Astekaria

Hondakinen Funtsa bederatzi proiekturen diru iturria

Guaixe 2021ko abe. 13a, 09:32

Utzubar EKO Gunea konpost plantako sarrera informazio kartelekin. MANK

Sakanako Mankomunitateak 174.860,7 euro (BEZ kanpo) balioa duten proiektuak egiteko Nafarroako Hondakin Funtsetik 141.759,18 euro jasoko ditu. 

Nafarroan zabortegietara bideratzen den hondakin tona bakoitzeko bi ordainketa egin behar dira: onarpen tasa eta zerga bat. Hala dago jasoa Hondakinei buruzko Foru Legean. Zerga horrekin eta hondakinak gaizki kudeatzegatik jarritako isunekin bildutako dirua Nafarroako Hondakinen Funtsera doa. Jasotzen den dirua administrazioen artean dirulaguntza moduan banatzen da, beti ere, hondakinak prebenitzeko, berrerabiltzeko edota birziklatzeko proiektuak garatzeko. Sakanako Mankomunitateak aurten bederatzi proiektutarako dirulaguntza jaso du. 

Zero Zabor Komertzioak
Hondakinak murrizteko eta komertzioetan hondakinak ongi bereizteko programa da. Gainera, denda txikiei balore positiboa eskaintzen die haien jarrera arduratsua agerian jarriz. Horretarako, denden sarreran Zero Zabor Komertzioa dela adierazten duen pegatina bat jarriko da. Bestalde, denda txikien bidez sakandarrei hainbat material banatuko zaizkie: harategi eta arrandegietan erabiltzeko tuperrak; jatetxeetatik jatekoak eramateko konpostatu daitezkeen ontziak; kotoizko poltsak arropa, zapata, liburu, kopia dendak eta halako dendetan erabiltzeko eta jutezko poltsak janari dendetan erabiltzeko. 

Kamioi baten erosketa
Mank-ek biohondakinak jasotzeko kamioia erosi nahi zuen, baina dirulaguntzek ezarritako epeak ezinezkoa egin zuten. Irailean jakin zuen erosketarako dirua zuela, eta azaroaren 15a baino lehen egin behar zuen erosketa. Hondakinak biltzeko kamioiak enpresek stockean ez dituztenez, kamioi berria erosteko ideia baztertu eta bigarren eskukoa erostea erabaki zuen Mank-ek. Hasiera batean 135.000 euro aurreikusten zituen erosketarako, 94.500 euroko dirulaguntza izan behar zuen. Baina plan aldaketaren ondoren, bigarren eskuko kamioia erosteko 60.000 euro bideratuko ditu eta 42.000 euroko laguntza jasoko du. 

Konponketa Txokoa
Arbizuko Utzubar EKOgunean konponketak egiteko etxola bat jarri da, hainbat tresnekin. Sakanako Konponketa Txokoak hamar konponketa tailer hartuko ditu. Haren bidez, Mank-en helburua berrerabilpena sustatzea da. Horretarako, ikastetxeekin, jubilatu elkarteekin eta hainbat eragilerekin harremanetan jarriko da, konponketa tailerrak eskaintzeko. 

Trazabilitate sistema
Bilketa kamioietan GPS sistemak ezarriko dituzte. Proiektu horren bidez Mank-ek hondakinen bilketa ibilbideak optimizatzeko eta, beraz, bilketa zerbitzua hobetzeko aukera izanen du.

Komunikazio kanpaina
Aztikerrek sakandarren artean egindako inkestaren emaitzak agerian utzi du herritarrek hondakinek zer bide jarraitzen duten jakin nahi dutela. Horregatik, Mank-ek komunikazio kanpaina eginen du. Haren barruan, besteak beste, sakandarren informazio eskaerei erantzuten dien gida bat argitaratu eta ibarreko etxebizitza guztietan banatuko da. 

Biohondakin bilketan hobekuntzak
Biohondakin bilketarako beharrezkoak diren hainbat material erosi dira: 120 litroko eta 240 litroko edukiontzi marroiak, haiendako giltzak eta etxean biohondakinak banatzeko kuboak. Bestalde, hainbat konponketa egin dira: etxoletan, edukiontziak heltzen dituzten zutoinetan eta posteetan.

Organikopa
Mank-ek Etxarri Aranatzen eta Altsasuren arteko materia organikoaren bilketa lehia antolatu zuen. Etxarri Aranatzen astelehen eta ostegunetan posteetatik bildutako gai organikoaren pisua aztertu zuten astero eta Altsasun, berriz, edukiontzi marroiaren bitartez jasotakoa. Maiatzaren 3tik garilaren 3ra arte egin zituzten neurketak. Neurketa etxarriarrek irabazi zuten, herritar bakoitzeko 34,29 kilo materia organiko berreskuratu zuten bi hilabete horietan. Etxarri Aranatz Organikopako Sakanako eta Nafarroako garailea izan zen. Irailaren 16an Etxarri Aranatzen sari banaketa egin zen. Birziklatutako plastikoarekin egindako hainbat hiri altzari eman zizkioten Etxarri Aranazko Udalari sari moduan (mahaiak eta bankuak, zakarrontziak, bizikletak aparkatzekoak eta kafe kapsulak biltzeko edukiontzia) eta Altsasuri Otadia auzo-konpostgunean hobekuntzak eta informazio panela eta kafe kapsulak biltzeko edukiontzia eman zitzaion.

Arropa edukiontziak
2019an kalean zeuden arropa biltzeko edukiontziak erretiratu ziren, bilketa egiten zuen enpresak Nafarroako delegazioa itxi zuelako. Ordutik Mank buru belarri aritu da zerbitzu hau berreskuratzeko aukerak aztertzen. Azkenik, Emausko Trapuketariekin hitzartu du zerbitzu horren eskaintza. Kalean jartzeko edukiontziak erosi ditu. Lehen 27 bazeuden aurki 29 izanen dira. Edukiontziek diseinu berria izanen dute, arropa behin bilduta jarraitzen duten bidea zein den azaltzen duena.

Konpost plantan hobekuntzak
Aurten zabaldu den konpost plantako sarreran kudeatutako materia organiko kopurua eta banatutako konpostaren inguruko informazioa ematen duen kartel dinamikoa jarri da. Era berean, heziketa ekintzetan laguntzeko han ikusi daitezkeen frakzioen ikonografia landu eta kartelak egin dira, esaterako: inausketak, egituratzailea, konposta, materia organikoa eta abar.

Nafarroako Hondakinen Funtsetik Sakanako Mankomunitateak jasotakoa
Proiektua Aurreikusitako kostua (BEZ kanpo) Jasotakoa
Zero Zabor Komertzioak 26.197,60 26.197,60
Sakanako Konponketa Txokoa 10.156,76 7.800,00
Kamioi erosketa 60.000,00 42.000,00
Trazabilitate sistema 2.576,75 1.800,00
Komunikazio kanpaina 29.527,68 29.527,68
Biohondakin bilketan hobekuntzak 18.402,99 12.800,00
Organikopa 6.059,90 6.059,90
Arropa edukiontziak 20.520,00 14.374,00
Konpost plantan hobekuntzak 1.419,02 1.200,00
Guztira 174.860,70 141.759,18