Altsasuko Oinarrizko Osasun Eskualdean hiru medikuren faltarekin segitzen dute. Dauden gainontzeko hiru sendagileak Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko 9.305 pertsonez arduratu behar dute. Egoera bideratzea eskatzeko bilera egin zuten hilaren 12an Javier Ollo Martinez, Joseba Vizuete Askargota eta Olatz Irizar Martinez alkateek Osasunbideko Lehen Arretako iparraldeko arduradun Susana Mirandarekin. Bilkuran osasun eskualdeko profesionalen ordezkaritza ere egon zen.
Osasunbideko arduradunak azaldu zuenez, “ez dago mediku nahikorik; fakultateetatik behar baino mediku gutxiago ateratzen dira”. Horregatik, epe laburrera konponbiderik ez dute ikusten. Mirandak argitu zuenez, “mediku plaza horiek eskaini eta eskaini ari gara, baina hainbat arrazoirengatik sendagileek ez dituzte hartzen”. Osasunbideko arduradunak azaldu zuenez, garagarrilean oposizioa hasiko da, baina abendura arte ez da bukatuko. Bestalde, jakinarazi zuen ikasketak egin ondoren lau urteko erresidentzia (praktikak) maiatzean bukatuko duten medikuekin harremanetan daudela.
Alkateek epe ertain eta luzerako begirada izateko eskatu zioten Osasunbideko arduradunari, “gaur Altsasuko Oinarrizko Osasun Eskualdea delako, baina bihar beste edozein izan daitekeelako”, azaldu du Irizarrek. Horregatik, landa eremuetan osasun zerbitzua bermatzeko estrategia definitzea eskatu zioten. Batzuk eta besteak informazio kanalak zabalik mantentzekotan gelditu ziren. Bestalde, profesionalek hainbat eskakizun egin zituzten ere. Azkenik, alkateek, osasun eskualdeko langileek dauden baldintzetan egiten ari diren lana aitortu nahi izan zuten.