Arakil-Burunda hitzen eta errotaren arteko lotura

Guaixe 2019ko ots. 20a, 08:36
Jose Luis Erdozia Mauleon (eskuinean) Euskaltzaindiaren Euskalkien lantaldearen bileran. Argazkia: www.euskaltzaindia.eus

Jose Luis Erdozia Mauleon euskaltzainak berriki argitaratu duen artikulu batean bi toki izenen esanahia errota hitzarekin lotu ditu. Gainera, Atapuerca, Saroi eta Etxarri toponimoen inguruko ikerketa ondu du. Horren berri Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) eman zuen.

Jose Luis Erdozia Mauleonek Euskaltzaindiaren Euskara aldizkarian Euskal toponimo zenbaiten ingurumarian artikulua argitaratu zuen joan den urtean. Toponimiari buruzko lana dokumentazio lan zabalean oinarritzen da. “Gero joan zara tokietara eta horrela izan daitekeela ikusi duzu. Ezin zara dokumentazioaz soilik fidatu. Aldaketak izaten ditu. Idazten zuten gehienek euskara ere ez zekiten, hala moduz idazten zuten. Gaur egun oraindik ere erabat gaizki transkribatzen dute batzuk”. Erdoziak gaztigatu toponimoak deskribatzaileak direnez, gertatu daiteke garai batekoa gaur egun ez egotea. “Etxarrin Txinermuno zegoen, baina desagertu zen, hango legarra dermioko bideak edo autobia egiteko erabili zuten. Dagoeneko munoa, altutxoa ez dago”.

Euskaltzain urgazle etxarriarrak esan digunez, “Euskal Herrian badira toponimo zenbait, behintzat bere osagai bat oso zabalduta dago, eta sekula inork ez dio azalpenik eman. Koldo Mitxelena bera Apellidos vascos toponimia eta onomastikari buruzko bere lanik esanguratsuenean pixka bat baztertuta utzi zuen”. Erdozia Ara hasiera duten toki izenez ari da. “Hemen pila bat dauzkagu: Aralar, Arakil, Arazuri, Araotz, Araia… Batzuk haranetik etor zitezkeela. Nik uste dut n hori, kontsonante sudurkari hori, ez dela galtzen. Aranberri eta Araberri gauza desberdinak direlako. Edo Arangorri eta Aragorri. Bitatik daude”. Gauza bera adierazteko batek n galdu eta besteak ez, Erdoziak ez du uste hala denik.

Etxarriarrak gogora ekarri du Bernart Etxepareren sorterri den Behe Nafarroako Eiheralarre. Aralarrekin lotu du. “Aralarre agertzen da toki askotan idatzita, oraindik azken bokala galdu gabe”. Aralarrek eta Eiheralarrek “nahi eta nahiez” zerikusia izan behar zutela ondorioztatu zuen Erdoziak. “Eiheralarre errota tokia da. Eihera zenbait hizkeretan oraindik erabiltzen da: eihera, araia, iera…”  Iera ara izan zitekeela otu zitzaion hizkuntzalariari eta Aralar “argi eta garbi hortik etor zitekeela”.  Hitzaren eboluzioak horretarako ematen duela dio Erdoziak, “dokumentazioan modu askotan agertzen baita: iehera, ihara eta ara pila bat ere”.

Bestalde, ikerlariak pentsatu zuen “hizkuntza gehienetan errota herri izenetan agertzen da: Bretignollles-le-Moulin, Moulin de Puy (frantzesa), Molina Seca, La Molina (gaztelania), Millford, Mill Valley, Fort Mill (ingelesa), Mulino del Piano (italiera), Neu Mühle, Layen Mühle (alemaniera). Euskaraz ez dago bat bera ere errotarekin”. Errota hitza rotan edo errueda hitzaren eratorria dela argitu du Erdoziak, gaineratzeko: “baina aurretik ere irina egin beharko zuten. Gariak eta horiek denak ezagutzen zituzten”. Eihera hitza dagoela ondorioztatu zuen etxarriarrak. “Euskal Herria erabat josita dago, batez ere ibaiak edo errekak dira gehienak, ara osagaia dutena. Esate baterako, Arakil. Guk kisuskil, langil esaten dugu. Bukaerako -e hori kendu egiten dugu. Arakil izanen litzateke errotak egiten dituena”. Sakana zeharkatzen duen ibaian “izugarrizko errota pila egin” dituela nabarmendu du Erdoziak. Hari horri tiraka, etxarriarraren iritziz Araia hitza ihara -dia litzateke, errota tokia. “Dokumentazioan bilatzen hasten zara eta konturatu nintzen asko zirela. Ia-ia toki gehienetan”.

Bizkaia aldean Bolin, bolu edo boru erabiltzen da: bolueta, bolineta… “Molinoren jatorri bera du. B eta m hitzak askotan txandakatu egiten dira euskaraz. Iturmendin bolin-ekin badago toponimo bat”. Erdoziak horiek ikertzeari ere ekin zion. “Dokumentazio askotan eta Etxarriko dokumentu askotan Burunda beharrean Borunda agertzen da, Joannes de Borunda eta halako izen asko”. Mitxelenak Legarretatik Legarda sortu zela adierazi zuen. “Hau da, sinkopa bat gertatzen da erdiko bokal bat galduta. Errota tokia esateko hasierako Boruneta batetik Borunta gertatuko zen eta gero Borunda. Jakina, Borundatik Burundara oso erraz pasatzen da”. Erdoziak gogorarazi du Burundak mendebaldeko hizkerarekin “izugarrizko kidetasunak” dituela.  

Atapuerca
Hitz horren esanahia ere aspaldi bueltaka zuen ikertzaileak. Xabier Kintana euskaltzainaren iritziz “geminatu bat zen, bi hizkuntzetakoa: ata edo ate eta puerta. Puerta horren t c bihurtzen zen. Niri oso arraro egiten zitzaidan aldaketa. Etxarrin eta Sakanan asko erabiltzen den hitz bat da porka: batxui-porka, arta-porka, izar-porka…” Dokumentu zaharrenetan Ataporcha edo Adtaporka agertzen da. “Garbi dago forum fuero eman den bezala, edo solum suelo, o hori diptongatu egiten dela eta porkatik puerta”. Beraz, Erdoziaren arabera, toponimo ezagun horren bi osagaiak euskarazkoak dira: ate, sarrera edo irteera askoko tokia. “Ikusten da han zenbat zulo edo kobazulo dauden”.

Sare, Saroi, Sarobe, Sarabe
Toponimo horien inguruan “aspaldian asko komentatzen zela ikusi nuen. Horiek ere nahiko barreiatuta daude Euskal Herri gehienean”. Erdoziak argitu duenez, Sakana erdialdean gehien bat sare erabiltzen dugu. “Baina Urdiaingo Sarabe denok ezagutzen dugu. Beste toki askotan saroi asko erabiltzen da”. Ikerlariek hitz beraren aldagaiak direla diote. Baina etxarriarrari hori ere arraro egin zitzaion.

Garai batean azienda izateko toki borobilak ziren. “Erdian halako harri bat jartzen zuten eta gero radio berdinarekin borobiltzen zuten. Han bai jendea bai ganadua egoten zen, gauez bertan biltzeko”. Hizkuntzalariak proposatzen du sare be beheko sarea izan daitekeela, “negukoa denbora gehiena pasatzen dena, negua nahiko luze izaten delako”. Sare edo saroi sare goi izan zitekeela dio etxarriarrak, udakoa. “Denbora gutxiago eta, gainera, ez da hainbeste babesa behar eta txikiagoak izaten ziren”.

Ikerlariari bitxia iruditu zitzaion Ingalaterrako Salisbury ondoan halako eraikuntza berdin berdina dago, sarum deitzen dutena. Ibarrean herriak bihurtu baino lehen kastro gotortuak egon ziren. “Hemen horrelako sare dexente izan zen eta han ere. Horrek beste teoria batzuetarako bidea ematen du”.

Etxarri
Izen horren esanahiaren inguruan “beti eztabaida egon da.  Arturo Campionek esaten zuen etxe eta harritik heldu zela. Mitxelenak, Salaberrik eta horiek denak gaur egun etxe eta berritik heldu dela diote”. Erdoziari hori ere ezinezkoa iruditzen zitzaion. “Hemendik 15 km-ra Etxeberri daukagu. Zergatik mantendu da han eta hemen galdu?” Berri osagaia duten toponimoak aztertu zituen etxarriarrak. “Inon ez da gertatzen kontsonante hori, b, galtzea. Aldatzea bai, esaterako: Itsasperri, b p bihurtuta. Edo Etxeberrik Javier eman du. Baina hor mantentzen du: Javierre, Eseberri, Txabarri… Ez du sekula galtzen”.

Etxaberri, Etxaerri, Etxarri segida proposatzen dute beste ikerlariek. “Baina Olaberrik ez du Olaerri edo olarri eman. Haizaberrik ez du haizarri. Salaberrik ez du Salaerri edo Salarri. Argi eta garbi gelditzen da etxe eta harritik heldu dela”. Eta Arretxe izateko aukera ukatu du Erdoziak: “Hori harriz egindako etxea litzateke. Baina etxe eta harrik ez du esan nahi harrizkoa denik, sendoa dela baizik, baluarte bat bezala”. Hizkuntzalariak gogorarazi du Euskal Herrian lau Etxarri daudela. “Denak gotorlekua izan dira: Etxarri Larraun, Etxarri Etxauri, Etxarri Aranatz eta Xuberoako Etxarri. Guztietan gauza komuna da bastida, baluarte, horrelako gotorleku bat izan dela”.

Artikulua Euskaltzaindiaren Euskara aldizkariaren 2018ko bigarren zenbakian argitaratu zen (62,2). 2017ko data du, “urte bat beranduago argitaratzen delako” argitu du Erdoziak. Artikuluak bigarren zati bat izanen du etxarriarra Itsesi, Pamplona, Vasconia, Navarra eta Euskal Herria toponimoez ariko baita. Aurreratu duen bakarra da berarendako Pamplona izen euskalduna dela, “eta ez da nik asmatuta”.