Espero baino harrera hobea izan zuen 4.0 industria eta digitalizazioari buruz ostiralean egin zen mintegiak. Sakanako Garapen Agentziak (SGA) antolatu zuen lan saioa eta zorionduak izan ziren.
Sakana 2020 Plan Estrategikoan jasoa dago enpresen teknologia eta ezagutza berrikuntza prozesuak sustatuz industria enpleguak mantentzeko eta hobetzeko helburua. Lakuntzako mintegiak kanpoan eta Sakanan gaur egun 4.0 industria eta digitalizazioaren arloan egiten ari dena ezagutzeko aukera aparta izan zen. Ibarrean garatutako teknologiarekin harritu ziren asko. SGAko Odei Arregik esan digunez, saioak enpresa sakandarrak harremanak estutzeko balio izan zuen.
Parte-hartzaile gehienak esparru horretan pausoak emandakoak baziren ere, izan ziren ere digitalizazioa beraien prozesuetan barneratzen hasteko interesa zuten enpresetako ordezkariek. Azken horiek esparru horretan aurrera egin behar zutela ideia buruan zutela atera ziren mintegitik Arregik esan digunez.
4.0 industria eta digitalizazioari buruz mintegiak "ilusioa eta interesa" piztu zituela azaldu digu SGAko industria teknikariak. Baina gaineratu duenez, jarraipena eman behar zaio. Batetik, enpresak horren inguruan sentsibilizatzen. Eta, bestetik, hain muga zabalak dituen esparruan prestakuntzan, ezagutzan, esperimentazioan, sistema berrien garapenean eta abarretan sakonduz.
Sakanako Plan Estrategikoa
Ibarreko industria enpresen lehiakortasuna hobetzea du helburu, horretarako haien arteko elkarlana eta berrikuntza sustatuz. Asmo horrekin Sakanako Garapen Agentziak eskualdeko adimendun espezializazioa garatzeko aukera-esparruak identifikatzeko lanari ekin zion joan den urtean. Hiru dira: energia, zahartze aktiboa eta birziklapena. Baina horien guztien zeharkakoa da laugarrena, digitalizazioa. Horrek bere garrantzi handia nabarmentzen du. Digitalizazioak industria ekoizpena eta salerosketaz gain bizitzako arlo guztiei eraginen diola eta agentziatik iraultza digitalerako prest egon beharko dugula gaztigatu dute.