Igerilekuetan ere neurriak hartu beharko dira

Guaixe 2020ko eka. 26a, 14:21
Urdiaingo igerilekuen ikuspegia.

Hurrengo egunetan zabalduko dira udako eskaintza erakargarrienetako bat: igerilekuak. Pandemia ez zabaltzeko haietan ere hainbat neurri hartu beharko dira.

Koronabirusaren erronkak segitzen du, baita igerilekuetan ere. Jakina da COVID-19 gaixotasuna kontaktu estuaren bidez kutsatzen dela. Hau da, 1,5 metro baino gutxiago distantzian hitz, eztul edo doministiku egitean beste pertsonaren baten ahora, sudurrera edo begietara joan daitezke koronabirusa daramaten tantak. Baita eskua ematean edo tanta horiekin kutsatutako objektuak edo gainazalak ukitzean ere. 

Horiek guztiak kontutan izanda, osasun agintariek igerilekuen erabilerarako neurri sorta zehaztu dute. Alde batetik, edukiera, gehienez, % 75 izanen da. Igerilekua inguratzen duten berdeguneetan pertsonen arteko segurtasun distantzia gordetzeko neurriak hartu dira, banakoendako eta taldeendako espazioak zehaztuz. Komunetan eta bestelako guneetan 25 pertsona baino gehiago ez biltzea gomendatu dute. Igerilekuetako arduradunek toki guztietako edukiera kontrolatzeko neurriak hartu beharko dituzte. 

Erabiltzaileek ere prebentzio-neurriak pertsonalak hartu beharko dituzte. Aurrena, sintomak izanez gero igerilekura ez joatea eta osasun etxearekin harremanetan jartzea da. Berdegunean eta bestelako espazioetan ere pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia gorde behar da. Posible ez bada musukoa jantzi beharko da. Horrekin batera, eskuak ongi eta maiz garbitzea aholkatu dute. Horretarako ura eta xaboia edo hidrogela erabil litezke. Igerilekuaren barne araudia uneoro errespetatzea ere eskatu dute. Azkenik, ardurapean dauden adingabeek jarraibideak betetzen dituztela ziurtatu beharko da ere. 

Igerilekuak
Irurtzun Garilaren 1etik irailaren 16ra.
Uharte Arakil Garagarrilaren 19tik irailaren 13ra. 
Lakuntza Itxita.
Etxarri Aranatz Zehazteke.
Urdiain  Garagarrilaren 27tik agorrilaren 31ra.
Altsasu  Garilaren 1etik agorrilaren 31ra. 
Olatzagutia   Garila hasieratik iraila hasierara. 
Ziordia  Garila hasieratik agorrila akaberara.