Ikasketa-Zerbitzu programa hirugarren ikasturtea du Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutuan. Hango ikasleek ikasketen bidez trebetasun eta ezagutza teknikoak jasotzen dituzte. Baina praktikak ere egin behar dituzte. Praktika horiek komunitatearendako ona den zerbait egitean datza ikasketa-zerbitzua. Guztia ikasleak lan merkatura behar bezalako gaitasunekin sartzeko. Izan ere, “gaur egun trebetasun eta ezagutza teknikoez aparte, ekimena izatea, talde lana eta adierazteko gaitasuna kontuan hartzen diren gaitasunak” dira. Hala gaztigatu zigun Berta De Pablo irakasleak aurrekoan.
Sakana LH institutuko proiektuak Ikasketa-Zerbitzuko Espainiako Sarearen saria jaso zuen abenduan. Aurreneko ikasturtean soldadura eta galdaragintza gradu ertaineko ikasleak aritu baziren, gaur egun ikastetxeko ikasle guztiak dira programa horretan parte hartzen ari direnak: eskaladako eta mendi ertaineko gida gradu ertainekoak, industria-mekatronika goi-graduko eta Oinarrizko LHko merkataritza zerbitzukoak.
Elkarlanean
Sakanako Herri Eskolek programan parte hartzen duten bigarren ikasturtea da. Lehen hezkuntzako 5. mailako ikasleek ikastetxeetan dituzten gabeziak aztertu, LHko ikasleekin harremanetan jarri eta haien premien berri ematen diete. Jasotako informazioarekin LHkoek konponbideak proposatzen dituzte eta adostasuna lortutakoan lanean hasten dira.
Joan den urtea proposatutako lan batzuk nola dauden ikusi eta heldu den urterako lanak proposatzera joan ziren asteartean Irurtzungo, Uharte Arakilgo eta Altsasuko eskoletako ikasleak institutura. Han ikusi zuten Lakuntzarako prestatzen ari diren bizikletak aparkatzeko pieza, Altsasuko Sagrado Corazon ikastetxerako diren jolaserako balio duten zaborrontzi bereziak, Altsasuko eskolako zuhaitz itxurako lorategi bertikala, Iñigo Aritza ikastolako ikasle bat klasea mugitu ahal izateko behar duen gurpildun aulkia edo eskola guztien sarreran jarriko diren plakak. Josefina Arregi klinikan jarri zuten bizikletak aparkatzeko tresnari teilatua ere jarri nahi diote.
Ikasleak institutuan gora eta behera ibili ziren LHko ikasleak eta irakasleak lagun zituztela. 3 dimentsiotako inprimagailuak, soldagailuak eta beste martxan ikusi zituzten. Haietatik sortuko dira eskoletako premiak beteko dituzten tresnak. Baina mendi ertaineko gida ikasleekin ginkana batean ere parte hartuko dute martxoan.
Hurrengo bisitan Lakuntzako, Etxarri Aranazko, Iturmendiko, Urdiaingo eta Olatzagutiko eskoletako ikasleak joanen dira. Haiek ere euren ikastetxeetarako ideiak landuko dituzte.