San Sebastian ermitara bisitarik ez

Guaixe 2020ko urt. 20a, 11:21
Lakuntzarrek gaur ez dute ermitarako bidea hartuko eta herrian geldituko dira

Neguko festetako egun handia dute lakuntzarrek gaur 

Sansaastin festak larunbat eguerdian hasi ziren Lakuntzan. Pello Ruiz Bordegarai mendizaleak piztu zuen festei hasiera eman zien etxajua. Ondoren hutsik egiten ez duen hitzordua: Piperropil lehiaketa da. Epaimahaiak aurkeztutako bederatzi opilak dastatu ondoren aurreneko saria Ainhoa eta Katxori eman zien. Bigarrenak izan ziren Rosarito eta Lourdes eta Kristina Katalin hirugarren sailkatu zen. Gauerdian, eguna hastearekin batera, plazan jarritako karpan Lakuntzako danborrada izan da, 30. edizioa. Lakuntzako Pertza elkarteak Garikoitz Flores pilotua omentzeko baliatu du ekitaldia.

Gaurko egunez Aldabako San Sebastian ermitara joaten dira lakuntzarrak. Baina aurten herrian geldituko dira. Ermitako bobeda zartatuta dago eta, badaezpada, arriskuak saihesteko gaurko meza elizan eginen da eta ondorengo auzatea elizako estalpean. 

Egitaraua 
Ilbeltzak 20, astelehena. San Saastin  
Goizean goiz Aurora
12:00etan Meza, elizan.
13:00etan Auzatea, Lakuntzako Pertza elkarteak emana. Elizako estalpean. 
18:30ean Elai Alai dantza taldea, plazan.
19:00etan Alkate dantza.
19:30ean Buruhandiak.
19:30ean Dantzaldia Iñaki Bizkairekin. 
21:00etan Zezensuzkoa.