Burundako historian atzera begirakoa

Guaixe 2021ko urt. 8a, 09:20
Olatzagutiko Ornako iturburuaren ondoan herri bat zegoen.

Ibarraren historiako hainbat datu jaso ditu Jose Luis Erdozia Mauleonek artikulu batean, Erdi Aroaren akaberatik Aro Garaikidearen hasierara arte, 1268tik 1816ra. Demografiaz aparte, geografia, ekonomia, historia eta onomastika datuak aipatzen ditu bertan.

Ibarraren sei mendeko historiaren “pintzelkada batzuk” jaso ditu Jose Luis Erdozia Mauleonek Burunda harana (XIII-XIX): herriak, populazioa, gaizkileak, ekonomia, onomastika artikuluan. Lan hori Nafarroako Gobernuaren Principe de Viana aldizkarian argitaratu zuen, haren 273. zenbakiko 2019ko ilbeltza-apirila zenbakiaren separata gisa argitaratu zen lana. Rafael Carasatorre Vidaurre ikerlari etxarriarrak Nafarroako Artxibo Nagusiko agiri zaharren ikerketa lanean zentratuta dago eta agiri haien transkripzioak bere blogean argitaratzen ditu. Haren agirietan, 1268ko Hamarrenaren zerga liburuan eta 1350etik aurrera etxebizitza edo familia kopurua zenbatzen zuten suen liburuetan oinarritu da artikulua idazteko. Jasotako informazio antolatzeko 28 taula, mapa bat eta 7 grafikoz hornitu du artikulua Erdoziak. 

Etxarriarrak bere lana Burunda hitzaren esanahiaren hipotesi batekin hasten du. Mauleonen arabera Burunda Bolunetatik letorke eta errota ugari dauden tokia adieraziko luke. Bestalde, gaur egungo Burunda Bakaiku eta Ziordia arteko sei herriek osatzen dute. Baina XIII. mendean 17 herri zeudela gogorarazi du: Bakaikuko San Benito ermitan Iturrun herria legoke, Iturmendiko Aritzagaren ondoan Eitzaga, Urdiaingo dermioan Zangitu, Sarabe eta Irurrita herriak zeuden, Altsasun Huraiar edo Ulaiar, Elkuren edo Erkuden eta Olatzagutia aldean Saratsu edo Saatsu, Anguztina, Horna eta Arquinano. Ziordia kasu gehienetan izen horrekin agertzen bada ere, kasu batzuetan Ayuca (Ajuka) gisa agertzen da garai bateko idatzietan. “Olatzagutia eta Ziordia artean Aioko harria toponimoa gelditu da”. Defentsa arrazoiengatik ziurrenik, Arakil ibaiaren iparraldera zeuden herriak desagertu egin ziren, Altsasu eta Ziordia salbu. 

Demografia  
Hamarrenaren liburuan herri bakoitzak zenbat pagatzen zuen jasota dago. Hortik abiatuta, Erdoziak kalkulatu du Burundan 1268an Urdiain zela herri handiena. Tamainan atzetik lituzke Olatzagutia, Ziordia, Ulaiar, Anguztina, Iturmendi eta Bakaiku; Altsasu 11.a litzateke tamainagatik. 1350eko suen liburuan Burundako herri handiena Urdiain zen (176 biztanle gutxi gorabehera), populazio aldetik begiratuta atzetik lituzke Olatzagutia (124), Bakaiku (60), Ajuca (56), Izaga (40), Altsasu (28). Burundan 512 bat pertsona biziko ziren orduan. 

Erdoziak mende horietako suen 11 liburuetako datuak aztertu ditu eta artikuluan biztanleriaren bilakaera erakusteko taula batean eman ditu. Datuei erreparatuta ikusi du populazioak mende bateko epean behera egin zuela: 1553 eta 1646 urteen artean. Zergatia? “Kristoren izurritea egon zen”. Etxarriarrak aztertu duen azken suen liburua 1816koa da eta honako populazioa zuten Burundako herriek: Bakaikuk 296, Iturmendik 366, Urdiainek 614, Altsasuk 686, Olatzagutiak 595 eta Ziordiak 391; ibarrak guztira 2.948. Ikerlariak azken datu horiek joan den urteko biztanleria datuekin alderatu ditu ere, “azken 200 urtetan zer gertatu den jakiteko. Eta izugarri igo da, ia 11.000 biztanle ditu orain Burundak. Salto handiena Altsasuk eta Olatzagutiak eman zuten, trenaren eraginez”. 

“Gaizkileen muga”
Ikerlari etxarriarrak azaldu duenez, “Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jauntxoek Gaztelako erregearekin ituna egin zuten 1200 urtean, beraiek horrela askoz ere hobe aterako zirelako”. Horrek Sakana Nafarroako erreinuko mugan utzi zuen eta “gaizkileen muga” izena hartuko du. “Arazo handiak izan ziren eraso egitera etortzen ziren Aguraingo eta Lazkaoko jauntxoen jendeekin, lapurrekin. Sakanaz aparte, Goñi aldean ere lapurretak egiten zituzten. Gehienetan azienda eramaten zuten, baina jendeari ere lapurtzen zioten”. 

Lizarraldeko merino Juan de Rouvray Sakanako ondasunak helburu zituzten “malfechores d’Arbizu” gaizkile taldea desegin zuen 1349an. “Arbizuko jauregiko jauntxoa erabat kidetuta zegoen Lazkaokoarekin. Lizarragako eta Bakaikuko apaizak eta haien semeak laguntzaileak ziren. Hemen lapurtzen zituzten animaliak non-nahi saltzen zituzten. Bakaikun eta Ziordian egun argitan eta jendaurrean lapurtzen zuten”. 

Ekonomia 
XV. mendean Arakilen eta Burundan lantzen ziren laboreak desberdinak direla gaztigatu du Erdoziak. “Arakilen garia eta gaur egun normalak diren laboreak asko ateratzen zen. Baita ardoa ere. Uharte Arakileraino ailegatzen da. Handik mendebalderantz ez. Arakilen artoa (artatxiki) bat ere ez eta Aranatzen eta Burundan, berriz, artoa”. Ekoizpenagatik erregeari zergak ordaindu behar zitzaizkion eta hortik ondorioztatzen da Burundak ekoizpen txikiena zuela. Erdoziak azaldu duenez, “Arakilen auzo (familia) bakoitzeko 0,42 florin pagatzen zen, Aranatz aldean 0,54 eta Burundan, berriz, 0,28. Bataz bestekoa, gutxi gorabehera 0,43 florin auzoko”. 

Sakanan garai hartan basotik, abeltzaintzatik eta nekazaritzarik bizi ziren. “Burundan aziendak eta basoak garrantzi handia zuten”. 1563ko Burundako ordenantzan hura guztia zehaztuta zuten. Haiek Urdiainen gordetuko zirela zehaztu zuten, baina Etxarri Aranazko udaletxean kopia bat dago eta artikulurako kopia hura aztertu eta 37 artikuluen laburpena euskaraz eman du. 

XVIII. mendean “Burunda, ekonomikoki, oso-oso potentea izatera pasa zen, mandazaintza eta merkataritza ibarraren ekonomiaren euskarri bihurtu ziren. Gauzak garraiatzeko mandoak, astoak, zaldiak eta halakoak behar zituzten”. 1711n Burundan 58 mandazain zeuden (25 Iturmendin, 19 Urdiainen, 6 Bakaikun, 5 Altsasun eta Olatzagutian eta 1 Ziordian). “85 mando zeuden, ia erdiak Iturmendin. Gero ikusten da herrietan zein etxe klase dauden!” Erdoziak gaineratu zuenez, “lanbide oso garrantzitsua izan zen eta 1700 eta 1850 urteen artean Burundatik 75 pertsona atera ziren. Ez ziren migratzaileak, negozio gizonak baizik”. 24 Iturmendikoak, 11 Urdiaingoak, 9 Altsasukoak, Bakaikukoak eta Olatzagutiakoak. Nora jo zuten ere zehaztu du etxarriarrak: 17 Madrilera, 9 Donostiara, 9 Caracasera (Venezuela), 8 Indietara, 7 Zaragozara, 5 Habanara (Kuba), 4 Tuterara, 2 Iruñera eta Baionara. “Gainera, akzioak izan zituzten Compañia Guipuzcoana de Caracasen eta halakoetan. Oso jende potentea”.

Onomastika 
Aztertu dituen agirietako izenei ere erreparatu die Erdoziak, “izen bitxiak egoten dira”. Etxarriarrak esan duenez, “1350 urtetik XVII. mendera arte Burundan izen oso desberdina erabili ziren. XVII. mendean, jada, asten dira Lucas, Esteban, Bernardino, Gregorio, Lazaro, Francisco, Anton, Felipe… gaur egungoak. Baina ordura arte gehienak dira: Pero, Pere, Peru, Miguel edo Mitxel, Johan edo Johannes (Juan eta Juanes idazkaria aldatzean), Sancho eta Sancha, Garcia izena bezala asko agertzen da, Yniego, Lope, Martin, Maria, Otsoa, Marin eta Marina, Toda, Domingo eta Dominga, Pascoal, Xemen, Grazia ere dezente ateratzen da, Cathalina”.