“Pateran etorritako mutiko baten istorioa entzun eta ilustratu zuten”

Guaixe 2023ko api. 21a, 14:42

Altsasu Bigarren Hezkuntza Institutuko Mikel Mundiñano Larraza eta Uxua Azpiroz Armendariz.

Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuak parte hartze aktiboa izanen du Altsasun igandean izanen den elkartasun azokan.

Hala jakinarazi du Uxoa Azpiroz Armendarizek, ikastetxeko filosofia eta beste gai batzuetako irakaslea. Metodologia aktiboen bitartez, eta elkarlanean, kulturartekotasun lanketa handia egiten ari dira institutuan. Ikastetxeko komunitatea osatzen dutenen migrazio mugimenduak aztertu eta horiek plazara eramanen dituzte ikasleek. Gainera, haien adin bertsua zuenean estatura pateran iritsitako mutil baten istorioa ezagutaraziko dute azokan. 

Nolaz institutua elkartasun azokaren antolakuntzan? 
Definizioarekin bat egiten dugulako. Filosofia Mintegitik Elkartasun Eskolen proiektua koordinatzen dugu. Gure helburua da sustatzea garapenerako hezkuntza, 2030 Agenda eta hezkuntza inklusiboa eta kulturartekoa. Joan zen urtean parte hartu genuen eta, aurten, nola ez, gure proiektua aurkeztera animatu gara. 

Zertan datza proiektua? 
Abiapuntua gure jatorriaren inguruan hausnarketa egitea da. Horretarako, ikerketa lana egin genuen. DBHko 1. mailako ikasleen familien jatorriaren inguruko genealogia zuhaitzak sortu genituen. Kalkulu taula batean datuak sartu, grafiko batzuk atera eta hortik mapa ilustratu bat egin genuen. Beste material batzuk ere sortu genituen. Horrekin guztiarekin erakusketa egin genuen abenduan. Aldi berean, oso bisita berezi bat jaso genuen Zeruertz taldearen eskutik: Oussama izeneko mutilarena. Bera Kenitrakoa (Maroko) da, eta 14 urterekin estatura pateran iritsi zen. Gaur egun Iruñean bizi da. Bere istorioa kontatu zigun, eta gure ikasleek, A eta D eredukoak elkarlanean, kamishibai formatuan bere istorioa ilustratu zuten. 

Zer da kamishibai?
Japonian ipuinak kontatzeko erabiltzen den arte tradizionala da. 

Beraz, Oussamaren istorioa ipuin gisa jaso dute.
Ipuin moduan eta, gainera, metodologia aktiboak erabiliz. Ikaskuntza kooperatiboa erabiltzen dugu proiektuak aurrera eramateko, eta horrela egin dute. Baina ez bakarrik gela barruan, hizkuntza ereduen artean ere izan da kooperazioa. Izan ere, A eta D ereduko ikasleek elkarlanean eta metodologia aktiboen bitartez sortu dugu. Kamishibaiak 8 lamina ditu eta haietan istorio guztia jasotzen da. 

Ikasleak elkartasun azokan kamishibai kontakizunak eginen dituzte? 
Bai, hala da. Alde batetik, interpretazioak egingo dituzte, gainera lau hizkuntzatan: euskaraz, ukraineraz, arabieraz eta gaztelaniaz. Hainbat herrialdetako eta jatorritako ikasleak ariko dira. Bestetik, guk erabili ditugun material guztiak erakusgai egongo dira jendeak kontsultatu ahal izateko: Giza Eskubideak, Garapenerako Hezkuntza eta 2030 Agenda. Gainera, aurreko urteetan egindako kamishibaiak eta butaiak, antzerkitxoak, ikusgai izanen dira, eta animatzen den edonork interpretazioak egiteko aukera izanen du. 

Beraz, parte hartu ahalko da. 
Bai, bai. Metodologia aktiboaren aldekoak gara, klasean eta institutuan bai, baina azokan ere bai. 

Zerbait gehiago? 
Jarduera berezi bat dugu. Aya izeneko Siriako neska batek Siriaren inguruan aurkezpen bat egingo du. Hurbiltzen den oro parte hartzera eta interpretazioa egitera animatuko dugu. Animatzen baldin bazarete, ongi etorri. Hurbildu ongi, ongi pasatuko dugu. 

Erlazionatuak

Ikusezin bilakatutakoak azaleratzeko bide

Maialen Huarte Arano 2022 abe 22 Altsasu