Miren Aranguren Etxarte

"Buelta asko eman eta gero erabaki da zaintzaileengan fokua jartzea"

Guaixe 2023ko urr. 5a, 13:29

Miren Aranguren Etxarte.

Beterri-Buruntza eskualdeko zainketen diagnostikoaren berri eman zuen Emagin Elkarteko Miren Aranguren Etxartek.

Usurbil, Andoain eta Hernani inguruak osatzen du Beterri-Buruntza eskualdea. "Gu, bereziki Hernanin jardun gara. Herri batetik bestera kristoren aldea dago". Zaintza lanen demokratizaziorantz: Beterri-Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena 2020ko maiatzean aurkeztu zen.

Zergatik egin zen zaintzari buruzko diagnosia?
Herriak garapen agentzia bat egiteko prozesuan murgilduta zeuden 2016an. Pare bat teknikarik bereziki sustatuta, enplegu sozialaren ikuspegitik hutsune batzuk bazeudela ikusi zen. Hutsune horietako batek lotura handia zeukan zaintzarekin. Inoiz ez dakizu gauzak zergatik suertatzen diren. Eta kasu honetan ere uste dut ahal astroen lerrokatze bitxia egon zela. Mugimendu feministak bultzatuta, justu Emaginen ere zaintzarekin interesa pizten ari zitzaigun. Orduan ere Bartzelonara joan eta Ciutat Invisibleko kide batzuk ezagutzeko aukera izan genuen, Bartzelonako Udalarendako zaintzaren inguruko diagnostiko bat egin zuten. Eta iruditu zitzaigun Beterri Buruntzaldera halako ekimen bat eramatea aukera bat zela. Emaginen eta teknikari horien interesarekin eta Bartzelonako erreferentzia positiboarekin lanean hasi ginen.

Zaintzak arlo asko hartzen du. Zerbaiti erreparatu zitzaion zehazki? Zergatik? 
Hori zailtasun handienetakoa izan zen. Oso erraza da esatea zaintzaren inguruko diagnostiko bat egingo dugula. Baina lurreratu nahian hasi genienean, oso gai konplexu batekin topo egin genuen. Buelta asko eman genizkion Emaginen eta eskualdeko berdintasun teknikariek, gizarte langileek eta gizarte enpleguko teknikariek. Buelta asko eman eta gero erabaki da zaintzaileengan fokua jartzea. Gure ustez garrantzitsua zen zaintzaren alorrean profesionalki eta informalki jarduten dutenen egoera ezagutzea, lehen eskutik, aurrez aurre eta haien ahotsa kontuan hartuta. Errealitate hori jasotzen zuten oso egitasmo gutxi zeuden garai horretan. Arreta hor jarri genuen, baina bereziki adinekoen zaintzan jarduten dutenengan. Jakitun jende asko uzten genuela kanpoan, eta zaintzaren alor asko ere kanpoan uzten genituela. Potentzial politiko handiko hitza eta errealitatea da. Baina mugatu beharra zegoen.

Potentzial politiko handiko hitza eta errealitatea da. Baina mugatu beharra zegoen

Nola egiten da hori? 
Guretako garrantzitsua zen, batetik, profesionalki jarduten zuten horien kasuan, gizarte zerbitzuen zerbitzuetan lan egiten zutenengana gerturatzea. Hau da, etxez etxeko zerbitzua, eguneko zentroak, tutoretzapeko pisuak, egoitzak eta abar. Baina, era berean, etxeko langileengana gerturatu nahi genuen: modu informalean, etxe barneko langile gisa bezala lan egiten dutenengana, oraindik haien egoera arautu gabe edo paperak arautu gabe zeuzkaten haiengana. Ez zen bakarrik gu egiten ari ginen zerbait, Hernanin beste prozesu bat abiatu zen: etxeko langileen kooperatiba bat sortzea. Hainbat kontu eskaini ziren. Gerturatu ziren horietako batzuekin lanketa bat egin zen: profesionaltasun ziurtagiria lortzeko baliabideak erraztea. Hernanin kulturartekotasuna sustatzen duen Amher elkartearengana gerturatu ziren emakumezko haiek. Taldetxo bat ziren. Guretako erraza izan zen aurreneko maila horretara iristea. Hortik jaso etxeko langileen egoera oso-oso prekarioaren berri. Azkenik, familietan zaintzen ari direnen errealitatea jaso, oso-oso gutxitan jasotzen dena, eta gizarte zerbitzuetatik ere askotan hartu-eman zuzena egoten ez dena. Horretarako Gipuzkoan dauden programa batzuk baliatu genituen. Baina langileen, egoiliarren edo dena delakoaren bidez gerturatu ginen. Elkarrizketak egin genituen. Lehenengo ondorioa izan zen jende oso gutxik galdetu diela ezer. 

Diagnosiak pausoak emanarazi ditu?
Atzera begiratzen dudanean, haluzinatu egiten dut. Hasieran ez aurrera ez atzerako momentu asko eduki genituen. Orain begiratzen dut zer ibilbide egin dugun eta, egia esan, oso-oso modu positiboan baloratzen dut. Usurbilen, Andoainen eta Hernanin prozesu oso politak abiatu dira. Hausnarketa prozesuak herritarrekin, baina baita egitasmo zehatzak ere. Auzo zaintza programa azpimarratuko nuke. Hernanin bakardade egoeran dauden adineko pertsonei zuzendutako bidelaguntza publiko komunitarioa da. Hainbat hanka ditu. Bat bidelagunak dira, eta lehenetsi zen Maitelan kooperatibako langileak izatea. Horrela etxeko langileen zirkulu itxitik beste lan ibilbide batzuetara ateratzen dira. Bestea, adineko pertsonak. Zabalduz kooperatiba hori guztia kudeatzen ari da. Eta gizarte zerbitzuak. Komunitatean ere lan bat egiten ari gara, eta herritarrak inplikatzen ari dira, elkarrekikotasun hori nolabait herrira zabaltzeko. 

Elkarrizketak egin genituen. Lehenengo ondorioa izan zen jende oso gutxik galdetu diela ezer

Herri ikuspegitik urrundu eta eskualdekoa hartu, zergatik?
Hasiera batean eskualdera zabaldu genuen, baina orain herrietan zentratzen ari gara. Zergatik? Tokikotasunak kristoren potentziala dauka. Konturatu ginen Beterri-Buruntzaldean herri batetik bestera kristoren aldeak daudela, bai kultura politikoaren aldetik, bai soziodemografiaren ikuspegitik. Ikusi genuen interesgarria zela tokian tokiko prozesuak abiatzea. Hala eta guztiz ere, orain beste puntu batean gaude. Hiru herritan egitasmoak abiatu dira. Nik uste dut egon beharko duela momentu bat eskualdera berriz ere salto egin ahal izateko, eta hainbat egitasmo eskualde mailan indartzeko. Uste dut interesgarria izango litzatekeela, proiektu pilotuez hitz egiten ari garelako, esperimentazioaz. Funtzionatzen duten gauzak beste herrietara eramatea inportantea da. Gainera, baliabide finituak dauzkagula kontuan hartuta, herri txikiak direla eta baliabide horiek partekatzea oso inportantea dela.