Konponketak, harremanak eta kafea

Guaixe 2019ko urt. 21a, 09:38
Kafe Konpondu saioko batean konponketan buru belarri.

Etxean hautsitako objektuei bigarren bizitza bat emateko eta hondakin gehiago ez sortzeko Kafe Konponduren hiru saio eginen dira aste honetan, dohainik, eta sakandar guztiei irekiak.

Batuta elkarteko kideak, Sakanako Mankomunitatearen Hondakin bilketa Zerbitzuaren laguntzaz,  Kafe Konpondu ekimena herriz herri ezagutarazten segituko dute heldu den astean. Gero konpondu ahal izateko objektuak nola funtzionatzen duten jakitea sustatzen du Kafe Konponduk. “Horrela, kontsumoa murrizten dugu eta ingurumena zaintzen dugu”. Pertsonak elkarrekin harremanetan jartzea ere bada Kafe Konponduren helburua.

Elkarteko kide Javi Bergarak Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) azaldu duenez, ekimena duela 3 urte abiarazi zuten Altsasun. Eta halakoetan zer egiten duten? “Jendea elkartzen gara, elkarrekin harremanetan jarri eta ondoren etxean izorratuta ditugun gauzak konpontzea. Horretarako, behar ditugu, batetik, gauzak konpontzen dakiten jendea, esaterako, lanpara bat konpontzen edo tapizatzen dakiena…” Jakituria hori duten pertsonak lortzeaz Batutakoak arduratzen dira. Sara eta Victor haiekin joaten dira Kafe Konpondu saioetara. “Bat informatikan, elektronikan eta elektrizitatean oso trebea da eta bestea tapizazioetan. Eta birziklatze laborategikoak egurrarekin edo burniarekin edozer gauza egiteko trebe gara”.

Haiek lanean jartzeko gauzak konpontzeko premia duten pertsonak behar dira. Sakanako hainbat herrietatik pasatu ondoren, aste honetan Etxarri Aranatzen, Bakaikun eta Olatzagutian izanen dira. “Bi orduko saioak dira. Jendea bere gauzak konpontzera etortzen da, konponketan laguntza ematera edo gauzak nola konpontzen diren ikustera”. Saioetara joaten direnak bere objektua konpondu ondoren joateko edo gelditzeko aukera dute. Kafea eta pastak ere badaude. Bergarak aitortu duenez, “ez gara magoak. Badira konpondu ezin ditugun gauzak. Edo, agian, pieza bereziren bat behar du. Guztia zabaltzen dugu eta ezin badugu konpondu, arazoaren diagnostikoa duzu, berarekin zer egin erabakitzeko”.  

Hamar herrietako saioak despeditu ondoren, Batutako kideak Mank-eko ordezkariekin elkartu eta ebaluazioa eginen dute. Bergarak gogorarazi du Mank-en egitekoen artean “hondakinen sorreraren prebentzioa dagoela. Hori da mentalizatzea ezin dugula bizi gauza guztiak erosi, apurtu eta bota, erosi, apurtu eta bota. Pentsaera aldatu behar dugu eta saio horien bitartez, agian, pixka bat lortuko dugu. Etorkizunera begira, guztiondako garrantzitsua da”.

Kafe konpondu datak
Eguna Herria Tokia Ordua
Ilbeltzak 22, asteartea Olatzagutia Kultur etxean 18:00-20:00
Ilbeltzak 23, asteazkena Bakaiku Elkartean 18:00-20:00
Ilbeltzak 24, osteguna Etxarri Aranatz Kultur etxean 18:00-20:00
Erlazionatuak