Familiak Mikel Arregi Marinen memoria aitortu eta errespetatu dadila eskatu du

Guaixe 2015ko mar. 10a, 12:14
Mikel Arregi Marinen senideak batzordeko buruarekin batera.

Nafarroako Parlamentuan egin du eskaera, ostiralean gatazkaren beste biktimendako lege proposamena aztertu aurretik.

Mikel Arregi Marin lakuntzarraren senideak gaur Nafarroako Parlamentuko Presidentzia, Justizia eta Barne Batzordean izan dira; Clara Arregi, Javier Andueza Mirari Imaz, Josu Imaz eta Txaro Arregi egon dira saioan. Azken biak izan dira hitza hartu dutenak. Guardia Civilak 1979ko azaroaren 11n Mikel tiroz hil zuela kontatu dute.

Epaiak senideak “biktima ezberdin” sentiarazi zituen eta “halako inpotentzia” sortu ziela kontatu du arrebak. Txarok Parlamentuan eskatu du gatazkaren beste aldeko biktimak ere onartuak izan daitezela. “Ez dugu dirurik nahi. Mikelen memoria aitortu eta errespetatua izan dadila besterik ez, hautetsia zen, gainera”.

Imazek indarrean izan den “zigorgabetasuna” salatu du. Aldi berean, urteetan “Mikelen memoriari urteetan egindako erasoa” salatu du; “senideak lore eskaintza egitera joan eta gobernuaren baimena behar dela esan izan digute. Joan den urtean Dignidad y Justicia epaitegira jo zuen oroigarria kentzeko eskatuz. Edo Espainiako Barne Ministerioak Lakuntzako Udalari herrian haren irudia duen mural bat borratzeko eskatu izan dio”.

Lege proposamena
Nafarroako Parlamentuko Presidentzia, Justizia eta Barne Batzordea ostiralean elkartuko da berriro, 10:00etan. Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko Foru Lege proposamena izanen da aztergai. Bilduk, Aralar-NaBaik eta Izquierda-Ezkerrak gonbidatuta Arregiren senideez aparte, indarkeriaz hildakoen hainbat senide pasa dira batzordetik euren lekukotasuna emateko.

Lakuntzarren gaurko agerraldiaren ondoren Bilduko Barkartxo Ruiz Jasok estatuaren indarkeria ez dela kasu isolatuetara mugatu nabarmendu du. Urtetan polizia indarrek izandako inpunitatea salatu du. Egia argitzeko ikerketa batzorde ofiziala eratzea eskatu du. Baita Arregi motibazio politikoko biktimatzat hartzea ere.

Aralar-Nabaiko Patxi Zabaleta Zabaletak adierazi du Arregi biktima gisa hartzea biktima guztien aldeko zerbait dela: “horrek ekarpena egiten dio etorkizuneko elkarbizitzari. Berdintasunean eraiki behar dugun eta giza eskubideen onarpenean eraiki behar dugun elkarbizitzari”. I-Eko Txema Mauleon Etxeberriak “egi guztia” ez dela ikertu esan du, “askotan inpunitatea” izan dela gaineratuz. Mauleonek “egia, erreparazioa eta oroitzapena” exijitu ditu, gertaerak “ez errepikatzeko eta gizarte errekonziliatua lortzeko”.

UPNko Javier Caballero Martinezek familiari elkartasuna adierazi die. PSNko Pedro Rascon Maciasek, aldiz, nabarmendu du “egia,, aitortza eta erreparazioa bilatu” beharra dagoela. Familiari elkartasuna azaldu dio.

Gertakariak
Lakuntzako Pertza elkartearen mandatu bat egin ondoren Ziorditik herrira bueltan zen lakuntzar talde bat. Etxarri Aranazko Guardia Civilaren kuartel paretik pasatzean agenteek autoa tirokatu zuten. Espainiako Barne Ministerioaren bertsio ofizialaren arabera lakuntzarren autoak kontrola saltatu zuen. Baina lekukoen testigantzak jaso zituen ikerketa batzordeak argi utzi zuen aurretik izan zela kontrola eta lakuntzarrak pasatzen ari zirenean ez zegoela halakorik. 1981eko irailean egindako epaiketan hala aitortu zen. Zuhurtziagabekeria sinpleagatik bi hilabeteko espetxe zigorra eta familiarendako kalte ordaina izan zen epaia.

Sakana Kooperatibako Mikelen lankideek haren omenez oroigarria jarri zuten Etxarri Aranatzen. Jose Ramon Anda eskultorearen obra 1980an mustu zen. 1981eko otsailean eskulturari trilitazko lehergailua jarri zioten. Oinarria zutik gelditu zen. Urte hartako lastailean ibilgailu batekin erroetatik ateratzen saiatu ziren. 1983an, atzera ere, goma biko lehergailua jarri zioten. Imazek esan duenez, “herriak izan zuen erantzunaren garrantziaren ondorioa izan ziren erasook”. Ekintza armatu horien “inpunitatea” ere salatu du. Zaharberritu ondoren egungo kokapen berrira aldatu eta , aldamenean plaka bat jarri zuten. Hura bitan kendu dute, 2009ko eta 2014 azaroan.

Parlamentuan emandako bideoa: