113 milioi euroren kontura Nafarroako Gobernuaren eta Espainiakoaren artean tirabirak izan ziren udazkenean. Foru kontuak superabit hori zuen eta hori inbertsioetara bideratu nahi zuen foru administrazioak. Azkenik, abendu erdialdean Nafarroako Parlamentuak kopuru horretatik 35, 5 milioi euro Tokiko Inbertsio Planera eta Banda Zabalaren Plan Zuzentzailera bideratzea erabaki zuen. Haietan Arakilen eginen diren dozena bat herri-lan jaso dira.
Parlamentuak legea onartu zain, Arakilgo Udalak tramiteak aurreratu zituen eta legea onartu bezain laster hiru herrietako lau lan emateko deialdia egin zuen. Udalak lanak emanak ditu, baina Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuaren ebazpen baten zain dago. Gobernuak ekarpen ekonomikoa eginen duela idatziz konpromisoa hartu ondoren soilik sinatuko du Arakilgo Udalak lanen enpresa hartzaileekin. Lanen deialdian baldintza hori jasoa zegoen eta enpresek onartu dute. Hori bai, segituan aipatuko diren lan guztiak aurten despeditu beharko dira.
Aizkorbe
Arakilgo Udalak Aizkorben eginen diren bi lanak eman berri ditu. Alde batetik, San Andres kaleko ur hornidura, saneamendu, euri-uren sareak eta zoruaz berritzeaz Construcciones Valeriano Santesteban SL enpresa arduratuko da. Horren truke 177.691,7 euro jasoko ditu. Aldi berean, Arakilgo Udalak Aizkorbeko argiteria publikoa berritzeko lanak eman ditu Aldakin enpresak 14 LED argi jarriko ditu, 5 errepide ondoko etxeetan eta 9 herrian. Horrekin batera, haien aginte-koadroa legedira egokitzeko eraldatu eginen da. Argiteriako kableak lurpean sartuko dituzte eta horregatik berriak izanen dira. Eta farolen oinarriak ere. Guztia 23.422,68 euroren truke.
Izurdiaga
Izurdiagako tren-geltoki inguruko kaleko ur-horniduraren eta ur-beltzen sareak berritu eta euri-urak jasotzeko sarea egin eta, horrekin batera, kaleko zorua berritzea. Lan horiek guztiak eginen ditu Eregi Herrilan eta Zerbitzuak SL enpresak. Lan horiek egiteagatik enpresak Arakilgo Udalaren 47.568,83 euro jasoko ditu.
Hiriberri Arakil
Urdalurko uharkako ura Sakanan barna zabaltzen duen saretik Hiriberri Arakilera bitarteko ur-sarea ez dago egoera onean. Ihes ugari izaten dira. Urtero 47.116 metro kubo galtzen dira. Dirutan, 7.345,38 euro. Galera hori saihesteko Arakilgo Udalak erabaki du hoditeria hori berritzea eta lanak Lakita SA enpresak eginen ditu. Horien truke 59.715,93 euro jasoko ditu.
Argiteria
Nafarroako Gobernuak argindar kontsumoa murriztu eta energia eraginkortasuna hobetzeko asmoz, argiteria publikoa hobetu eta egungoa LEDekin ordezkatzeko diru-laguntza eman du Aizkorberako. Baita Errotz (17.780 euroko inbertsioa, gobernuaren ekarpena 10.668 eurokoa), Etxarren (23.811,20; 14.286,72), Satrustegi (11.670,40; 7.002,24) eta Izurdiagarako (11.401,60; 6.840,96). Azken herri horren kasuan Arakilgo Udalak eta Izurdiagako Kontzejuak lana koordinatu eginen dute. Izan ere, Izurdiagako tren-geltoki auzotik Irurtzungo mugara arte doan espaloia egin nahi du udalak, oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Izurdiagarrak Irurtzunera oinez joaten direlako, esaterako, astearteetan, azoka egunetan. Udalak espaloia egiten duenean, kontzejuak eskatutako tokietan farola berriendako oinarriak eta erregistro kutxak eginen ditu.