Haize Berriak Bandako kideek esker ona azaldu diete Enrike Zelaiaren omenez antolatu zuen kontzertua posible egin zuten guztiei. Bereziki mezenazgo legearen bidez, Mecnaren bidez, diru ekarpena egin zuten guztiei. Horrela, 4.000 euro jaso zituen bandak. Kontzertua Zatoz agur izenburuko DVDan jaso da eta hura posible egin dutenei ere esker ona azaldu die bandak.
Joan den urteko maiatzaren 2an, Enrike Zelaia akordeoilaria omentzeko asmoz Haize Berriak bandak kontzertua antolatu zuen. Emanaldiaren ardatza akordeoia izan zen eta bandak propio Fran Idareta, Javier Ramos, Gorka Hermosa, Joxan Goikoetxea, Javier Lopez Jaso eta Iñaki Dieguez goi mailako akordeoilariak gonbidatu zituen. Baita Garikoitz Mendizabal txistulari handia ere. Kontzertuan Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko musika eskoletako haur abesbatzek eta abesbatzek parte hartu zuten. Guztiak Luis Orduñaren zuzendaritzapean.
Ilbeltzaren azken asteaz geroztik dago Zatoz agur DVD salgai. Izen bereko film laburra, akordeoilarien hitzak eta jo ziren bost piezak ikusteko eta entzuteko aukera dago: Variaciones Agur Jaunak, Irribarrea, Sustraia, Lingua Navarrorum eta Enrike Zelaiaren Xuberoa, Rapsodia Vasca obraren moldaketa.