Ibarrak badu zaintzaren aldeko ituna

Guaixe 2024ko urt. 9a, 09:00

Ituna sinatu eta sustatu zutenen talde argazkia.

Nafarroan aurten halako 23 tokiko itun sinatu dira. Sakanako Mankomunitateaz eta tokiko erakundeez aparte, ibarreko eragile, talde eta bestelako erakundeek sinatu zuten ituna; 35 guztira. Hori hasiera besterik ez da, nahi beste erakundek izenpetu baitezakete ituna.

Zainketa politika publikoen erdigunean kokatzeko pausoa eman zen abenduaren 19an: Sakanako Zainketen aldeko Ituna sinatu zen. Bizitzaren jasangarritasunean zaintzari zentraltasuna eman nahi dio itun horrek, eta, bide batez, Sakanako Berdintasun Planean jasotako hainbat neurriri bulkada emanen die. Alde guztiak parte hartzen duten zaintzaren banaketa baliokide eta bidezkoa sustatzen du Itunak. 

Nafarroako Berdintasun Institutuko (NABI) Berdintasunerako Gobernantzaren Zuzendariorde Sara San Julian Casok esan zuenez, ituna zaintzaren konpromisoa sustatzeko da. Izan ere, "oraindik zaintza gehienak emakumezkook egiten ditugu, beraz, azken helburua benetako berdintasun eraginkorra lortzea da". Itunaren bidez "beharrak identifikatu nahi ditugu eta konponbide eta proposamenak egin, zainketa sistema unibertsal baterantz jotzeko". Zaintza eredua "bizi dugun errealitate eta momentura egokitu" nahi dute Itunarekin. Horrek "erantzun eta proposamen berriak eta premiazkoak eskatzen ditu, pertsona guztiei ahalik eta ongizate eta oreka handienarekin bizitzea utziko diena". 


Ituna sinatu aurretik prestakuntza saioan parte hartu zuten.

Sakanako Mankomunitateak du Itunaren lidergoa eta NABIrekin koordinatu eta haren laguntza izanen du. Baina udalak, eragileak eta pertsonak izanen dira premiak identifikatuko dituztenak, eta lan programetan jasoko diren neurriak zehaztuko dituztenak. Ituna sinatu aurretik, zaintzei buruzko oinarria izateko, sinatzaileek trebakuntza saio bat jaso zuten.  Ilbeltzean eta otsailean beste saio bana izanen dute. Haietan autozaintza, pertsonen zaintza, senideen eta etxeen zaintza, komunitatearen eta herritarren zaintza eta planetaren zaintza landuko dituzte. Hala jakinarazi zuen Miren Oderiz Insaustik, Zainketen Aldeko Itunak Nafarroan programaren teknikari arduradunak. Horien ondoren zaintzen inguruko 2024ko plangintza zehaztuko dute. 

Ituna martxan jartzeko NABIk emandako 4.000 euroko dirulaguntzarekin, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak Sakana zaindu gertutik jardunaldiak antolatu zituen irailean. "Ikuspegi feministatik, zaintzak dituen hari mutur asko landu ziren, zaintza agendaren erdigunean jartzeko, zaintzari duen balioa emateko", gogorarazi zuen San Julianek. 


Irurtzungo alkatea sinatzear, ondoren Arakilgoak sinatu zuen. Guztiei txalo egin zieten.

Sinatzaileak 
Nafarroako Berdintasunerako Institutua, Sakanako Mankomunitatea, Sakanako Garapen Agentzia, Arakil, Irurtzun, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Ergoiena, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordiko udalak, ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Zakan Sozial kooperatiba, Anfas, Sakanako herri eskolak, Andra Mari ikastola, Iñigo Aritza ikastola, Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutua, Irurtzungo emakume taldea, Uharte Arakilgo mugimendu feminsita, Arbizuko Bilgune Feminista, Errefailak, Pentsionistak Martxan, Josefina Arregi klinika, Sakana Harrera Harana, Biak Bat elkartea, Sasoia eta Sakanako osasun publikoaren aldeko plataforma.