Udaletatik klima-aldaketaren kontra egiten

Guaixe 2020ko mar. 11a, 10:11
Udal ordezkariak bilduta. Argazkia: Sakanako Garapen Agentzia.

Europako ekimen bati segituz, besteak beste, toki entitateak berotegi efektuko gasen isurketak murrizteko lanean ari dira.

Nafarroako 104 herrik bat egin dute aurten foru exekutiboak koordinatutako Klima eta Energiaren Alkatetza Hitzarmenarekin. Tartean dira Sakanako guztiak, hamabostak; joan den urtean hitzarmena sinatu zuten. Nafarroako Alkateen Itunaren helburua da klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko udalerrien erresilientzia hobetzea. Udalek bi urteko epearen barruan, Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana aurkeztu beharko dute. 

Sakanako Garapen Agentziak antolatuta, itunaren Sakanako jarraipen bilera ilbeltzaren 21ean egin zen. Udal ordezkariek Klima-aldaketarako Nafarroako egokitze proiektuaren barne udalerri mailan egin den klimaren analisia, eta horrekiko kalteberatasun eta arriskuen azterlana ezagutu zuten eta, ondoren, informazioa alkateen itunaren metodologian ezarri zuten.

Itunaren barruan udalen egitekoen artean daude: isurien inbentarioa egin eta balioztatzea, ekintza planean sartzeko egokitzapen eta mitigazio proposamenak biltzea, Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana egin eta ekintzak lehenestea eta jardunaldi publiko bat egitea. Lursareak aurrera eramango duen isurien inbentarioan hondakinek sortutakoak ez dira kontutan hartuko. Horrela, Sakanako Mankomunitateak hondakinen kudeaketarako egindako apustuari aitortza egiten dio (atez atekoa, konpost planta, eta abar). Gainera, Sakanako Plan Estrategiakoaren bitartez hori aztertuko da 2020an baita ondoren, plangintzan, hondakinen kudeaketa neurriak zehaztu eta aurrera eramateko helburuarekin. 


Udalerrien kalteberatasun eta arriskuen analisia egiteko bi oinarri dituzte itunean: klimaren analisiaren udalerri mailako ondorioak eta udalen karakterizazio klimatikorako fitxak. Horietan oinarrituta Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana onduko dute udalek. Planak bere baitan hartu beharko ditu: isurketen murrizketa, klima-aldaketara egokitzapena eta energia-pobrezia.

Ondorioak
Bileran klimaren aldakortasunaren analisiaren ondorio orokorrak aurkeztu zituzten: tenperaturen goranzko joera (minimo zein maximoak), urteko izozte egunen gutxitzea, gau tropikal eta egun beroen kopuruaren areagotzea, bero-boladen magnitude eta iraupena handitzea, urteko prezipitazioen banaketa aldakor eta konplexuagoa, euri intentsuko egun kopurua areagotzea (>20mm)
 udako lehorteen areagotzea eta tenperatura zein prezipitazioekin loturiko muturreko fenomenoen areagotzea. Horiek kontuan izanik udalerrien arriskuen, mehatxuen eta kalteberatasunaren analisia eginen da, horiek eragin ditzaketen ondorioak zehazteko.