duzuela diozue, proiektuak burutzeko diru laguntza. Ikastolari proiektuak bultzatzeko diru laguntza sortzea oso ongi iruditzen zaio. Gure hezkuntza eredua etengabeko lanean eta proiektu berriztatzaileetan oinarritzen da. Horren lekuko duzu aurten bertan Haur Hezkuntzan martxan jarri dugun Kabi proiektua.

Baina proiektuak bultzatzeko beharrezkoa al da mantenurako erabiltzen zen diru laguntza kentzea? Zergatik ordezkatu behar da diru laguntza bat bestearekin? Zuen negoziaketak burutzen dituzuenean gogoan izan 221 haur altsasuar daudela gure ikastolan.

Ikastola ez da ikastetxe pribatu bat, kooperatiba bat gara, guraso kooperatiba bat. 40 urteko historia dugu. Herritik sortu eta herriarentzat lanean dihardugu. Herriko bizian eta herriko ekimenetan aktiboki inplikatzen garen taldea gara. Auzolana da gure baliabideetako bat. Gure historian zehar izan ditugu trabak, badakigu trabak gainditzen eta hau ere gaindituko dugu.

Bi diru laguntza hauek ezberdinak dira, batak ez du bestea ordezkatzen. Altsasuko udalari zera esan nahi diogu, altsasuarron mesedetan ari bazara lanean behintzat, zure erabakia birpentsatu eta birbideratu ezazu.