Alkateak goi tentsioko linearen kontra azaldu dira

Guaixe 2015ko uzt. 9a, 09:41

Altsasun egindako batzarrean Deikaztelu eta Itsaso arteko linearen egitasmoa sektore elektrikoaren garraio sareen estatuko planifikaziotik kentzeko eskatu dute.

“Gure herrietako etorkizunarekin dugun konpromisotik eta bizimodu duina izateko eskubidetik”, Deikaztelu eta Itsaso arteko proiektuak kaltetzen dituen herrietako alkateek, proiektuari euren oposizioa berretsi diote. Aldi berean, Nafarroako eta Euskal Autonomi Erkidegoko gobernuei eskatu diete Industria, Energia eta Turismoko Ministeriora zuzentzeko eta eska diezaiotela 2015-2020 Sektore Elektrikoko, Garraio Sarearen Planifikaziotik, Itsaso -Deikaztelu arteko goi tentsioko linea egitasmoa kentzeko.

Duela bi urte  argindar linearen kontra 174 herritako alkateek, 220 udal eta kontzejutan onartutako mozioaren sentipena jaso zuen larunbateko adierazpenak. Orduan proiektuaren tramitazioa gelditzea eskatu zioten Energia Ministerioari, baina ez zuen halakorik egin, eta egitasmoa informazio publikoan jarri zuen. Horri erantzunez erantzunik jaso ez duten 14.000 alegazio aurkeztu zituzten egitasmoak ukitutako udalerrietako herritarrek.  

Egitasmoaz
2015-2020 Garraio Sarearen Planifikazioa jasotzen duen dokumentuaren arabera Sakanan barna Orkoien eta Itsaso lotzen dituzten 220 kVeko bi lineak berrindartu eginen lirateke, “Nafarroa eta Gipuzkoarako aurreikusitako beharrak estaltzeko”. Eta Deikaztelu eta Itsaso arteko 400 kVeko linea berria eginen litzateke “Frantziara esportatzeko”.

Alkateen batzarrak argi du linea proiektu berria “ez dela igarotzen den herriek dauzkaten beharrak hornitzeko, baizik eta estatu espainiarraren eta frantziarraren arteko lotura handitzeko eta hau informazio publikora bidali zen dokumentua ere ez zegoen jasota”. Alkateen iritziz, “127 km-ko autopista elektrikoa, erabat bateraezina da pasatzen den eskualdeetako garapen aurreikuspenekin eta horrez gain ingurumenean, osasunean eta ehun produktiboan eragin bortitza ekarriko du”.
 
Nafarroako Gobernu berria eratzeko lau alderdien artean onartutako akordioan argindar linearen egitasmoari aipamena egiten zaio. Alkateek “akordioen terminoen” aurrean harridura azaldu zuten. Gobernu berriari eta hura sustatzen duten alderdiei Altsasun esandakoa entzuteko eta berehala gaiari heltzeko eskatu diete.

33
Alkate edo haien ordezkariak, kopuru hori izan zen larunbatean Altsasun. Sakanatik : Arakil, Arbizu, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Uharte Arakil, Bakaiku, Lakuntza, Arruazu, Irañeta eta Urdiain (festetan zeudenez, ez zen agertu).