Nafarroako Gobernuak berriki jakinarazi zuen 25.000 euro bideratuko zituela 1936ko estatu kolpearen ondoren hildakoen gorpuak hobietatik ateratzeko. 2015erako deialdia da Nafarroako Gobernuak egin duena. Beraz, gobernuak Urbasako saroian hildakoak lezetik ateratzea eta haien DNAren bidezko indentifikazioa ez du diruz lagunduko, lezetik 2013an atera zituztelako. Horregatik, kexu azaldu dira eraildakoen senideak.
Urbasako saroiko lezetik 10 gizonen hezurdurak atera zituzten. Haien DNA bidezko identifikazioak 10.500 euroko kostua izan zuen. Faktura hori ordaintzeko Artola, Garcia Albisu eta Urkizuren senideen artean 1.500 euro jarri dituzte. Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olatzagutiko udalek 1.500 eurona ekarpena egin dute eta Eulate, Aranaratxe, Larraona eta Behe Ameskoak 1.125 eurona.
Topaketa
Altsasuko jatetxe batean saroiko lezean eraildakoen bost familia elkartu ziren maiatzaren lehenean. Clemente Araña, Narciso Artola, Paulo Garziandia, Balbino Garcia de Albizu eta Antonio Maizaren ondorengoak elkartu ziren. Andres Gonzalezen senideak ezin izan zuten hitzorduan izan. Bai, ordea, ustez Otsoportillon hildako Victor Urkijoren ondorengoak. Balbino Garcia de Albizuk eta Amaia Urkijok ikerketaren berri luze eta zabal eman zieten. Bileran familia horien euren senideen hezurdurak Urbasako saroiko lezean uzteko nahia berretsi zen.