Koskobilo arkeologia aztarnategia

Koskobilo II lezerako sarbidea egokituko du udalak

Guaixe 2022ko abe. 1a, 13:02

Arkeologoak lezean indusketa egiten. ARTXIBOA

Bidea zabaldu, seinaleztatu, leze sarreran teilatua eta plataforma jarri eta lezeari buruzko informazioa emanen duten panelak jarriko ditu. Lan horiek emateko deialdia egin du eta interesa duten enpresek eskaintzak aurkezteko abenduaren 7ko 23:59ra arteko epea dute.

Herritik Koskobilo II lezea ezagutzera joaten diren bisitariei sarbide segurua eta estetikoa eman, eta herritarrek eta bisitariek bertako balio handiko natura eta kultura baliabide batzuk ezagutzera emateko asmoz,  Olatzagutiko Udalak Koskobiloko lezerainoko ibilbidea moldatu, seinaleztatu, interpretatu eta informatzeko lanak eman nahi ditu. Lanek 63.666,92 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute eta kalitate prezio erlazio onena duen eskaintzari emanen dio udalak. Enpresa hartzaileak lanak despeditzeko lau hilabete izanen ditu. 

Olatzagutiko Udalak Koskobilo ingurua berreskuratu eta balioa eman nahi dio. Horretarako, Aranzadi zientzia elkartearekin harremanetan dago. Gainera, aurtengo Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan horretarako 80.000 euroko diru saila jasoa dago. Baina proiektu hori oraingoz ezin da gauzatu, harrobi zaharreko lurrak zaharberrituta geratu behar direlako eta udalaren esku utzi. Bitartean, beste pauso batzuk eman zitzakeela ikusita, Olatzagutiko Udalak Koskobilo II eta IV aztarnategiak hartzen dituen proiektua gauzatuko du. 


Olatzagutiko ikuspegia Koskobiloko lezetik.

Eginen direnak
25 metroko desnibela gainditzeko 150 metroko luzera eta metro bateko zabalera duen bidea zabalduko da, %16ko malda izanen duena. Bidearen zoruan kaskailua jarriko da. Pertsonak bai, baina animaliak ez sartzeko pasabidea jarriko da ere. Bidea pintura berdearekin eta proiektuaren irudia duten balizekin seinaleztatuko dute. Udalak ez du baztertu etorkizunean Koskobilo II lezerako igoera herriko intereseko beste puntu batzuk lotzen dituen (ahuntzetxea, burdin iturria…) homologatutako ibilbide labur baten barruan sartzea. Bidea homologatuz gero, seinaleztapeneko pintura berdeari txuria gehituko lioke udalak. 

Lezeen eta bere testuinguruaren berri emateko Olatzagutiko Udalak bost interpretazio panel jartzea aurreikusi du. Informazio puntua edo panela litekeena da kiroldegiko aparkalekuan jartzea, han udalak autokarabanendako gunea prestatu asmo baitu. Gainontzeko bost panelak handik lezerako bidean jarriko lirateke eta haien bidez bisitariek honakoen berri jasoko lukete: Koskobilo eta Urbasaren geologia testuingurua; Olatzagutiko harrobiak eta Ornako iturria; jatorrizko arkeologia aztarnategiaren suntsiketa; ikertzen ari diren leze berria, Neolitoko erdi eta zaharreko okupazioa izan zuena, eta, azkenik, Paleolitiko akaberako aire zabaleko Koskobilo IV aztarnategia. 

Koskobilo II lezearen sarreran %40ko aldapa dago. Udalaren asmoa da lezearen sarreran lurrera finkatutako 3x2 metroko burdin sare sendoaz egindako plataforma jartzea, lau pertsonendako tokia izanen duena; hara eskailera batzuen bidez igoko da. Lezearen sarreran, bestalde, 3,5 metro zabal eta 4 metro luze duen teilatua jarriko da, zurezko egitura eta teiladuna dena.