Mari Arroka euskal mitologiaren jainkosa bat da. Istorioaren arabera, kontatu du Adelaida Kintana Olaztiko Ihoteetako elkarteko kideak, Mari Arroka Aizkorrin zegoen amarekin eta jolasean ari zela ez zion amari kasurik egin eta ama haserretu zen. Mari Arroka ere haserretu zen eta Jainkosa zenez jauzi bat eginez suzko igitai baten gainean hegaka atera zen eta Aizkorritik Urbasara joan zen. Olaztiko adineko jendeak duela zenbait urte kontatzen zutenez, ohikoa zen Mari Arroka hegaka ikustea Urbasara joaten zirenean.
Horregatik, Mari Arroka Olaztiko ihoteetako pertsonaia bat da eta, hain zuzen, ihoteei ongietorria ematen die. Otsailaren 17an, ostirala, Olaztiko Gaztetxeak Mari Arrokaren kondaira kontatuko du antzerki baten bidez, plazan. Ihoteak hasiko dira Olaztin.
Ostsailaren 18an, larunbata, izanen da Olaztiko ihoteetako egun handia herri ihoteen ospakizunarekin. 1992. urtean berreskuratu zituzten ihoteak. Kintanak adineko jendearekin hitz egiten herriko ospakizun zaharren berri izan zuen, haien artean ihoteak, eta berreskuratzea erabaki zuten. Garai bateko eta gaur egungo ihoteak alderatuz "asko aldatu" badira ere, ihote segizioa osatzen duten pertsonaiak antzekoak dira: Zamar handia, zamar txikia eta neskak. Haiekin batera alkatea, apaiza, medikua, almiltea eta basozaina joaten dira. Izan ere, ihoteetan puska biltzara joaten zirenean gehienbat zerealak eskatzen zituztela esan du Kintanak eta jasotakoa udaletxera eramaten zuten eta udalak saldu egiten zuen.
Zamar handiak "ikaragarrienak" zirela azaldu du Kintanak. Gurdi bat eramaten zuten eta bertan lurra eta "auskalo zer" eramaten zuten jendeari botatzeko. "Dena" estalita zeramaten; buruan ipurukoa, bi narru eta, beheko aldean, gona bat. Gonaren azpian "deus ez" eta emakume bat ikusten zutenean gona altxatzen zuten. "Gaur egun zibilizatuagoak gara eta pentsatu nahi dut zer edo zer eramaten dutela mutil zamar handiek". Zamar txikiek haurren atzetik korrika egiten zuten. Aurpegia beltza eta estalita eramaten zuten eta jendea zikintzen saiatzen ziren. Narru bakar bat daramatzate sorbaldan eta behean maoizko prakak.
Garai bateko ihoteetan "noizean behin" neskaren bat ateratzen zela kontatu du Kintanak, "beti anaiaren ondoan". Neskek ohegaineko bat eramaten zuten eta luzeegia zenez tolesten zuten bi kapa sortuz. Elizak batez ere emakumearengan "izugarrizko" zapalkuntza izan duenez, neska hauek elizara argizariak eramateko sakratutako saskiak eramaten zituzten, baina elizaz "barre egiteko" koloretako zintak jartzen zizkieten eta buruan jartzen zuten. Beraz, neskek buruan saski bat koloretako zintekin, aurpegia estalita, eta ohegaineko bat daramatzate.
Zamar handi, zamar txiki, neskak eta alkatea, apaiza, medikua, almiltea eta basozaina Olaztiko ihoteetako pertsonaiekin batera Zamorako San Vicente de la Cabezako maskaradako El Atenazador eta La Filandora pertsonaiek osatuko dute segizioa. "Esaten dute oso beldurgarriak direla". Atenazadoreak tenaza handi batzuk eramaten ditu, "X bat egiten dutenak eta horrekin harrapatzen zaitu". Filandorak hautsak batotzen ditu. Uda garaian ospatzen dituzte maskaradak.
Aurten ibilbide berria diseinatu dute eta frontoian bazkaldu eta jantzi ondoren futbito pistatik aterako dira eta elizaraino joanen dira. Garai batean behiak ura edatera gelditzen ziren plazan gazta eta ardoa banatuko dute eta, ondoren, ibilbideak San Sebastian ermitaraino jarraituko du. Han Mari Arroka aterako da eta su bat egingo da. San Migel plazara iritsi aurretik salda banatuko dute. Plazan kintoek zortzikoa dantzatuko dute.
Ihoteen Elkarteak herri ihotea sustatzeko asmoz balkoiak apaintzeko lehiaketa jarri du martxan eta parte hartzaileek otsailaren 16tik 25era apainduta mantendu beharko dituzte, haiek balioztatu, kalifikatu eta kaleak girotzeko. Lehiaketan parte hartzeko izena ematea otsailaren 15ean gauerdian amaitzen da udaletxean edo olaztikoihoteak@gmail.com epostan. 150, 100 eta 50 euroko sariak egonen dira.
Otsailaren 21ean haurren ihoteak ospatuko dituzte Olaztin eta otsailaren 25ean, larunbata, hiri ihoteak karrozen desfile eta lehiaketarekin. Lehiaketan parte hartzkeo izen ematea futbito zelaian egin behar da eta, ondoren, desfilea hasiko da. Sari banaketa arratsaldeko dantzaldian izanen da.
Olaztiko ihoteetako egitaraua
Otsailak 17 ostirala
Mari Arroka
- 19:30 Mari Arrokaren ongi etorria, gaztetxeak antolatuta.
- 21:00 Pintxo pote autogestionatua, gaztetxean.
Otsailak 18 larunbata
Herri ihoteak
- 13:00 Bermuta musikaz alaituta.
- 14:30 Herri bazkaria, frontoian. Txotx izanen da.
- 18:30 Ihoteetako segizioaren hasiera, futbito pistatik.
Zamorako San Vicente de la Cabezako inauterietako Atenazador eta Filandorra pertsonaiekin. - 20:30 Kintoek Olaztiko zortzikoa dantzatuko dute, La Cigarra txarangarekin, plazan.
- 23:00 Nonbait erromeria taldearen kontzertua, gaztetxean.
- 23:00 DJ Nead: comercial, dance hits, perreo, urban, Barandi tabernan.
Otsailak 21 asteartea
Haur ihoteak
- 17:00-18:30 Merendola eta Dantzatzeko prest festa, ludotekan. Sarrera librea.
Otsailak 25 larunbata
Hiri ihoteak
- 12:00 Mozorro lehiaketarako izena ematea, futbito pistan.
- Ondoren, karrozen irteera.
- 17:00-19:30 Los Pasai txarangarekin kalejira.
- 19:00-23:00 DJ Raiztirekin musika.
- 20:00 Mozorroen lehiaketako sari banaketa.
- 22:00-08:00 Tekno gaua, gaztetxean.