San Miguel irin errotaren berri jakiteko hitzaldia

Guaixe 2019ko mar. 13a, 10:07
Etxarri Aranazko San Migel irin-errota hartu zuen eraikina elurtuta.

Victor Manuel Egia Astibiak, Nabarralde Fundazioko kideak, hitzaldia emanen du gaur, 19:00etan, kultur etxean. Hitzaldia nagusiki erdaraz izango da, euskara tartekatuz.

San Miguel irin-errota Etxarri Aranazeko Arluzepe kalean 1936tik 1976 urte arte lanean aritu zen familia-enpresa izan zen. Jauregi familiak kudeatzen zuen enpresa. Eskualdeko azken industria irin-errota izan zen, herriko irin-errota hidroelektrikoen belaunaldiaren ondoren eraiki zena. Makinaria eta sistema austriar-hungariarra zuen, garai horretan penintsulan eta Europa osoan zehar hain zabaldua zena. Etxarri Aranazkoa garai hartako sektoreko irin-erroten adierazle aipagarria izan zela.

Hitzaldian, Victor Manuel Egiak, Nabarralde fundazioko kideak, garaiko irin-lantegiei buruzko azalpenak emanen ditu, eta San Miguel irin-errotari buruz eta Jauregi familiari buruz hitz eginen du. Industria-ondarearen balioa ere hizketagai izanen du. Hitzaldian Nafarroako Gobernuko Artxibategiko, Etxarri Aranazko Udaleko eta Jauregi familiako ordezkariak ere izanen dira.


Irin-errotako tresneria pilatuta.

Dohaintzan
Jauregi sendiak Etxarri Aranazko San Migel irin-errotaren dokumentazioa eman zion dohaintzan Nafarroako Artxiboari joan den urteko garilaren 31n. Zehazki, dohaintza Juana Marik, Gabriel Jauregi enpresaburuaren alabak egin zuen.Nafarroako Gobernutik aitortu duenez, “artxibo industrial baliotsua da jakiteko zer nolako kudeaketa izan zuen landa-eremuko enpresa batek XX. mendearen erdian baino gehiagoan”. Dohaintzan emandako dokumentazioan daude: fabrikako eragiketak erregistratzeko liburu bat eta familia-dokumentuak zein irin-errota instalatzeko eta kudeatzeko proiektuaren dokumentuak dituzten 22 artxibo-kaxak. Etxarri Aranazko San Migel irin-errotako makineria Arbizuko Olatzea hotelean dago gaur egun.


Larrainean lanean, garia eta agotza banatzen.

Historia
Jauregi sendiak (Gipuzkoako Bidania herrikoa) gutxienez XVIII. mendetik jardun zuen errota-lanbidean. Urdiaingo, Bakaikuko eta Arbizuko erroten arduradunak ziren, guztiak errentan hartuta.  XX. mendearen hasieran, beren enpresa propioa sortu zuten Etxarri Aranatzen. Upategiekin batera, irin-fabrikek landa-inguruneko industrializazio-prozesua hasi zutela esan daiteke.

Aniceto Jauregik, geldiezina eta ekintzailea bera, teknika eta makina berriak txertatzea erabaki zuen, eta berritasun handiak ekarri zituen enpresa-kudeaketara. Haiei esker, hobetu egin zen ekoizpena. Makineriari dagokionez, harri zizelkatuko ehotarriak metalezko arrabolekin ordeztu zituen; motor elektrikoak txertatu zituen; ehotze-sistema aldatu zuen, irin zuriagoa eta finagoa lortzeko; eta irina makinaz bahetzen eta arazten hasi zen, bi asmakizun iraultzaile berrirekin: plansichterrak eta sasoreak.

Enpresa-kudeaketari dagokionez, alea eta irina biltegiratzeko sistema bat txertatu zuen. Hari esker, produktua hurbileko hirietan saltzea kudeatzen zuen. Hori aldaketa izan zen, mendetan ekoizle bakoitzak emandakoa eho zutelako errotetan. Negozio-ikuspegi modernoa zen hura, eta, ondorioz, antzinako errotetatik oso bestelako eraikinak eraikitzea eragin zuen. Antzinako errota horiek zenbait solairutako eraikinekin ordeztu ziren, zeinek leiho asko eta zabalak baitzituzten, bai eta biltegi handiak zituzten etxabeak ere, zakuendako, eta ibilgailuen karga eta deskargarako.

Eraberritze teknologiko horretarako, Aniceto Jauregik Kataluniako Establecimientos Morros SA enpresara jo zuen, zeina irin-errotetan espezializatuta baitzegoen. 1934an, 24 orduan 6.000 kilo gari automatikoki egiteko gai zen instalazio bat diseinatu zuten. Haren semeak (Gabriel eta Jose Jauregi Ondarra) familia-negozioaren kargu egin ziren, 1968an itxi zen arte, ez baitzegoen harekin jarraituko zuenik. 2008an, fabrika eraitsi egin zen, orube horretan etxeak eraikitzeko. Juana Marik, Gabriel Jauregiren alabak, makineria eta dokumentazioa jaso eta kontserbatu zituen, eta, horri esker, irina ekoizteko prozesua berreraiki ahal izan da.

Dohaintzak egiteko
Nafarroako Gobernuaren 848 429 721 telefono-zenbakira edo archivo.adminsitración.informacion@navarra.es e-posta helbidera idatzi daiteke.