Foru Hobekuntzari buruzko dokumentala Sakanan

Guaixe 2022ko mar. 18a, 13:33

Nafarroa XXI herri ekimeneko kidea dokumental emanaldien aurkezpena egiten. UTZITAKOA

Nafarroa XXI herri ekimenak antolatu emanaldia eta haien bidez azaldu nahi du “1982ko Foru hobekuntzaren negoziazioak azpikerian nola eman ziren, justuki negoziazio eta legearen onarpenetik 40 urte pasa direnean”.

Nafarren artean autogobernuaren inguruko eztabaida sustatu eta zabaltzeko helburuz aurkeztu zuen bere burua Nafarroa XXI herri ekimenak lastailean. Ekimeneko kideek azaldu dutenez, “gaur gaurkoz inork ez du zalantzan jartzen, ez herritarrok eta ez ordezkari politikoek, eztabaida urgentea eta beharrezkoa denik”. Herri ekimenak Foru Hobekuntzari buruzko “egiazko eztabaida sozial eta herritarra sustatu” asmoz, “herri kontakizunaren ahotsa ikusarazi nahi dugu”. Horregatik, Joko zikina, 40 urteko iruzurra eta usurpazioa Nafarroako Foruaren Hobekuntzan izenburuko dokumentala prestatu du, gaurtik aurrera Nafarroako 77 herri eta auzotan proiektatuko dena (Sakanako 11 herritan, emanaldiak euskaraz izanen dira). 

Herri ekimeneko kideek nabarmendu dutenez, “Konstituzio Auzitegiak helegitea jarritako 17 legeak, lan erreforma errefusatzeak, pentsioenak, LOMCE hezkuntza legearenak, mozal legearen aurka parlamentuak adierazitako arbuioak… kili kolo uzten dute nafar autogobernua 40 urteren ondoren”. Nafarroa XXIeko kideen iritziz, “egunak joan eta egunak etorri, Foru Hobekuntza berez ordezkatu behar lukeen jendartetik geroz eta urrutiago dago. Jendarteak eta Parlamentuak adierazi dituen askatasun eta eskubideen handiagotze nahiarentzako kortse batean bilakatu da”.

Dokumentala
Ikus-entzunezkoak “Nafarroaren askatasunak, legeak eta bidezkoak diren bere nahi eta asmoak” mahaigaineratu nahi ditu. Herri ekimeneko kideek esan dutenez, “Nafarroaren egungo estatus politikoaren negoziazioaren zirrikituetan barneratzen da, Franco hilda, Nafarroan deus aldatuko ez zela ziurtatzeko, iruzur egiteko prest zegoen talde baten tranpa, trikimailu eta gezurrak erakutsiz”. Gogorarazten du Estatuko ia lege autonomiko guztiak aldatuak izan diren bitartean Nafarroako ez dela aldatu. 

Zehaztu dutenez, “azken lau hamarkadetan bere babesleek behin eta berriz errepikatu dute Hobekuntza pre eta suprakonstituzionala dela, bere izaera pakzionatua edo hitzartua, eta estatuak Nafarren borondatea zorrotz errespetatzen duela. Bitartean, Nafarroako herritarrek ikusi dugu nola azken urteetan gure parlamentuak onartutako 15 legei helegiteak jarri zaizkien, hauetako batzuk baliogabetu edo ezabatuz”.


Egutegia

  • Martxoak 18, ostirala
    Irurtzun
    Uharte Arakil

  • Martxoak 19, larunbata
    Etxarri Aranatz 

  • Martxoak 23, asteazkena
    Altsasu

  • Martxoak 24, osteguna
    Iturmendi
    Olatzagutia
    Ziordia

  • Martxoak 25, ostirala 
    Ihabar 
    Arbizu
    Bakaiku
    Urdiain