Saria argindar mikro-sarearendako

Guaixe 2018ko aza. 29a, 19:44

San Klemente festetan ospatu zuten saria Xabier Senar kontzeju buruak eta lagunek. Argazkia SGA.

Lizarragako Kontzejuak Jose Ignacio Sanz Arbizu Tokiko Garapen Jasangarriko Praktika Egokien X. saria jaso du.

Lizarragako Kontzejuak martxan jarritako argindarra sortzeko mikro sareak Nafarroako Gobernuak sustatutako saria jaso zuen Obanosen ostiralean. Sariketaren helburua da pertsonen bizitza-baldintzak hobetzeko herrietako eta hirietako lorpen jasangarri onenak nabarmentzea. Garapen jasangarriko ekimen onenak saritzen ditu bi urtean behin sari horiek. Lizarragako Kontzejuak 1.000 euroko saria, diploma eta trofeoa jaso zituen. Gainera, Nafarroako tokiko garapen jasangarriko praktika egokien 10. katalogoan sartuko da proiektua eta katalogo horren banaketa eginen da. Azkenik, Nazio Batuen Erakundeak sustatutako praktika onenen nazioarteko sarira sartu da zuzenean.

Lizarragako argindar mikro-sareak % 100 berriztagarria den energiaz hornitzen du herria.  Horretarako, 14.85 Kw-ra arteko energia sortzen duten plaka fotovoltaikoak dauzka. Energia horren biltegiratze-soluzioa 330.000 litroko bi depositutan oinarritzen da. Bien artean 100 metroko maila edo altuera dago. Bi biltegi horiek 11 Kw sor ditzakeen ponpa eta Pelton turbina baten bidez konektatzen dira. Horrela, eguneko parte batean, tokiko kontsumoak plaka fotovoltaikoen bidez egingo lirateke eta soberako energiarekin ura bidaltzen da beheko depositutik goikora, energia gordez.

Ostiralekoa ez da Lizarragako mikro-sareak jaso duen aurreneko aitortza. Maiatzean MAdrilgo Energiaren eta Ingurumenaren Nazioarteko Azokan, Genera 2018an, Berrikuntzaren Galerian erakutsi ziren 20 proiektu aitzindarietako bat izan zen Lizarragakoa.