Sakana Lanbide Heziketa institutuarekin kezka duzue, ezta?
Alfredo. Bai. Alde batetik, ikusten dugu euskarazko eskaintza oso murritza dela eta azken urteetan hori aldatzeko ezer gutxi egin da. Oposizioetan plaza ia-ia denak gaztelaniaz ateratzen dira. Horrek kezkatzen gaitu, euskaraz ikasi dutenei euskaraz jarraitzeko aukerarik ez baitio ematen.
Irakasleen egoera zein da?
Mikel. Bitartekotasun tasa handia dago. Gure ustez irakasle finko gehiago izan beharko lirateke. Eta euskaldunak izatearena oso garrantzitsua ikusten dugu, ikasleen % 70 euskaldunak baitira.
Bitarteko izate horrek nola eragiten du bai langileengan bai ikasleengan?
Iñigo. Nafarroako ikastetxe guztietan du eragina bitartekotasunak. Jarraitasun eza dago, urtero irakasle berriak sartzen dira. Jende berriak ikastetxeak zerotik ezagutu behar du. Eta epe luzeko proiektuak ezartzeko ezintasuna dakar, urtero irakasle aldaketak daudelako. Irakasleek urtero irakasle berriak ezagutu behar dituzte. Beti erosoagoa da guztiondako aldez aurretik ezagunak izatea, dinamika ezaguna izatea. Eta hurrengo urtean kontratatuak izanen ote diren kezka.
Bitartekotasuna konpontzeko zer neurri hartu beharko lituzke Hezkuntza Departamentuak?
A. Hau arazo orokorra da, hezkuntzan bitartekotasuna oso altua da. Sindikatu guztiok behin eta berriro salatu dugu. Duela gutxi Kontu Ganberak salatu zuen administrazioan ia-ia % 48 ingurukoa dela. Eskandalagarria da. Europarekin konparatuz gero ikaragarria da. Hasteko, lan-eskaintza publiko masiboak beharko lirateke, bitartekotasuna endemikoa delako. Gainera, euskaraz behar diren plazak askoz gehiago izan beharko lirateke. Guk departamentuari esaten diogu Nafarroan behar ditugu plazak diagnostiko batean atera eta horien deialdia egin. Ezin dugu beti egon Madrilek zer esaten duen, edo zer baimentzen duen edo zer ez. Baizik eta hemen erabaki zer behar dugun gure hezkuntza hobetzeko.
Zein diagnostiko egiten duzue gure kasuan?
M. Zuzendaritzak irakasle euskaldunak ekartzeko plana egin zuen. Batez ere ikusten delako ikasleengan behar bat, gehiengoa euskalduna delako. D ereduko zerrendatik hartuz gero, bermatzen da gaztelania eta euskara dakitela. Klaseetan euskaldunen kopurua zein den begiratu behar da. Baina, esaterako, suertatu daiteke urte batean guztiak euskaldunak izatea eta klaseak euskaraz ematea. Bestetik, ikasle euskaldunei azalpenak berriro ematerakoan, irakasleria euskalduna izanda euskaraz eman ahal zaie. Zuzendaritzatik apustu hori egin zuten, baina Hezkuntza Departamentutik D ereduko bost lanpostu finko geldiarazi dituzte. Hori nahita egin dute. Azkenean beti ikasle euskaldunak galtzen dute. Ni gaztelaniako zerrendakoa naiz eta behar hori ulertzen dut (sindikatuan liberatu aurretik Altsasun irakaslea zen). Desplazatua banaiz, ulertzen dut ikasleak ikastetxe batean gauza inportantea dela. Ez bakarrik irakaslea. Azkenean, Sakana Lanbide Heziketa institutuan euskaldunak gehiengoan daude eta beraien eskaerak bermatu behar dira.
Departamentuak zergatik bota du atzera bost lanpostuen deialdia?
I. Gaztelaniazko zerrendetatik ateratako irakasleren baten kexaren bat izan zen. Esaten zuen ikasleak euskaldunak zirela baina klaseak berez ez zirela euskaraz egiten. Baina hori ez da erabat horrela. Egia da, batzuetan, klase batean ikasle euskaldunak eta ez euskaldunak elkartzen direnean guztiendako azalpena gaztelaniaz ematen da. Baina, gero, ikasle euskaldunei azalpen zehatz bat emateko edo beste zerbaitegatik hurbiltzen denean fresatzeko makinara edo tornura, irakasleak azalpenak euskaraz ematen dizkie. Azkenean da institutuaren errealitatea ez ikustea. Ikasle euskaldunak eta erdaldunak elkarrekin egon behar direla ez onartzea, eta horiek bereizi nahi izatea. Guk uste dugu orain dagoen funtzionamendua zuzena dela, Sakanako errealitatea onartzen duena da.
Hemen zerk egiten du talka, irakasleen eskubideak eta ikasleak euskaraz ikasteko eskubideak?
A. Askotan ikusten ditugu irakasleen eta ikasleen eskubideak batera doaz hemen. Ikasleek euskaraz ere ikasteko eta haien ikasketak jarraitzeko eskubidea dute, jakina. Baina irakasleek ere aukera izan behar dute euskaraz irakasteko. Beste zentroetako delegatuek esaten dute ikasle euskaldunekin banaka daudenean beti saiatzen direla, eta beti ematen dute informazioa euskaraz. Besteek ere nahi dutelako, eta gertutasun hori bilatzen dutelako. Baina gero ofizialki hori ez da aitortzen, edo ez dauka isla plazak edo zikloak ateratzerakoan. Bestalde, zerrendetako segregazioa dago: zerrenda gaztelaniaz eta euskaraz. Guk uste dugu hezkuntzari komeni zaiola jende euskalduna izatea. Azkenean, hizkuntza bietan eman ditzake edukiak. Gaztelaniazko zerrendetan daude batzuk eta euren “pribilegioak” gorde nahi dituzte. Hor erresistentziak aurkituko ditugu.
Sakana Lanbide Heziketa institutuko plan estrategikoan euskarari lehentasuna ematen zaio.
M. Bai. Gainera, aipatu behar da zuzendaritzako jendea erdal eredutik datorrela. Hori azpimarratu nahi dut. Gehienek ez zekiten euskara, baina beharra ikusten zuten, ikasle gehienak euskaldunak direlako. Zuzendaritzatik ikuskariarekin lan bat egin zen eta ikusten zen argi eta garbi etorri behar diren irakasleak euskaldunak izan behar direla, ikasle euskaldunen eskubideak eta hezkuntza euskaraz bermatzeko.
Aurrera begira sindikatuek zer eginen duzue?
I. Alde batetik, salatuko dugu, jendeak zer gertatzen ari den jakin dezan. Sakana eremu euskaldunean dago eta euskarazko irakaskuntza sustatu behar da. Horretan lan egin, salatu eta presioa eginen dugu elkarrekin, hona irakasle euskaldunak etortzeko.