Sakanako Mankomunitateko Telekomunikazio Batzordeko buru Gorka Ovejero Ganboak azaldu duenez, “Bartzelonan dagoen munduko banaketa gunearekin lotuko da Sakanako sarea. Handik ibarrera Red Electrica Españolaren sarearen bidez etorriko da eta, horregatik, alokairua pagatu beharko zaio”. Zuntz azpiegitura propioa Sakanan nola banatuko litzatekeen azaldu du Ovejerok: “banaketa puntu bat izanen dugu eta haren ekialdera eta mendebaldera 15 km-tan luzatuko da sarea”. Jakinarazi duenez, behin behinean puntu hori Irañetan ezarriko da, baina behin betikoa Uharte Arakilen jarriko da.
Ovejerok gaineratu duenez, banda zabaleko sarea, lehenik, Arakil aldera zabalduko dute, eta, ondoren, Etxarri Aranatzeraino eramanen dute. Zuntza batetik bestera eramateko lanik handiena hura lurperatzeko kanalizazioa egitea da. Hori egin eta zuntza ezartzeko hiru hilabetez ariko dira lanean. Sarea Bakaikuraino zabaltzeko aukera legoke. Han Movistarren zuntz optikoa dute, baina Barga ondoko hamar bat etxetan enpresak ez zuen halakorik jarri.
Ibarrean zuntz optikoa zabaltzeko, SGAk eta Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bitartez, hitzarmena sinatu zuten ostiralean. Agiriak Juan Cruz Cigudosa Garcia kontseilariak eta David Oroz Alonso SGAko buruak sinadura du. Horrela, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen tramitazioan Geroa Baik eta EH Bilduk aurkeztutako emendakinari bide eman zaio. Proiektuak 400.000 euroko aurrekontua du eta foru administrazioak 116.000 euro jarriko ditu.