Imanol Irurtzun: "Epaileak kirolariak gara, gu gabe ez dago kirolik"

Maider Betelu Ganboa 2018ko abe. 14a, 09:55

Gaur, bere jaioterrian, Ihabarren, Sakanako kirolari onenen aipamen berezia jasoko du 30 urteko Imanol Irurtzun Artola arbitroak. 3. mailan epaitzen du eta 2. B mailara igotzeko azterketak egingo ditu berriz. Onartu duenez, arbitrajea uztea ez zaiola burutik pasa ere egiten.

1.Nola sortu zitzaizun arbitro izateko gogoa?
Bat-bateko kontua izan zen. 2012ko urrian hasi nintzen epaile. Inoiz burutik pasa ez zitzaidan gauza bat afizioan bilakatu zen eta egun denbora asko eskaintzen diodan kontu batean.
Futbolean aritzen nintzen, baina lesioa izan nuen, pubalgia. Interneten  iragarki bat ikusi nuen, Nafarroako Futbol Federaziotik edo Nafarroako Epaileen Elkargotik, epaileak behar zirela zihoena, eta futbolean aritu ezin nintzenez, futbolari lotuta jarraitzeko bertara deitu egin nuen. Orduan 24 urte nituen. Normalean 12-13-14 urterekin hasten dira arbitroak epaitzen. Ni berandu hasi nintzen.

2.Arbitro izateko formazioren bat jaso zenuen?
Bai, lehenengo bizpahiru asteko formazioa jaso genuen. Gero azterketak egin, eta gaindituz gero hasi zaitezke epaitzen. Hasieran infantiletan, jubeniletan eta halako mailatan aritzen zara, kategoria baxuetan. Hortik aurrera, azterketak eta probak gainditzen badituzu eta emaitzak onak badira mailaz igotzeko aukera egoten da urtez urte. Lehenengo hiru urteetan urtez urte mailaz igo nuen. Lehen urtea jubeniletan aritu nintzen, bigarrenean erregionalean, hirugarrenean preferente mailan eta laugarrenean 3. mailan. Beraz, lau urtetan 3. mailara igo nintzen.

3. 2.B mailara igotzeko azterketa gogorragoak egin behar izan zenituen Madrilen, ez?
Bai, behe mailako kategorietan Nafarroan egiten dira azterketak, 3. mailara bitartekoak, maila territorialean. Baina 2. B mailan arbitro aritzeko gainditu beharreko azterketak Estatuko Futbol Federazioan egiten dira, Madrilen, Estatuko beste arbitroekin batera egin behar dira. 300 hautagaietatik gora ginen eta otsailean eta maiatzean egindako bi azterketak kontuan hartuta nota altuena lortu nuen eta 2. B mailara igotzea lortu nuen. Baina lehengo urtean jaitsi ninduten eta berriro 3. mailako entrenatzailea naiz. Taldeekin gertatzen den bezala, urtero arbitro igoerak eta jaitsierak daude. Norbaitek erabakiak hartu behar ditu eta iaz mailaz jaitsi ninduten.

4. Eta igotzen saiatuko zara?
Bai. 2. B mailara igotzeko 30 urte arte dago aukera. 30 urteak urrian bete nituenez, aurten azken urtea dut igoera lortzeko. Zerotik hasten gara, baina orduan ikasi nuen guztiari esker oinarri bat badut. Dena den, aurten aldaketak egon dira; igoera lortzea erraztu dute, konturatu direlako eskatzen zutena gehiegizkoa zela. 8-10 hilabeteko oposizio txiki bat zen, gehiegizkoa, eta aurten ia erdira jaitsi dituzte. Azterketa bakarra izango da, maiatzean.
Lehen mailara igotzea? Inoiz ez dizkiozu zure buruari mugak jarri behar. Berriro 2.B mailara bueltatzea da helburua eta hortik aurrera ikusiko genuke. Lehen mailara igotzeko, 2.Btik 2. mailara igo beharko nintzateke eta hortik lehenengora. Eta hor ez dago azterketarik. Informatzaileak partidetara doaz, zure partidak ebaluatzera eta nota jartzera, eta nota horiekin igo edo jaitsi egiten gara.

5. Oso zaila izan behar da arbitroa izatea, duzuen presioarengatik. Nola bizi duzu zuk?
Egia esan, ez dut epailea izatearen alde txar hori askotan bizi. Baina egia da ez gaudela ongi ikusiak, ez dela gure lana baloratzen eta kanpotik gure lana errazagoa dirudi benetan dena baino. Guk hartzen ditugun erabakiak, momentu konkretu batean, ikuspuntu konkretu batetik, eta tentsio maila eta momentu kritiko batzuen ondorioz, ematen ditugunak dira, eta horrek guztiak egiten du erabaki bat hartu behar izatea ez dela batere erraza.

6. Batzuetan sekulako astakeriak entzuten dira zelaian... zein izan da entzun duzun irainik gogorrena?
Ez naiz eszepzio bat, nik ere entzuten ditut, gainontzeko guztiak bezala, baina ez dut modu pertsonalean hartzen. Azkenean ez doa gure kontra, epailearen figuraren kontra baizik. Zure aurka ez dute ezer, epailearen figuraren kontra baizik. Orohar betiko irainak izaten dira, jendea ez da batere originala, eta tentsio guneetan betiko gauza berak esaten ditugu. Duela lau urte, isilune momentu batean harmailetatik entzun zen: “arbitro abedul!”. Ez dut ahazten. Berarekin joan nintzen epaileak beti gogoratzen dit. Normalean gauza okerrak entzuten ditugu, baina noizbehinka lan ona egin dugula esatera etortzen zaizkigu jokalariak, eta hori eskertzen da.

7. Arbitro on bat izateko zein dohain dira beharrezkoak?
Norberaren izaerak garrantzia handia dauka. Pertsonalitate sendorik ez baduzu, zure buruarengan konfiantzarik ez baduzu... ez dut erraza ikusten norbaitek epaile bezala bide handia egin dezakeenik. Zure erabakiak ziurtasun handiz hartu behar dituzu, sarritan ez dira oso gustukoak eta zu firme mantendu behar zara, zure izaerak lagundu behar du hori guztia sinesgarria izan dadin.

8.Zure aisialdia arbitro izateari eskaintzeak merezi dizu?
Irakasle ikasketak ditut eta egun Correosen postari nabil. 6-7 urte daramatzat ia astebururo partidak epaitzen, ea nahiz eta batzuetan pereza eman, gustura joaten gara. Kirola egitea gustuko dut, lagun eta ezagunekin egiten ditugu bidaiak, ohitzen zara astebururo partidatxo bat izatea eta liga ez dagoenean faltan botatzen da. Nafarroan epaile gutxi dago. Nik astebururo partida bat epaitzen dut, baina badaude astebururo bizpahiru partida epaitu behar dituztenak. Orain arte ez zait haur edo gaztetxorik etorri mundu honetan sartu nahi duela esatera, baina zergatik ez? Kirola egin, diru pixka bat irabazi eta ongi pasatzeko eta lagunak egiteko aukera bezala nik mundu guztia animatuko nuke; futbolaren beste alde hori ezagutzeko aukera polita da. Nik ez nuen ezagutzen, hasi nintzenean, pixkanaka gustua hartu eta egun ez zait burutik pasatzen uztea.

9. Zein futbol taldekoa zara? Eta nor da zuretzat, arbitrorik onena?
Osasunakoa, eta ez dut arazorik hori esateko nafarra izanda ezingo nukeelako inoiz Osasuna epaitu. Kategoria txikietan Nafarroako taldeak epaitu daitezke, baina nagusian ez. Sakanako taldeak ere epaitu izan ditut. Jubeniletan talde guztiak eta gero… Lakuntzako Lagun Artea epaitu nuen, baina, Etxarri ez. Eta ongi, inolako arazorik gabe.
Bestalde, Alberto Undiano epaile iruindarra oso gustuko dut. Oso lasaia da, ez du keinu txarrik, partidak ongi eraman izan ditu eta uste dut estatu mailan egon den arbitrorik onena izan dela. Berarekin erlazioa ona da eta beti gustatu izan zait. Partida garrantzitsuenak arbitratzen dituzten arbitroak dira uneko epailerik onenak.

10.Zer deritzozu epaitzeko VAR sistemaz? Beharrezkoa da?
Beharrezkoa zen sistema hau, eta futbolaren eta epaileen onurarako izan da. VAR-a erabiliko da akats nabarmen horiek ez gertatzeko, mundu guztiak ikusten zituen akatsak, epaileak ikusten ez zituenak, horiei izena emateko. Uste dut jendeak harrera ona egin diola, nahiz eta beti egongo dira momentuak esango dela: zergatik jokaldi honetan ez dute VAR-a erabili? Baina VAR-ak baditu erabili daitezkeen momentu batzuk eta horiei egin behar zaie kasu.

11.Gaur, Ihabarren, zure herrian, Mank-ek Sakanako kirolari onenen sariak emango ditu. Aipamen berezia egingo dizute zure ibilbideagatik. Nola hartu zenuen berria?
Amaia Gerrikagoitiak deitu ninduen eta ez nuen espero. Harrituta geratu nintzen. Horrelako aipamenak jasotzea beti da pozgarria. Eta herrian bada, hobe. Guk kirolari bezala ikusten dugu gure burua, epailerik gabe ez dagoelako kirolarik.