Iraitz Berastegi

"Sakana Eskualde Aktiboa ariketa fisikoa egin nahi duten sakandarrendako zerbitzua da, doan"

Maider Betelu Ganboa eta Eneida Carreño Mundiñano 2021ko mar. 11a, 14:15

Sakana Eskualde Aktiboa zerbitzuko orientatzailea da Iraitz, eta sakandarren deien zain dago, guztiak martxan jarri eta ariketa fisikoa eginez, aktiba gaitezen

Sakana Eskualde Aktiboa izatea lortu nahi duzue.
Bai. Helburua da Sakanako eskualdean dagoen biztanleria gero eta aktibo eta osasuntsuago izatea. Gure egunerokotasunean ordu pila bat eserita ematen ditugu: lanean, bazkaltzen, lagunekin kafe bat hartzen, ikasten... Egonaldi luze hauek murriztu nahi dira, eta gure gorputzean ariketa fisikoak eta kirolak duen garrantziaz jabetzea, gure egunerokotasunean integratzeko eta, horrela, biztanleria aktiboago bat lortzeko. 

Eta helburu hori lortzeko bidelaguna zu zara. 
Bai, ni naiz orientatzaile figura hartzen duen pertsona hori. Nire lana da niregana etortzen diren sakandarrak bideratzea; bere beharren edo afizioen arabera jarduera fisiko egokiena zein den gomendatzea eta gidatzea. 

Zurekin harremanetan jartzeko modu ezberdinak daude.
Bai. Batetik deribazioak daude. Mank-eko Kirol Zerbitzuak hitzarmen bat du Etxarriko Osasun Zentroarekin. Zerbitzua Etxarri Aranatzen eta Arbizun dago martxan, momentuz, eta Etxarriko Osasun Zentroak biltzen dituen herri guztiak pixkanaka sartzen joango dira, eta ondoren Burundakoak eta Arakilgoak. Egun, Etxarriko Osasun Etxeko medikuek, erizainek edo osasun langileek egindako deribazioak heltzen zaizkit, bertara jo duten zenbait sakandarrek gaixotasun edo patologia jakin batzuk izan ahal dituztelako –hipertentsioa, diabetesa, gehiegizko pisua edo bestelakoak–. Bestetik, Gizarte Zerbitzuetatik datozen deribazioak daude; etorkinak, sozialki baztertuak geratzeko arriskua duten pertsonak edo bestelako egoeran daudenak ere etortzen zaizkit. Eta, hirugarrenik, autoderibazioak daude. Hau da, besterik gabe telefonoa hartu eta hitzordu bat jartzeko deitzen didaten pertsonenak. Hiru bide horietatik niregana iritsiko dira eta helburua da norberari egokitzen zaion jarduera fisiko edo kirol bat aukeratzea eta gidatzea. 

“Osasuna ez da gaixotasunik ez izatea; ongizate fisikoa, mentala eta soziala da”

Zein da zure prestakuntza?
Jarduera fisiko eta kirolaren inguruko goi ziklo bat egin nuen, TAFAD delakoa, eta hortik Unibertsitatera egin nuen salto. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasi nituen, osasun arloan espezializatu nintzen eta gero master bat egin nuen. Orientatzaile izateko prestakuntza egin nuen, hainbat gaixotasuni erantzuna emateko zein jarduera fisiko mota egin daitezkeen eta halako ikastaroak ere egiten aritu naiz eta egiten jarraituko dut. Prestakuntza etengabekoa da. 

Zer motako jendea hurbildu zaizu zerbitzura?
Pandemiagatik orain bizi garen garai konplikatu honetan, Amaia Gerrikagoitia teknikariak eta biok ikusi genuen konfinamendua pasatu eta gero behar gehien zuten pertsonak, bereziki 3. adinekoak zirela. Beraz, hasierako helburua beraiengana iristea izan zen. Ikusi genuen oso beldurtuta zeudela, etxean geldirik zeudela eta horrek arazo handiak sortu ahal zizkiela. Hori izan zen gure abiapuntua. Oraintxe bertan zerbitzuan dauden erdiak baino gehiago 70 urtetik gora izanen ditu. Hasiera honetan 3. adineko pertsonak dira profil nagusia, baina gure zerbitzua adin tarte guztiondako da. Pixkanaka proiektu berriak egiten joango gara, bai gazteendako bai erdibidean dauden adin tartekoendako.  

Gaixotasunen bat dutenen kasuan, beharrezkoa al da lehenago medikuarengana joatea?
Nik jakiteko zein patologia dituen eta zein behar izan ditzakeen medikuarengana joatea gomendatzen dugu. Hitzarmenari esker, errezeta bat dago non jarduera fisikoa eta kirola errezetatzen zaien. Nire kontaktua ematen zaie, eta harremanetan jartzen naiz, hitzordua jartzeko. Lehen elkarrizketan pertsonaren profila egingo dugu: zein patologia dituen, zein ohitura dauzkan, zenbat jarduera fisiko egiten duen, eta bukaeran bere beharretara egokitzen den jarduera bat proposatzen zaio. Herri bakoitzak dituen baliabideak erabiliko ditugu. Adibidez, 3. adineko gimnasia egitea ongi badatorkio, halako ikastaro batera bideratu ahal zaio berari. Nahiago badu lan pertsonalizatuago bat, beste aukera bat bilatzen zaio, kiroldegian berarekin saio gidatuak egitea, esaterako. Helburua da, epe luzera bere atxikipena lortzea eta berak bere egunerokotasunean, modu autonomoan, ariketa fisikoa egitea. 

Eta norbaitek ez badu gaixotasunik baina jarduera fisikoa egin nahi badu?
Niri deitu eta hitzordua jarriko dugu. Lasai etorri daiteke. 

“Nire lana norberaren ezaugarri eta beharrei egokitutako jarduera fisikoa aukeratzea eta gidatzea da”

Non eskaintzen duzue Sakana Eskualde Aktiboa zerbitzua?
Egun Etxarri Aranatzen eta Arbizun gaude. Asteazken goizetan eta ostegun arratsaldetan Etxarriko Osasun Etxean nago, han utzi diguten bulego batean. Handik mugitu naiteke bai Arbizuko kiroldegira, edo Xalokera, hitzarmen bat egin baitugu eurekin ere. Bertan egiten ditugu jarduera gidatuak edo norbait ariketak ikastera badator bertara joaten gara. Bestalde, Arbizuko udaletxean, liburutegiaren ondoan, bulego bat utzi digute, eta han asteazken arratsaldetan eta ostegun goizetan egoten naiz. 

Ttipi-Ttapa paseo osasuntsuak eskaintzen dituzue Etxarri Aranatzen eta Arbizun. 
Bai, talde jarduerak dira. Etxarriko Ttipi-Ttapak irailean hasi ziren, eta Arbizukoak urte berriarekin batera. Etxarrikoak ostegunero egiten ditugu, 16:00etan, Osasun Etxe aurretik aterata, eta Arbizukoak asteazkenetan, 16:00etan, Arbizuko plazatik. Helburuak dira paseora ateratzea, taldean elkartu, hitz egin, harremanak izan eta jarduera fisikoarekiko atxikipena lortzen saiatzea; hau da, astero agertzeko konpromisoarekin, pixkanaka jarduera fisikoa barneratzen joan, ohituretan sartu eta azkenean aktiboago izatea. Bakoitza bere erritmora doa, eta geldialditxoak egiten dira behar izanez gero. 45 minutu-ordu bateko iraupena izaten dute paseo osasuntsuek. Ibilbide ezberdinak ditugu eta aldatzen goaz. 

Gidatzen duzun beste talde jarduera Helduhezifit da. Zer da?
Hiru hitzen batuketak adierazi nahi duen bezala, “heldu”, pertsona helduei bideratutako jarduera da, “hezi” jarduera fisikoa era autonomoan nola egin erakusten zaie, eta “fit”, hitzak iradokitzen duen osasun kutsu horrekin. Helburua da jarduera fisikoa egiten irakastea modu autonomoan, hainbat materialekin, eta jarduera ezberdinen bitartez. Arbizun eta Etxarri Aranatzen dira, toki itxian. Etxarrin hilabete bakoitzaren azken ostegunean arratsaldeko 17:00etan, Ttipi-Ttapa ondoren, Etxarriko Kultur Etxean utzitako gela batean. Eta Arbizun berdina, hilabeteko azken asteazkenean, 17:00etan, jende kopuruaren arabera udaletxean edo kiroldegian.

Zer diote jarduera hauetan ari diren partaideek?
Batzuk jada jarduera fisikoaren onurak ari dira esperimentatzen: mugikortasunaren aldetik esaten dute apaletara errazago iristen direla, beraien oreka hobetu dutela diote beste batzuk, jarduera fisikoak ematen duen ondorengo zoriontasun hori sumatzen dute… Ongizate puntu hori lortzen ari dira. Eta ikusten dute gero eta gutxiago kostatzen zaiela etxetik kalera ateratzea eta jarduera egitera. Hasieran nagikeria puntu batekin etortzen ziren, eta orain jada gogotsu etortzen dira. Jarrera aldaketa hori dute. 

“Ttipi-Ttapa paseoak eta Helduhezifit jarduera fisiko tailerrak ditugu; ongi pasatzen dugu” 

Etorkizunera begira beste jarduera batzuk aztertzen ari zarete, Bihotzfit programa, esaterako. 
Bihotzfit programarekin etorkizunean gaixotasun metabolikoa duten pertsonekin eta hipertentsioa edota bihotz arazoak izan dituzten pertsonekin jarduera espezifikoak egin nahiko genituzke. Sakanan jende asko dago bihotzeko arazoekin, eta euren bizi kalitatea hobetzera begira planteatu nahi dugu jarduera hori. 

Etxean Bizi proiektua da etorkizunean landu nahi duzuen beste bat.
Bai, helburua da etxetik mugitu ezin diren pertsona horiengana iristea. Horretarako Gizarte Zerbitzuekin lanean ari gara eta beraien zaintzaileekin batera etxean dauden pertsona horiei jarduera fisikoa edo behar dituzten ariketa horiek eskaintzea da asmoa, eta, bide batez, eurekin ordu asko pasatzen dituen zaintzaileei ere jarduera fisikoaren onura horiek ematea. 

Hauek guztiak doako ikastaroak eta zerbitzuak dira?
Bai, doakoa da. Sakanako Mankomunitateak eskaintzen du, Nafarroako Gobernutik lortutako diru laguntza bati esker. Ildo honetan, udalen laguntza eskertzekoa da. Beharrezkoak ditugun bulego eta instalazioak utzi dizkigute. 

Euskal Herrian halako esperientziak badaude?
Bai, Euskal Herrian badago halako esperientzia garrantzitsu bat, gurearen oinarria izan dena, Mugiment deitzen dena. Osakidetzarekin hitzarmena dute eta herri asko daude sartuta proiektuan, udal asko. Nafarroan ere oso famatua egin zen De la pastilla a la zapatilla ekimena, Atarrabian ere badago halako proiektu bat dago, Esteribarren ere bai, orain gurea… gutxika halako proiektuak txertatzen ari dira. 

Dinamikoak eta aktiboak izatera animatuko al ditugu sakandarrak?
Jakina! Jendea animatu dadila eta dei dezala lasai asko! Osasuntsu egotea ez da bakarrik gaixotasunik ez izatea; osasuna ongizate fisikoa, mentala eta soziala da. Beraz, edozein sakandar etorri daiteke gurera, doako zerbitzua da, oso ondo pasatzen dugu, eta helburua eskualde aktiboago bat izatea da. Ea jendea animatzen den!

 

Kaixo, Iraitz naiz! Aktibatu eta dei nazazu!
Nirekin harremanetan jartzeko 608 697 550 telefonora edo aktibatu@sakana-mank.eus posta elektronikora jo. Hau herritar guztiendako zerbitzua da, dohainik. Ez izan zalantzarik, jar zaitez harremanetan, martxan jarri eta has zaitez orain bizitza osasuntsuagoa egiten! Inguruan eskaintzen diren jarduera fisikoetan parte hartzeko aukera izango duzu, edo beharrezkoa bada, plan pertsonala prestatuko dizut. Bizitza aktiboagoa egiten lagunduko dizut. Aktibatu eta deitu!

Erlazionatuak

Bat, bi, bat bi…Aktiba gaitezen!

Maider Betelu Ganboa 2021 mar 10 Sakana