“Egindako km-ak urrunketarekin eta dispertsioarekin bukatu ahal izateko km-ak dira”

Guaixe 2019ko mai. 23a, 18:51

Etxerat: “hau azkena izatea nahiko genuke. Baina azkeneko preso eta iheslaria etxean egon arte halako ekimenak antolatzeko konpromisoari eusten diogu”.

“Nazio elkartasun lasterketa da hain justu, euskal errepresaliatuekiko eta beren gertukoekiko elkartasuna adierazteko herri ekimentzat” du bere burua Lasterbidean atletismo probak. Arbizuk eta Lakuntzak hartu zuten igandean kirol probaren zazpigarren edizioa, Leisterka denak itxaa! Lelopean. 1.500 korrikalari Arbizuko helmugara iritsi ondoren Etxerak erakundeko ordezkariek hartu zuten hitza.

Azaldu zutenez, atzoko lasterketan Jon Gurutz Maiza Artola preso etxarriarraren gertukoek eraman zuten aurreneko dortsala. Etxarriarra Lannemezango espetxean dago eta larriki gaixo dauden 21 presoetako bat dela gogorarazi zuten Etxeratekoek. Preso horiek etxean egon beharko luketela nabarmendu zuten. Etxarri Aranazko gainontzeko bost presoak eta Altsasuko auziagatik preso daudenak ere gogoan izan zituzten. Guztiak “lehenbailehen aske” egotea eskatu zuten.

Etxerateko kideek azaldu zutenez, “laster helmugara iritsiko ginela pentsatu genuen duela zazpi urte Lasterbidean lehenbiziko edizioa burutu genuenean, baina zoritxarrez arinketan darraigu, urrunketari bidezidorra topatu nahian”. Gogoratu zuten senide eta gertukoek presoak bisitatzeko bidaiak egiten dituztela oraindik astero. “Sakabanaketa eta urrunketaren ondorio latzenak jasan dituzten 16 senide eta lagunak gogoan” izan zituzten Arbizun.

Aldi berean, Etxeratek euskal gizarteari bere esker ona azaldu zion: “eskubide urraketen aurrean jendearen erantzuna oso ona izaten delako beti, elkartasunez eta maitasunez gure zama arintzen dutelako”. Eta adibide gisa duela bi urte Lakuntzan egindako Hatortxu rock jaialdia ekarri zuten gogora: “musikaren esparrutik Euskal Herrian inoiz egin den elkartasun jaialdirik handiena egin genuen eta orain, kirolaren eremutik, Lasterbidean gauzatzen ari gara”. Preso eta iheslariak “etxean eta bizirik” nahi dituztela aldarrikatu zuten eta “nork bere esparrutik elkartasun pausoak emateko gonbidapena egin zuten”.  Azkenik, Etxerat elkarteko ordezkariek VII. Lasterbidean antolatu eta parte hartu zuten guztiei eskerrak eman zizkieten.