Komunalak garapen motor gisa aztertuta

Guaixe 2017ko eka. 30a, 14:48

NUPek herri-lurrei buruz antolatutako uda-ikastaroan 45 bat pertsonak parte hartu dute. Mexiko eta estatuko unibertsitateetako ordezkariekin batera, administrazioetakoak eta herritarrak izan dira, "elkarrizketa maila oneko" saioetan.

Unibertsitateetako, administrazioetako eta herrietako 45 bat pertsona elkartu dira bi egunez Lakuntzan herri lurrei, komunalei buruz hitz egiteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatutako Herri-lur eta herri-basoen itzulera. Historia eta esperientzia naturaren maneiuan uda ikastaroan izan da. "Parte-hartzaileen aniztasuna aberasgarria" izan dela esan digu ikastaroaren zuzendaritzan aritu den Jose Migel Lana Berasain, NUPko Ekonomia Departamentuko Historia eta Ekonomia Erakundeak arloko irakasle titularra.

Elinor Ostromek 2009an Ekonomiaren Nobel Saria jaso zuen eta merkatuaren bidezko jabetza pribatuaren eta estatuaren jabetzaren artean komunalak "hirugarren bide" gisa ikusi zituen. Komunitate "barrutik" eta herritik, "behetik" egin daitekeenaren eredu Lana irakasleak azaldu digunez. "Haren itzultzaile Leticia Merino Perez mexikarrak gustu handiz ikusi du Europan baloratzen dela eta etorkizuna duela. Izan ere, herri-lurrek kanpoan interesa pizten dute", gaineratu du irakasleak, "tradizioa eta baliabideen banaketa zuzen eta parte-hartzailea  eskaintzen duen formula delako".

Atzerriko esperientziak
Horren adibide gisa jarri digu joan den mendeko 80-90eko hamarkadetatik nazioarteko agentzietan emandako jarrera aldaketa. "Ordura arte herrialdeetan baliabideak inbertitzen zituzten baina ez zen emaitzik izaten. Aldaketa egin eta jendea entzun, informazioa, trebakuntza eman eta haiek kudeatzera pasa ziren". Cordobako Mª del Mar Serranok Hego Amerikako hiru adibideren berri eman ditu jardunaldietan: "herritarrek beraiek parte hartzen dute euren garapenean. Emaitza handiak ditu, herritarrei konfiantza ematen dielako. Konponbidea ez datorrelako goitik".

Lana irakasleak hain zuzen ere konfiantzaren ideia "gakoa" dela azpimarratu du. "Norberarengan konfiantza eta elkarrekin. Elkartasun sareak izanik kooperazioa handitu egiten da". Berak herri lurrak tresna gisa ikusten ditu, "tradizioa mantendu eta eskualdeko jendearen eta ekologiaren garapena lortzeko proiektuak eraikiz". Aralarko Elkarteak mendiko lurraren jabetza osoa berreskuratuz eta Guardetxeko proiektua litzateke horren adibide.

Elkarlana
NUPeko irakasleak jakinarazi digu uda ikastaroaren ernamuina joan den urteko garagarrileko aurreneko asteburuan Altsasun izan zen Komunala XXI. mendean jardunaldian sortu zela. Lana bera han izan zen eta Sakanako Garapen Agentziako kideen bidez Aralarko Elkartearen asmoen berri jaso zuen. Herri-lurrak diren "garapen motor" horien inguruko uda ikastaroa egiteko aukera atera eta batzuen nahiak eta besteen gogoak bat egin zuten.

Lana irakasleak, hala ere, egoki ikusiko luke "komunaletan inplikatutakoen hitz egiteko foro bat aldian behin elkartzea; esperientzia partekatu, egoera berean daudenen arteko sareak sortzeko eta Nafarroa, estatua edo Europaren aurrean, goiko botereen aurrean, hizketakide bihurtzeko". Puntu eta interes komunak indartsu eginen lituzkeela gaineratu du. Bera aste honetakoa "errepikatzeko prest" azaldu da.

Lotura-gune eta partekatzea
Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilari Isabel Elizaldek ikastaroaren hasieran nabarmendu zuen herrietako herri-lurrek Nafarroan duten garrantzia. "Belaunaldi askori jatekoa eta bizimodua eman" dietela gogorarazi zuen.

Elizaldek komunalen "aprobetxamenduak antolatzeko eta aprobetxamenduari muga jartzeko herritarren lotura-gune dira". Kontseilariaren iritziz lotura hori denborarekin hobetzen joan da "baliabidearen baldintzak hobetzeko neurriak hartuz".

Komunalak partekatzea herri batzuk besteekin lotzeko balio izan dutela nabarmendu zuen ere Elizaldek. Kontseilariaren esanetan, "bide horretan herriak ez ziren bakarrik egon, Nafarroako Erreinuko eta Foru Diputazioko agintarien babesa eta erabileren fiskalizazioa izan baitzuten. Nafarroako Gobernuak gauza bera egiten duela azaldu zuen, "ikuspegi desberdinetatik elkarrekin eraikitzean baidatza". Landa eremuarendako baliabide garrantzitsua dela esanez despeditu zen.