Gustura eta pozik daude Gure Nahia jubilatu elkartekoak egoitza berrian. Aurreko egoitzan baino leku zabalagoa dute eta bertan jolasean, solasean baita sukaldean ere aritzen dira noiz hala noiz. Taberna eta jatetxe zerbitzua eskaintzen dute gerturatzen den edonorendako, eta arratsaldetan batez ere sentitzen da jubilatuen presentzia. Mahai jokoen doinuak ez du etenik, eta noizean behin ere txokolatada edota pintxo dastatzeak izaten dituzte. Aurrera begira ere, bi ordenagailu eta sarean nabigatzeko wifi aukera jartzea pentsatu dute eta haurren jolasteko lekutxo bat gorde dute.
Mari Jose Armendariz, Lakuntzako jubilatuen elkarteko presidenteak jakinarazi ditu datu horiek guztiak. “Gune honen helburua jubilatuen integrazioa eta herri mailako sozializazioa da” adierazi zuen Armendarizek. “Jubilatuen egoitzak eskaintzen duen zerbitzua herritar guztientzat izanen da”. Hasiera batean egoitza berrira joateko eragozpenak egon ziren, udalak ez zuen diru adina egoitzako baliabideak behar bezala jartzeko. Hortaz, jubilatuen elkartea akordio batera iritsi zen udalarekin eta haien esku gelditu zen taberna eta sukaldearen hornikuntza.
217 bazkide dauzka elkarteak, baina aurten egoitza berria dela eta hogei bat bazkide gehiago animatuko direla aipatu du presidenteak. “Gure asmoa elkartea bizirik edukitzea da, oso aberatsa da eta ekintza asko antolatzen ditugu” zioen Armendarizek helburuei dagokienez. Urtean zehar mota askotako ekintzak burutzen dituzte elkartean, hala nola, gastronomia dastatzeak, helduen eskola, lentzeria ikastaroa, eskulanak, informatika eta memoria tailerra. Hauexek egoitzan edota herrian bertan burutzen diren ekintzak dira, hala ere udaberria eta udazkena bitartean Lakuntzatik atera eta bidaiak egiten dituzte. Hilabetean behin gutxienez egun bateko txangoak egiten dituzte, Biarritz, Getaria izan dituzte besteak beste helmuga. Beste alde batetik, bidaia luzeagoak egiteko aukera ere badute. Normalean astebete edota luzeagoak diren hiru bidaia egiten dituzte urtean, dagoeneko Londres edota Lisboa bezalako hiriburuak ezagutu dituzte.