Etxarriarra apezpiku

Guaixe 2024ko urt. 29a, 11:00
Mikel Garziandia Goñiren ordenazioko unea. ELIZBARRUTIA

Palentziako 102. gotzainaren ordenazioaren lekuko izan ziren makina bat sakandar. Esan zuenez, "kristau fedearen erronkak berriak dira, baina uste dut ebanjelioaren berritasunak balio eta indarrean dirauela gaur egungo errealitateari begira"

Ilbeltzaren 20az geroztik Mikel Garziandia Goñi Palentziako apezpikua da. Sei autobusetan eta makina bat autotan joandako sakandarrak ordenazioaren lekuko izan ziren katedralean bertan. Horretarako, autobusak 06:00etan abiatu ziren ibarretik, 19:00etan bueltatzeko. Gotzainaren etxekoak ostegunetik zeuden Palentzian, eta gainontzeko senideak ostiralean iritsi ziren. Garziandiaren lehengusuetako bat, Itziar Goñi, Amerikako Estatu Batuetatik propio etorri zen ordenaziora. Senide guztiek katedralean tokia erreserbatuta zuten, baina 10:30erako han egon behar zuten. 


Alfonso eta Mikel Garziandia Goñi.

Garziandia katedralera propio eraberritutako Gotzainaren atetik sartu zen. Ordenazioan zehar Alfonso anaia, Baztanen apaiz, eta Jesus Rodriguez Torrente, Espainiako Rotako auditorea izan zituen laguntzaile. Inguruan zituen ere kardenal bat eta beste 24 gotzain. Hainbat errituk osatzen dute apezpiku baten ordenazioa, eta haietan sakandarren presentzia izan zen. Hitzaren liturgian, aurreneko irakurketaren ondoren gotzainaren anaia Xabierrek errespontsu salmoa kantatu zuen. 


Xabier Garziandia Goñi kantari.

Gotzain intsigniak
Bernardito Auza monsinorea, Aita Santuaren nuntzio apostolikoak, Garziandiari Elizan agintzen zaizkion Ministerioaren zeinuak eman zizkion: ebanjelioak, Jainkoaren herriari irakasteko duen misio profetikoaren seinale; eraztuna, elizarekiko leialtasunaren sinboloa; mitra, Jaungoikoaren herria karitatearen buru izatea eta santutasunaren eredu izateko eta, azkenik, azkenik, bakulua, artzaintzaren sinboloa. Bere katedran, aulkian, eseri ondoren hartu zuen kargua etxarriarrak. 


Mikel Garziandia Goñiren makuluak Aralarko aingeruaren irudia du.

Garziandiak amak emandako urrezko eraztun batekin egin du bere apezpiku ikurra, hari gaineko aldean zilarrezko pieza bat jarriz. Bestetik, apezpikuek bularrean eramaten duten gurutzea Aralarko santutegiko lagunek eman zioten hilaren 14an mendi gaineko elizan egin zuen kaperau gisa egin zuen azken mezaren ondoren. Horrekin batera, bakulua ere oparitu zioten, Aralarko aingeruaren irudia duena goiko aldean. 


Mikel Garziandia Goñiren artzapezpiku armarria.

Bestetik, Garziandiaren gotzain armarriak halakoek dituzten kapela berdea, hamabi borlak eta gurutzedun Artzain Onaren makulua ditu. Erdialdean bi irudi daude. Eskuinean Ama Birjina Sortzez Garbiaren "Zatoz Ama" bertsioko irudia, pandemia garaian Espainia zeharkatu zuena eta Galtzadako Bidea zabaldu zuena. Ezkerrean, berriz, Aralarko aingeruaren irudia. Bi irudien erdia, goian Espiritu Santua dago. Bertatik abiatzen den bideak armarri osoa zeharkatzen du eta zabaldu egiten da erromesen maskorra jartzeko, Iruñeko eta Palentziako elizbarrutiak zeharkatzen dituen Donejakue Bideari erreferentzia eginez. Armarriko leloa "Quis ut Deus" latinezko esaldia da; "Nor Jainkoa bezala?" esan nahi du, eta Migel izen hebrearraren hitzez hitzeko itzulpena da. 


Etxarri Aranazko abesbatza katedralean kantari.

Elizkizunean Katedraleko Kapera Klasikoa, Regina Angelorum eta Etxarri Aranazko abesbatzak abestu zuten. Kanta batzuk elkarrekin abestu zituzten, besteak bakarrik. Garziandiak propio eskatutako kanta batzuk entzun ziren ordenazioan. Bukaeran gotzainari eskumuinak emateko jendea gerturatu zen bitartean Etxarri Aranazko abesbatzaren emanaldia entzuten jende asko gelditu zen. Errepertorioan euskarazko kantu batzuk ere izan ziren, esaterako: Artzain ona (Lesbordes) edo Agur Jesusen Ama (Gorriti eta Oloriz). "Beste distira bat eman zion, nabaritzen zen etxarriarrak zirela", azaldu du bertan izan zen sakandar batek.


Ordenazioaren ondoren jantokira kalejiran joan ziren.

Ondoren
Ordenazioa despedituta, bazkaldu behar zuten hotelera kalejiran joan ziren Garziandia, senideak eta agintariak. Bidea zabaltzen txistua eta atabala jotzen zuten etxekoak eta Iruñeko seminariokoen fanfarrea. Bideko geldialdi batean senideek jota bat dantzatu zuten. Bazkaldu ondoren, agintariak joan zirenean, Garziandiari bi lehengusuk aurreskua dantzatu zioten. Harendako ezustekoa izan zen, baina okasioak hala aginduta zutik egon zen. Une solemnearen ondoren, senideen ospakizunaren txanda izan zen, nahikoa dantza eta dantza egin zuten guztiek. Tarte batez gotzainak eta bere anaia Alfonsok familia ospakizuna utzi eta aldameneko hotelera joan ziren. Han etxarriarrak eta abesbatza zeuden. Azken horren zapia jarri zioten Maider Beltzak eta Irati Morentinek, lehendakariak eta idazkariak. Han ere bere gogoko kantak abestu zituen abesbatzak. Etxarriarrek muxuak eman zizkioten, baita telefonoarekin selfie argazkiak atera ere. Autobusak 19:00etan abiatu ziren bueltan. 


Jantokirako bidean senide eta sakandarrak.

Senideak, ordea, hurrengo eguneko elizkizunera gelditu ziren. Familiakoak bertan zirela jakitun, ordenazioan bezala, Palentziako lehen mezan ere euskara pixka bat erabili zuen Garziandiak elizkizunean. "Familia giroan asteburu oso polita" pasa izanaren sentipenarekin, senideak "pozik" bueltatu ziren etxera.