Historiaren txarrantxa-haria

Guaixe 2018ko eka. 22a, 14:46

Hala definitu zuen Josu Chuecak Europaren XX. eta XXI. mendeetako historiaren haria eta errepublikako errefuxiatuek eta Asia eta Afrikako errefuxiatu eta migratzaileek jasotzen duten tratua bera dela nabarmendu zuen.

Gurseko kontzentrazio eremuan izandako 28 sakandarrei eta haien familiei aitortza egiteko ekitaldian izan zen ostiralean Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta historialari Josu Chueca. Azaldu zuenez, 1939ko ilbeltzean eta otsailean Europako erbesteratze handiena izan zen, Kataluniatik Frantziara. Gerra galdu zuten haiek hondartzetan txarrantxaz inguratutako eremuetan hartu zituzten hasieran, “gaur egungo Europan bezala”. Eta orduan eta orain antzeko bizi baldintza makurrak zituztela nabarmendu zuen.

Chuecak azaldu zuen Argelesko hondartzan euskaldunak antolatu eta Gernika-Berri eremua sortu zutela, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuena. Tokiko agintarien eskarik errefuxiatu haiek Frantzian barnako eremuetan barreiatzeko asmoa gauzatu zen. Baina nahi bezala, euskaldunek ezin izan zuten Iparraldera etorri, Jean Ybarnegaray diputatuak eta prentsa eskuindarrak egindako kanpainari esker. Zuberoako mugatik gertu zegoen, hala ere, Gurs. Eta hara sartzen lehenak euskaldunak izan ziren, bere espazio propioa hartuz. Eremuko beste hirurak espainiarrek, hegazkinlariek eta nazioarteko brigadetako kideek osatzen zuten.

Eremuaren zaintzaz frantsesak arduratu ziren, baina barne antolakuntzaz errefuxiatuak eta eremuko lehen burua Martin Soler Zangitu izan zen. Eremu hartatik jendea lanera atera zen Frantzia naziekin gerran sartu zenean lan eskua behar izan zelako. Beste batzuk Espainiara bueltatu edo erbestera joatea erabaki zuten. Naziek Frantzia hartu zutenerako erdi hutsik zegoen, baina azkar beteko zuten, atzera ere. 1942tik aurrera, handik 4.000 pertsona bidali zituzten hilketa eremuetara. Gursen 1.100 pertsona hil ziren 1940ko eta 1941eko neguetan, adineko jendea gehiena.

Erlazionatuak

Gurseko kontzentrazio eremua gogoan

Alfredo Alvaro Igoa 2018 eka 15 Sakana