Hondakin bilketako erronka berriak

Guaixe 2014ko ots. 6a, 19:40

Irurtzunek eta Altsasuk oraindik ez dute zabor bilketa berririk ezarrita, eta horien herrietan bereizketa bere horretan mantendu da. Datozen hilabeteetan herri horietan aldaketak ezartzea da Sakanako Mankomunitatearen erronketako bat, atzo bere buruek azaldu zutenez. Bi udalekin hizketan ari da Mank, “hondakin organikoari nola heldu aztertzeko behintzat” esan zuen Araizek.

Baina, aurrera begira ere, hiru egitasmo dituzte eskuartean. Lehena, konpost planta eraikitzea litzateke. Bigarrena, enplegu tailerraren bitartez 16 lagun birziklatzean prestatu eta trebatu nahi ditu Mank-ek, gero lanpostuak sortzeko. Horretarako laguntza eskaera luzatu dio Nafarroako Gobernuari.

Azkenik, Frantziako, Belgikako, Espainiako, Eslovakiako eta Txipreko erakundeekin batera hondakin organikoen balioztatzearen inguruko proiektu bateko kide da ibarreko erakundea. Eskualde bakoitzean hondakin organikoei ematen ari zaien konponbidea aztertzen ari dira eta boluntario sare baten bidez maisu konpostatzaileak heztea litzateke helburua. Erakunde publikoak, pribatuak eta unibertsitateak daude proiektuan. Europako Enplegu, Gizarte Gaiak eta Inklusio Batzordetik zuzentzen da proiektua. 1,2 milioi euroko aurrekontua du proiektuak. Haietatik 180.000 Sakanakoak.