“Sakandarrek esfortzu bat egin izan dute eta ahaleginak merezi izan du”. Hitz horiekin eskertu zituen atzo Mank-eko presidente Aitor Karasatorre Muguruza. Bi datu eman zituen esker oneko hitz horiek arrazoitzeko: abenduan gaikako bilketan %83,4koa izan zela atez atekoan eta 4.109 familia ari direla konposta egiten. Karasatorrek Mank-eko gerente Adolfo Araizekin batera joan den urteko hondakin bilketaren datuen berri eman zuten prentsaurrekoan.
Zabor bilketa hobetzea izan da Mank-ek egin dituen aldaketen helburu eta lortzen ari direla nabarmendu du presidenteak. Hala, gaikako bilketa aurreko urteetan %25aren bueltan zegoen. Lau edukiontzien sistemarekin segitzen duten Irurtzunen (2.279 biztanle) eta Altsasun (7.655 biztanle) kopurua antzeko mantentzen da. Herri txikietan (2.049 biztanle) jarri den bilketa sistema mistoarekin hondakinen gaikako bilketa % 57,9 izan zen abenduan eta %83,4ra iritsi zen azken hilabetean atez atekoa dagoen zortzi herrietan (8.793 biztanle).
Pozteko arrazoiak
Jarritako helburuak bete direlako pozik dira Mank-en. Atez ateko sistema garilean jarri zen martxan zortzi herrietan eta irailetik gaikako bilketa %80tik gorakoa da. Joan den urteko azken sei hilabeteetako ibar guztiko gaikako bilketa datuak kontuan hartuta %48,40 da. Egungo legediak jarritakoaren %50etik gertu. Eta Irurtzun eta Altsasun ohiko sistemarekin jarraitzen dutenez, Mank-ek datu hori hobetzeko margena ikusten du.
Eta gainera, Sakana osoan gai organikoekin konposta egiten duten familiak 4.109 dira. Araizek azaldu zuenez, “alde izugarria dago materia organikoa bereiztearekin eta ez bereiztearekin”. Horrek errefusa gutxiago sortzea eta Tuterako hondakindegira hondakin gutxiago eramatea ekarri duelako, ia 1.500 tona gutxiago (%22,62ko jaitsiera).
Araizek azaldu zuenez, “Nafarroako beste mankomunitate batzuetan gaikako bilketa datuak behera egin duten bitartean Sakanan, berriz, gora egin du”. Beiraren edukiontzian 29 tona gehiago bildu dituzte, papera eta kartoian 13 tona gehiago, pisu arineko ontzietan 68 tona gehiago (batez ere atez ateko herrietan) eta 43 tona gehiago arropa (79 guztira). Hala ere, sistema berriak urtea betetzen duenean benetako balorazio eginen dutela adierazi zuen presidenteak.
Herritarrengandik babes handia jaso dute eta ahalegin handia egin dutela ere nabarmendu dute. Orokorrean atez ateko sistema ongi hartu dela esan zuten Mank-eko ordezkariek. Zenbait herritan batzordeak sortu direla eta Mank-i hobetzeko proposamenak egin dizkietela jakinarazi dute. Dena dela, badira bilketa ereduarekiko zalantzak dituztenak eta boikotatzaileak ere. Olatzagutian jarraipen berezia egiten ari direla aitortu zuten: “badaude pertsona konkretu batzuk sistema kaltetzen ibili direnak. Askok oso ongi egiten dute, gutxi batzuk bazterrak nahasten ari dira”.