Lizarragakoa da Martina Elso Luis, eta aitortu duenez, “ibiltzea asko gustatzen zait, mugitzeko pixka bat. Herrietara joatea gustatzen zait, jendearekin egotea beste herrietan, elkar ikusten badugu. Gustatzen zait beste herrietakoen berri izatea, ea ongi dauden…” Jose Ignacio Lizarraga Artola dorrobarra da, eta jubilatu zenez geroztik paseatzera ateratzen da egunero kasik. Azaldu duenez, “zahartzean beti ateratzen dira osasun arazoak, eta pixka bat zaintzeko. Ni ibiltzen naiz horrela oso ondo. Kilo batzuk kendu ditut eta…” Resu Mendibe Mercero eta Teodora eta Castora Mozo Lizarraga ahizpak, berriz, unenuarrak dira. “Ahal dugun tokiraino” joaten direla azaldu du Resuk. Teodorak argitu duenez, “lehen urrutiraino joaten ginen, Dorraoraino ere bai. Baina orain ez, zahartu gara eta gertuago gelditzen gara”. Unanutik errekaraino edo “Dorraoko aldapatxoraino” joaten direla zehaztu du Castorak, “zelaiago dagoelako, ez dagoelako aldaparik. Eta hemen gehiago ibiltzen gara. Adinaren kontuak dira horiek. Gaztetan noranahi, eta, orain, ahal dugunera. Ez dago besterik”.
Jose Ignacio Lizarraga Artola.
Urte sasoiaren arabera, dorrobarrak, bidea aldatu egiten du. Neguan, “jaitsi Unanutik Mundiño, Lakuntza, Etxarri Aranatz, Lizarraga eta Dorraora. Hori egiten dut gehienbat”. 18 bat kilometro. Udaberrian, eguraldiak laguntzen badu, “Unanuko bordetatik Goñiko gainetara atera eta handik, menditik, Lizarragako portutik, bidez bide, jaisten naiz herrira”. Gainera, onddo garaian ere basoan ematen ditu paseoak.
Elsok Lizarragako frontoitik behera doan bidea hartu eta Dorraoko bidegurutze ondoan dagoen ermitan jarrita hartzen du gozatua. “Dorrobarrek oso ongi daukate aulki batzuk jartzeko. Gainera, badakizu zein bista ditugun! Han jarrita gustura egoten naiz”. Bakarrik joaten denean bide hori egiten du. Elurra zegoen aurtengo neguko egunetan, ermitan gelditu beharrean, portuan gora joaten zen lagunekin, iturriraino, gero handik herrira jaisteko. Ibilaldiak nola egiten dituzten galdetuta, “Castora hemen baldin badago, gu biak gehienetan elkarrekin ibiltzen gara” azaldu du Teodorak, ahizpa kanpoan bizi baita. Resuk, berriz, bideari bakarrik heltzen dio, “edo, bestela, etxekoren batekin, alabaren batekin”. Castorak azaldu duenez, “eguraldi txarrarekin ez gara ateratzen”. Teodorak ziurtatu duenez, “orain ez du garai batean bezala elurrik egiten”.
Martina Elso Luis.
Elsok badaki bidean jendearekin topo eginen duela, “orain, Unanun jende gutxi ikusten dugu. Dorraon badaude andre bakarren batzuk, ateratzen direnak gu bezala paseatzera. Haiekin egoten gara pixka bat”. Lizarraga bidean artzainekin edo beste herrietakoekin opatzen da, baina ez du gelditzeko joerarik, “nire bidean segitzeko ohitura dut. Egun ona eman, eta holaxe”. Unenurrek esan dutenez, arratsaldeetan topo egiten dute dorrobarrekin eta lizarratar batzuekin. “Medikuak esaten du hitz egin beharra dagoela, eta, egin, egiten dugu hitza”, jakinarazi du Resuk.
Aukera gehiago
Ergoendarrei beste bideren batzuetan ibiltzen diren galdetuta, Elsok jakinarazi du Lizarragan San Martin ermita dutela, “harantz ere joaten gara batzuetan. Oso polita ere. Baina joera gehiago dugu beste alde honetara. Nolabait alde honetan bizi garen”. Teodorak plana proposatu du: “bidetik Dorraora, Dorraotik, dermiotik, horko soroen paretik, beste soro-bide bat dago, eta handik gora Lizarragara joaten da”. Unanuko frontoitik aurrera Ondatzerako bidea, “leku polita da hori” zehaztu dute hirurek. “San Donatia jende asko igotzen da, Jesus!” esan du Castorak, “egun batean 52 auto kontatu nituen”. Gaztetan Etxarrira Utzubar barna nola joaten ziren ere gogoratu dute.
Dorrobarrak, azkenik, esan duenez, “Lizarragako portura igotzen naiz, han bidea hartu eta San Adrian ermitaraino. Lizarraga jaisten naiz, eta etxera buelta”. Beste ibilbide proposamen bat ere eman du: “Dorraotik atera eta Aralarko santutegira joatea. Gainera, bidez bide joaten naiz buelta guztia. Lau orduz Dorraotik sartzen naiz hara”. Lizarragak ziurtatu duenez, “nahi duenak hemen bilatu, aukerak badaude ibiltzeko”.