Esku morearen babesa zabaltzeko lanean

Guaixe 2023ko urt. 23a, 14:02
Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduna koordinatzeko Sakanako I. lurralde-Protokoloa’ sinatzaileak. ARTXIBOA

Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduera koordinatzeko Sakanako I. Lurralde Protokoloaren baitan erakundeen bilerak eta profesionalei eta sakandarrei zuzendutako prestakuntza saioak antolatu dituzte Sakanako eta Altsasuko Berdintasun Zerbitzuek elkarlanean.

Hainbat erakunderen elkarlanaren ondorioz, Sakanak Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduera koordinatzeko protokoloa du 2021eko otsailaren 23az geroztik. Agiriak Sakanako Mankomunitatearen, ibarreko udalen, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren, Osasunbidearen, Sakanako oinarrizko gizarte zerbitzuetako hiru mankomunitateetakoen eta ibarreko hiru osasun eskualdeetako ordezkarien sinadura du. Protokoloak bere baitan planifikazio, jarraipen eta ebaluazio sistema du. Baita urtero jarduerak antolatzeko beharra ere. Hori Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuek elkarlanean eginen dute. 

Hasteko, asteazkenean protokoloa koordinatzeko eta kudeatzeko sortutako bi egituren bilerak egin ziren: Eskualdeko Koordinazio Mahaia, edo gune teknikoa, eta Emakumeen Kontrako Indarkeriarako Lurralde Batzordea, hautetsiak biltzen dituena. Bilera batean eta bestean egindakoaren berri eman eta aurtengo plangintzaren berri eman, eta iritziak trukatu zituzten. 

Prestakuntza 
Emakumezkoen indarkeriari aurre egiteko prestakuntza beharrezkoa dela iritzita, protokoloan jasota dago urtero prestakuntza saioak egin behar direla. Indarkeria matxista egoeran dauden emakume eta adingabeei prebentzioa, hautematea eta akonpainamendua izeneko trebakuntza prozesuan parte hartu zuten protokoloan parte hartzen duten profesionalek joan den urtean. 

Aurtengo plangintzari dagokionez, Mank-eko berdintasun teknikari Oihana Gallo San Roman eta Altsasuko Udaleko berdintasun teknikari Aizaga Zeberio Petriatik azaldu dutenez, “prestakuntza arloka banatu dugu, profesional talde bakoitzaren errealitateetara ahalik eta gehien hurbiltzeko”. Gaineratu dutenez, “trebakuntzaren izaera praktikoagoa izanen da”. Profesionalendako bi prestakuntza izanen dira aurten. Alde batetik, oinarrizko gizarte zerbitzuetako mankomunitateetako langileak, Genero Indarkeriaren Biktimendako Iruñerriko eta Nafarroako Iparraldeko Arreta Osoko Taldeko langileak eta bi berdintasun teknikariak 6 saioko prestakuntza eginen dute ilbeltza eta garagartzaroa bitartean. Saio bakoitza 3 ordukoa izanen da. Bestetik, ibarreko hiru osasun eskualdeetako langileek bina orduko prestakuntza saioak jasoko dituzte. 

Hezkuntza eta farmaziak
Beste bi esparruetan ere prestakuntza emanen dute. Batetik, ibarreko ikastetxe eta herri guztietako elkarte eta eragileei zuzendutako hiru saio izanen dira. Horien bidez, “indarkeria matxistaren aurreko prebentzioa, detekzioa eta lehen jarduketa landuko da. Lehenik protokoloaren berri emanen dugu eta, ondoren, Eraikiz kolektiboko adituek emanen dute prestakuntza”, azaldu dute teknikariek. Arakilgo prestakuntza saioa, Irurtzun eta Uharte Arakil bitarteko herriak hartzen dituena, ilbeltzaren 25ean, asteazkenarekin, Irurtzungo kultur etxean eginen da. Altsasu, Olatzagutia eta Ziordikoa otsailaren 22an, asteazkenarekin, Altsasuko Iortia kultur gunean izanen da eta Aranazkoa, Arruazu eta Urdiain arteko herriak hartzen dituena, otsailaren 23an, ostegunarekin, Etxarri Aranazko kultur etxean izanen da. Hiru saioak 16:00etatik 19:00etara izanen dira. 

Bi berdintasun teknikariak ibarreko 21 farmazietako langileekin ere bilduko dira otsaila erdialdean. Izan ere, farmazialarien kolegioaren eta estatuaren lankidetzari esker, botikak indarkeria matxistari aurre egiteko “puntu morea” dira. “Estatutik jaso duten informazioaren berri jasotzeko, Nafarroako legediaren eta eskualdeko Protokoloaren berri emanen diegu. Gainera, indarkeria matxistari elkarlanean nola aurre egin aztertuko dugu”, azaldu dute teknikariek. 

Erlazionatuak