ETB3 ikusteko eskaera berria

Guaixe 2021ko eka. 30a, 13:03

ETB3k haur eta gaztetxoendako programazioa eskaintzen du.

Pantailak Euskaraz mugimenduak egin du.

Netflix Euskaraz eta Disney Plus Euskaraz taldeek, Tinko euskara elkarteak eta BIEUSE bikoizleen elkarteak hainbat aldarrikapenetan bat egin dute eta Pantailak Euskaraz sortu dute. Sortzaileek adierazi dutenez, “ikus-entzunezkoen mundu pantaila-anitzean euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik gauden hainbat herri ekimen eta eragilek sortu dugun mugimendua da. Indarrak batuz, egoera hau irauli eta euskarazko etorkizun bat lortzeko helburua dugu. Herritarren babesarekin erakundeak mugiaraziko ditugu”. Mugimenduak 10 puntuko aldarrikapena egin du eta haietako bat da “EITBren seinalea Euskal Herri osoan eta euskarri desberdinetan eskuragarri egotea”. Hau da, ETB3 Sakanan ikusteko eskaerarekin bat egiten dute. 

ETB3 gaur egun Iruñerritik behera ikusteko aukera dago, baina ez Mendialdean. Egoera hori zuzentzeko lanean ari da ETB3ren aldeko plataforma eta foru administrazioari egoera zuzentzeko eskatu dio. Hainbat sakandarrek eta ibarreko udalek haur eta gazteei zuzendutako ETBren kanala ikusteko eskaerarekin bat egin dute.