Udalak eta kontzejuak estreinako hitzarmena sinatu dute

Alfredo Alvaro Igoa 2020ko eka. 29a, 09:36
Teresa Goikoetxea Arregi auzate batean ardoa banatzen. Argazkiak: utzitakoak.

Etxarri Aranazko Udalaren eta Lizarragabengoako Kontzejuaren arteko harremanak, koordinazioa eta elkarlana hobetuko ditu.  Bestalde, aurten San Pedro festak bertan behera utzi ditu Lizarragabengoak. 

Silvia Marañon Chascok eta Teresa Goikoetxea Arregik, Etxarri Aranazko alkateak eta Lizarragabengoako kontzeju-buruak, lankidetza hitzarmena sinatu zuten hilaren 8an. Udalerriko bi herri-guneetako administrazioen arteko erlazioa argitu eta arautu asmoz sinatu dute hitzarmena. Estreinako aldia da udalak eta kontzejuak eskuduntzen eta ekonomia baliabideen zentzuzko banaketa egiteko hitzarmena sinatzen dutela. Bi erakundeek osatutako batzorde misto batek eginen du akordioaren jarraipena. 

Lankidetza hitzarmenean jaso denez, Etxarri Aranazko Udalak Lizarragabengoako Kontzejuko kideei beraien eskumeneko gaiak kudeatzeko beharrezko informazioa (dirulaguntzak, deialdiak, epeak) eta aholkularitza teknikoa emanen die. Bestalde, udalak kontzejuari 5.000 euroko dirulaguntza emanen die, urtero Kontsumo Prezioen Indizearen arabera eguneratuko dena. Ordainketa martxoaren 1erako egina izan beharko du udalak. Gainera, Lizarragabengoaren beharren arabera, aldeek legegintzaldirako inbertsio plana adostuko dute. Bi erakundeek adostuta, Lizarragabengoan kultur jarduera bat edo bi antolatuko dira urtero. 

Alkatea eta kontzejuburua hitzarmena sinatzen.


Teresa Goikoetxea Arregi 
Lizarragabengoako Kontzejuko burua 

Zergatik behar zen udalaren eta kontzejuaren arteko hitzarmen bat? 
Udalaren eta kontzejuaren arteko funtzionamendua eta egin beharrak zehazteko. Orain arte nahiko ahaztuta sentitu garelako. 

Zein da hitzarmenaren helburua? 
Zerbitzu publikoaren eraginkortasuna hobetu, herritarren parte hartzea sustatu, Lizarragabengoako Kontzejuaren autonomia indartu eta baliabide ekonomikoen zentzuzko banaketa egitea da. Horretarako, udalaren eta kontzejuaren arteko koordinazioa eta elkarlana areagotuko dira. 

Lizarragabengoako Kontzejuak zein eskumen ditu? 
Argiteria publikoa, festak, hilerriaren mantentze eta kontserbazio lanak, kontzejuaren artxiboa, kaleen garbiketa, kontzejuaren ondasunen administrazioa, mantentzea eta erabilera eta dermioko bideen kontserbatze, mantentze eta zainketa. 

Zein da lan gehien ematen duen eskumena?
Guztiak. Guztietarako dirua behar delako eta hori da guk faltan duguna. 

Gainontzeko eskumenak udalarenak dira. Zein dira? 
Hirigintza, etxebizitza publikoaren eraikuntza, ingurumena, ur horniketa, kaleen zoladura, gizarte zerbitzuak,  trafikoa, kultura, kirola, hezkuntza, euskara, sozio-ekonomia garapena, aniztasuna, musika eskola eta beste hainbat. 

Nola eginen duzue koordinazioa? 
Orain arte kontzejuko talde bat Etxarri Aranazko Udalarekin elkarlanean aritu gara, eta aurrerantzean dinamika bera izanen dugu hitzarmena aurrera ateratzeko. 

Kontzejuaren administrazioa zeinek eginen du? 
Udaleko idazkariak, berak bi herriendako lan egiten baitu. 

Lege, hirigintza eta bestelakoetan aholkularitza jasotzeko nola moldatzen zarete? 
Orain arte, egia esan, ez dugu inolako aholkularitzarik jaso. Espero dugu hitzarmena sinatuta gauzak aldatzea. 

Kontzejuaren diru sarrerak zein dira? 
Nafarroako Gobernuak urtero dagokigun diru partida ematen digu eta Etxarri Aranazko Udalak emandakoa. 

Lanen bat edo inbertsioren bat egiteko asmorik ba al duzue? 
Hitzarmenean udalarekin legealdi bakoitzean inbertsio plan bat egitea sinatu dugu, eta orain hori negoziatzen hasiko gara. 

Herriaz
Zenbat herritar zarete?
40 bat. 

Zein adinekoak gutxi gorabehera? 
Helduenak 102 urte ditu eta gazteenak 3. Baina herriko bataz besteko handi bat adinekoa da. 

Denak euskaldunak? 
Bai. 

Zenbat etxe? 
23.

Jendea herrian gelditzeko aukera badago? 
Ez asko, baina aukera egon badago. 

Zein ekonomia jarduera daude? 
Abeltzainak eta landa-etxea. 

Basoa herritarrena da. Nola moldatzen zarete kudeatzeko? 
Bakoitzak bere basoa kudeatzen du. 

Zein izan dira gauzatutako azken inbertsioak? 
Nafarroako Gobernuak Tokiko Azpiegitura Planeko dirulaguntzarekin egindako haurrendako jolas-parkea jarri genuen 2017an. Urte berean kontzeju-etxeko paretak margotu, ganboikoko lurra lixatu eta bernizatu, paretak margotu eta argiak jarri genituen. Gainera, ordenagailua erosi genuen. Beste dirulaguntza batekin argiteria publikoa aldatu zen eta LED argiak jarri. Zuntz optikoa 2017an jarri zuten. Bestalde, ibaian pilatutako kaskailua kendu zuten zubi ondotik Nafarroako Gobernuaren aginduz 2018ko irailean. 

Zein lan egin nahi zenukete? 
Asfaltatu gabe dauden kale batzuetan zorua jarri, dermioko pista batzuk konpondu eta herriko kaleak txukundu. Kanposantuko eta elizako mantentze lanak ere egin nahi genituzke. 

Errepidea herri erditik pasatzen da. Ibilgailuen abiadura moteltzeko zebrabide goratua eskatu izan du aurretik kontzejuak.
Urteak daramatzagu gestioak egiten eta momentuko legeak direla eta atzera bota digute beti. Dei batzuk egin ondoren jakinarazi digute legea aldatu behar dela eta horren zain gaude. 

Sakanan herri bakarra zarete eliza herriarena dena, zer erabilera du? 
Momentuz mezetarako erabiltzen da, jendea doalako. Baina etorkizunean, auskalo. 

Festetarako planik ez, ezta? 
Bertan behera utzi ditugu guk ere, San Isidroko auzatea gelditu zen bezala. 

Aurrerago beste ospakizunik egiteko aukerarik legoke? 
Printzipioz ez, hurrengo urterako utziko ditugu, gogo handiagoz hartzeko. 

Bordatxo elkartea zabalik dago? 
Bai, beti ere lege irizpideak jarraituz erabili behar da. 

Zenbat bazkide ditu? 
32 bazkide ditu. Herriak duen zerbitzu bakarra da eta herriari bizia ematen dio.

Erlazionatuak

Lizarragabengoa, 70 urte burujabe

Alfredo Alvaro Igoa 2006 uzt 21 Lizarragabengoa