2020ko Gazteriaren Sarietako Entitatearen Saria Gozamenez programarendako

Guaixe 2020ko abe. 3a, 11:20
Gozamenez programaren barruan daude Ur festa goxoak. Irudian Lakuntzan egindako apar festa. Artxiboa.

Nafarroako Gobernuaren Gazteriaren Institutuak 2020ko Gazteriaren Sariak banatu ditu. Hiru sari dira, eta Entitatearen Saria Sakanan abiarazi zen Gozamenez sexualitate eta gazteria programak jaso du. Bestalde, Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak aipamen berezia jaso du, aurten 25 urte bete dituelako.

2020an, duela 20 urte abiatu zen Gozamenez programa, Nafarroan, eta 2001 urtetik martxan da Sakanan. Gozamenez sexualitateari eta gazteriari buruzko programa komunitarioa da, eta zenbait elkarte eta erakundek sustatu zuten (Andraize, Iturramako Emakumeari laguntzeko Zentroa, HIESaren kontrako Batzordea, Ilotaleko, Nafarroako Gazte Kontseilua, Askagintza, Kattalingorri eta Hegoak), gazteen sexualitatea ikuspegi positibo, adeitsu, plural eta aberasgarri batetik lantzeko helburuarekin. Gozamenezek sexualitatearen hainbat alderdiri buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatu nahi du gazteen artean eta gazteen eta haien bitartekarien artean –familia, ikastetxea, komunikabideak…–. Horretarako makina bat tailer, ikastaro eta ekimen burutu dira Sakanan, 2001 urtetik hona, eta programa guztiz errotua dago. Bada, Gozamenez programak Nafarroako Gobernuko Gazteriaren Institutuaren aitortza jaso du, hain zuzen ere Institutuak banatzen dituen 2020 Gazteriaren Sarietako bat jaso baitu, Entitatearen Gazteria Saria hain zuzen ere. Egun Nafarroako 31 herri eta bailaratan gauzatzen da Gozamenez, baita Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere. 

Gozamenez Sakanan
Gozamenez programa antolatzeko koordinakunde bat dago lanean duela 20 urtetik Sakanan. Besteak beste, Etxarri Aranazko Emakumeari Laguntzeko Zentroko hezitzailea, Altsasuko Gazteria Zerbitzuko teknikaria eta Altsasuko, Etxarri Aranazko eta Irurtzungo Gizarte Zerbitzuetako teknikariak aritzen dira lanean. Herrietako gazteen iradokizunak eta eskaerak jarraiki, makina bat ekitaldi prestatzen dituzte herrietan, gazteen sexualitatea ikuspegi positibo batetik lantzeko. Antzerkia, tailerrak, ikastaroak, musika emanaldiak… denetatik izaten da. Gazteen artean oso ezagunak dira, esaterako, gazteendako udan igerilekuetan antolatzen diren Ur Festa Goxoak. Sakanako ikastetxeekin elkarlanean ere hainbat jarduera lantzen dira. Bestetik, hainbat gazte sakandarrek film laburrak egin eta Altsasuko Gazteria Zerbitzuak antolatutako Gozamenez film laburren lehiaketara aurkeztu zituzten berriki. Nagore Gonzalez Claverrek Altsasuko Udaleko bozken bidezko saria irabazi zuen “Summer vibes” filmarekin eta Mila Kolore taldearen “Contemple tanto” lanak helduen mailako saria eskuratu zuen. Altsasuko lehiaketan aurkeztutako lanak 7. Nafarroako Gozamenez film laburren txapelketara aurkeztu ziren, eta helduen mailako Goza saria lortu zuen azaroaren hasieran Mila Kolorek. 

Bada, 2020ko Gazteriaren Saria jaso du Gozamenez programak (www.gozamenez.com), Entitatearen Saria, merezitako saria, zalantzarik gabe. 20 urte luze daramatza gazteak eta sexualitatea batzen dituen programak lanean, gazteen artean ongi errotua, eta urte hauetan egin den lanaren aitortza izan nahi du sariak. 

Altsasuko Gazteria Zerbitzuari aipamen berezia
Nafarroako Gobernuaren Gazteriaren Institutuak, 2020ko Gazteriaren Sarietan hiru sari banatu ditu. Entitatearen Saria, Gozamenez sexualitate eta gazteria programak jasoko duena, Pertsona Gaztearen Saria, pandemian boluntario lanak egin zituen Aimar Romeo makerrak jasoko duena, eta Partaidetza Sozialaren Saria, Iruñeko San Jorge auzoko “adardunak” kolektiboak jasoko duena. Horretaz gain, Altsasuko Udalaren Gazteria Zerbitzuak aipamen berezia jaso zuen, zerbitzuak 25 urte bete dituelako gazteei aisialdi zerbitzu parte hartzaile zabala eskaintzen.