Euskarak derrigorrezko hezkuntzan bidea egin du. Ikasle elebidunak prestatu ditu eta horrek beraiei eleaniztasunera salto egiteko erraztasuna eman die. Euskaraz bizitzeko erabakia egin dugunon eskubide batzuk bete dira, bai. Baina gaur egun euskaraz ikasteko oztopoak daude Nafarroa osoan eta irakaskuntza maila guztietan, hasi haur eskoletatik eta unibertsitatean bukatu arte: ez dago bermatuta nafar guztiek euskaraz ikasteko aukera izatea, Iruñeko Udalak haur eskoletako egungo euskarazko eskaintza erdira murriztu nahi du, Antsoaingo haur eskolan ez da sekula euskaraz ikasteko aukera eskaini eta gurasoek umeak Iruñera eraman behar dituzte, eskaera egon arren Mendigorrian D eredurik ez da martxan jarriko, Castejongo eskolari PAI programatik atera eta D ereduan sartzea eragotzi dio departamentuak, Nafarroako Gobernuak aurten ez du D ereduaren aldeko kanpainarik egin, Lanbide Heziketan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskarazko ikasketa eskaintza murritza da eta ikasleak euskaraz ikastera kanpora joaten dira. Nafarroako Gobernuari hezkuntza arloan euskararen alde egiteko eskatuko diote herritarrek bihar.
Euskal Herri guztiko Lanbide Heziketak arazo orokor bat du: euskarazko ikasketen falta. Eta Sakana Lanbide Heziketa institutua ez da salbuespena. “FP eta BUP euskaraz nahi ditugu” leloa errepikatuz makina bat manifestazio egin ziren 1986ko martxoan. Mobilizazioek fruitua erdizka eman zuten: batxilergoko ikasketak 1986-87 ikasturtean hasi ziren Altsasun. Ez, ordea, Lanbide Heziketakoak. 1993-1994 ikasturtean ikasleek hilabeteko greba egin zuten euskarazko Lanbide Heziketa eskatzeko. Euskal Herrian pauso batzuk eman dira arlo horretan ordutik, baina Lanbide Heziketaren eskaintza ez da erabat euskaldundu. Aurrerako pauso horietako bat Sakanan 2018ko irailean egin zen, Sakana Lanbide Heziketa institutuan mendekotasun egoeran dauden pertsonendako arretarako teknikari izateko erdi mailako zikloa euskaraz ematen hasi zenean. Gainontzeko ikasketa guztiak gaztelaniaz dira: Oinarrizko Lanbide Heziketako merkataritza zerbitzua, erdi mailako mantentze-lan elektromekanikoa, soldadura eta galdaragintza eta araubide bereziko kirol ikasketak bai mendi ertaina bai eskalada eta goi mailako industria mekatronika eta Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa (ikasketa duala).
Baina…
Ikastoletatik eta eskola publikoetatik, D eredutik, makina bat ikasle ateratzen dira. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak emandako datuen arabera ikasturte honetan ibarreko ikasleen % 83 D ereduan ikasten ari da. Haietako askok egiten duten aukeraren arabera beraien ikasketa prozesuak euskaraz segitu ahalko dituzte, edo ez.
Ikasle euskaldunak hartzen dituztela jakitun dira Sakana Lanbide Heziketa institutuan. Horregatik, irakasle euskaldunak ikasle euskaldunei bakarkako azalpenak eman behar dizkietenean haiekin euskaraz hizketatzen dira. Ikasle euskaldunen errealitate hori ere zentroaren plan estrategikoan jasota dago. Irakasle euskaldunen premia nabarmendu zen dokumentu horretan eta 2020-2021 ikasturterako irakasleen erdia D eredukoa izatea nahi dutela jaso zuten. Orain arteko hezkuntzako ikuskariek institutuko zuzendaritzaren planteamenduarekin bat egin dute.
Nafarroan gobernu aldaketa egon da eta institutuko zuzendaritza Hezkuntza Departamentuko ordezkariekin harremanetan da bere plan estrategikoa nola gauzatu aztertzeko. Plantillaren erdia euskalduna izateko norabidean borondate osoa du zuzendaritzako taldeak, eta horretarako lanean ari da.
Irakasle euskaldunak etortzeko bideetako bat da jubilazioagatik edo lekualdatzeagatik ikastetxea uzten duten irakasle erdaldunen ordez euskaldunak hartzea. ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek azaldu dutenez, “Sakana Lanbide Heziketa institutuan eman behar den prozesua aurretik Berako Toki Ona edo Elizondo Lanbide Heziketa institutuetan eman zena da. Biak UPNren garaian emandako prozesuak dira”. Hiru sindikatuek gaineratu dutenez, “Altsasun emandako prozesua eten egin dute, hainbat sindikatuk atzetik horren kontra jo dutelako, CCOO, UGT eta AFAPNA hain zuzen ere. Ikastetxeko ikuskaritzak idatziz jaso du sindikatu horietako batek esandakoa: ikasle gehienak euskaldunak baldin badira ere, badakigu klaseak gaztelania hutsean ematen direla, soilik egunon esaten da, eta gainontzeko guztia gaztelaniaz”.
ELA, LAB eta STEILAS sindikatuendako “argi eta garbi ikusten da euskararen kontra jotzeaz aparte, soilik gaztelerazko zerrendatik lan egin dezaten nahi dutela. Ikasleen nahiak eta beharrak goitik behera baztertuz, ahaztuz hezkuntzako parte garrantzitsua dela”. Eta gogorarazi dute Sakana eta Lanbide Heziketa institutua eremu euskaldunean kokatuta daudela.
Hiru sindikatuetatik nabarmendu nahi izan dute behin betiko plaza duten gaztelaniazko zerrendako lau irakasle azken 8 urtetan zuzendaritzan egon direla. “Ikasleen beharrak ikusi zituzten eta irakasleak euskaldunak izan behar direla argi eta garbi ikusi zuten. Alde batetik, ikasle euskaldunei, zalantzak edukiz gero euskaraz azaltzeko edo tailerrean banakako lanpostuetan edo makinetan azalpenak euskaraz emateko”.
ELAtik, LABetik eta STEILASetik azaldu dutenez, “horrela gaztelerazko edo euskarazko beharrak bermatu ahalko lirateke. Bestalde, Sakanako ikasle guztiek, ibarrean ikasi ahalko lukete beste leku batzuetara joan gabe. Bi eredu ezarriz gero matrikula kopurua Sakanarako nahiko justua izanen litzateke”. Bestetik, sindikatuek azaldu dute plan estrategikoan jasotakoa egiten ez bada ikasleak alde egiteko arriskua dagoela, erdaldunak Gasteiz edo Iruñera joateko, edo euskaldunak Goierrira. Horregatik, Hezkuntza Departamentuari eskatu diote zuzendaritza taldeak prestatutako plan estrategikoa bere egiteko.
% 70
2018-2019n ikasturtean Sakana Lanbide Heziketa institutuak zituen ikasleetatik euskaldunak zirenak.