Azpiroz: Eremu publikoan laguntza txakurren erabiltzaileek arazorik ez izatea nahi dugu

Guaixe 2015ko urr. 23a, 11:35

Bocalan Biak Bat elkarteak eremu publikoan laguntza txakurrak dituzten eskubideen inguruko sentikortze kanpaina abiatu du

Altsasun egoitza duen Bocalan Biak Bat elkarteak sustatu zuen Nafarroako Laguntza Txakurren legea, Nafarroako Parlamentuak ilbeltzaren 27an onartu zuena. Josune Azpirozek gogorarazi digunez, “aurrerapauso handia izan zen. Ordura arte itsuen laguntza txakurrak besterik ez zuen espazio publikoetan sartzeko eskubidea. Legeak horrek eskubidea orokortu eta aukera berdintasuna bermatzen die behar bereziak dituzten beste pertsonei. Adibidez, gurpildun aulkian dauden pertsonak laguntzen dituzten txakurrak”.

Espazio publiko edo erabilera publikoa duten espazioa sartzeko eskubidea dute laguntza txakurrak legea onartu zenetik, esaterako: liburutegi, taberna, jatetxe, hotel, osasun etxe, eskola… “Gu edonon sartu gaitezkeen lekuetara sartu daitezke laguntza txakurrak. Haien beharra dutenei laguntza tekniko bat ematen dietelako. Pertsonen gaitasun baten luzapena da txakurra. Inori ez zaio buruan sartzen gurpildun aulkian dagoen bati hura kanpoan uzteko”. Animaliek bai etxean bai espazio publikoan pertsonei autonomia bermatzen dietela nabarmendu du Azpirozek.

Sentsibilizazioa
Legea onartu ondoren bere araudia garatzea falta da. Baita herritarrek eta zerbitzuetako arduradunek horren berri izatea ere. Horregatik, Bocalan Biak Bat elkarteak Ezagutu nazazu, laguntza txakurra naiz sentikortze programa martxan jarri du. Azpirozek jakinarazi digunez Sakanan, Altsasun, eta Iruñerrian lan eginen dute. Hiru esparruei eraginen die programak. Ikastetxeak, “komunitateak jakin behar du eta haurrek, poliki –poliki, laguntza txakurrak eta haien eskubideak normaltasunez hartu behar dute”.

Administrazio publikoekin batera, ostalaritzako eragileekin ere lan eginen dute sentsibilizazio kanpainan. Elkarteko kideen azken helburua gizarte guztiari laguntza txakurren eskubideen berri ematea da. Hitzaldi, tailer eta hainbat ekintzaren bidez emanen dute horren berri. “Txakur batekin joan ahal zaizkiela jakin behar dute eta batzuk eta besteek zein eskubide dituzten ere. Horrekin batera, benetako laguntza txakurra dela jakiteko zer eskatu dezaketen azaltzen da”.

Asteartean Altsasuko osasun etxean izan ziren elkarteko kideak. Legea azaldu eta haien lanean izan dezakeen eragina azaldu zieten. Azpirozek esan digunez, zentroko profesionalek “legea ez zuten ezagutzen eta zituzten dudak argitu zituzten. Halako egoera baten aurrean zer egin behar duzun dakizunean tolerantzia eta errespetu jarrera izatea errazagoa da”. Orain Altsasuko Udalarekin ari da lanean elkartea, udalaren zerbitzuetako profesionalei legearen berri emateko.