URKO, JON ETA ARKAITZ

"Proiektu egingarriak identifikatzen egon gara"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko ira. 19a, 13:30

Sakanako Energia Berriztagarrien Komunitatearen sorrera batzarreanparte hartu zutena. SGA

Sakanako Energia Berriztagarrien Kooperatiba (EBK) sortzeko batzarra egin zen; Urko Agirre iturmendiarrak herritar gisa parte hartu zuen, Jon Irigoien Eseki enpresaren ordezkaria izan zen eta Arkaitz Errazkinek Etxarri Aranazko udal ordezkari gisa parte hartu zuen bileretan. 

Sortu berri den kooperatiba hamahiru bazkidek abiarazi dute: bost sakandarrek eta zortzi udal eta enpresak. Behin EBK eratuta, proiektu osoa ezagutarazteko hainbat aurkezpen egiteko asmoa dute sustatzaileek. Kooperatiba hori energiaren arloko herrietan proiektu zehatzak bulkatzeko tresna bat izanen da. Bertako bazkide herritarrak, tokiko erakundeak eta enpresak izan daitezke. Helburua da sortzen diren proiektuetan erabiltzaileak (sakandarrak, administrazioa eta enpresak) sustapenean txertatzea.

Ibarreko udalek kooperatibarekin interesa azaldu dute. Batzuk aurretik bazkide egiteko erabakia hartu dute bilkuran. Udako oporrak pasata, udal gehiagok bat eginen dute EBKrekin. Sakanako Mankomunitateak berak kooperatibako kide izateko interesa azaldu du. Eta kontzejuek ere aukera lukete bazkide izateko. Kooperatibako kide egin nahi duenak edo informazioa jaso nahi duenak ebk@sakana.eus helbidera idatzi dezake. 

EBKren sortzeko, aurreko ikasturtean parte hartze prozesu bat egin zen, irailaren 28an hasi eta garilaren 2an despeditu zena, hamaika bilera guztira. Haietan parte hartu zuten hiru sakandarren iritziak jaso ditugu. Urko Agirre Gabirondo iturmendiarrak herritar gisa parte hartu zuen, Jon Irigoien Fresneda Eseki enpresaren ordezkaria izan zen eta Arkaitz Errazkin Beltzak Etxarri Aranazko udal ordezkari gisa parte hartu zuen bileretan. 

Zer da energia komunitate bat? 
Urko. Energia berriztagarriak bultzatzea edo energia kontsumoa murriztea bilatzen duten ekintzak aurrera eramaten duen komunitate bat da. Komunitatea hainbat eragilek osatzen dute: herritarrek, udalek... Energia komunitate batek lege izaera ematen dizun entitate bat da. Kasu honetan kooperatiba bat sortu da. Lege figura horrekin hainbat lege tramite egin daitezke. Horrek aukera ematen dizu, esaterako, energia kontsumo partekatua egiteko. Edo hainbat proiektu egiteko. 

Jon. Komunitatea herritarren, udalen edo enpresen artean energia berriztagarriak banatzeko edo autokontsumitzeko modu bat da. Energia berriztagarria izan daiteke hidroelektrikoa, biomasa, fotovoltaikoa... energia mota asko biltzen ditu. Baita mugikortasuna ere. Energia kontsumoa murriztu eta energia burujabetza lortzeko bide polita da. 

Arkaitz. Ohituta gaude energia enpresa handi batzuk saltzera, eta haiek jarritako baldintzak onartzea besterik ez dugu. Energia komunitateak, nolabait, horri heldu nahi dio eta elkarte bera izan nahi du energia kudeatuko duena, energia sortzen, banatzen, energiaren erabilera egonkortzen, energia eredu desberdinak planteatzen... Aukera mordo bat dago. Eta aukera asko ematen dituenez, energia burujabetza esparru askotara iristeko aukera ematen du. 

"Energia ahalik eta garbiena kontsumitzeko eta energia kontsumoa murrizteko interesa beti izan dut"
Urko

Zer onura ditu?
A. Lehendabizikoa ekonomia onura da. Energia sorreran, banaketan eta hor dauden enpresa handi horien guztien bitartekaritza kentzen duzu, eta energia prezio hobean eskuratu ahal duzu.

J. Energia bertan ekoiztu eta bertan kontsumitzen da. Horrek energiaren ikuspegitik askatasun handia ematen digu, energia burujabetza. Eta fakturen zenbatekoa murriztea ere badakar. Behar dugun energiaren %100 lortzea oso zaila da. Errazena energia fotovoltaikoa jartzea da. Bateria eta eguzki plaka batzuekin energiaren %60-80 artean lor daitekeela ikusi da lehen urte hauetan. Pausoz pauso, lehenik etxeetarako energia ekoizten eta kontsumoak murrizten ari dira. Pisuetan jende asko bizi da. Energia sortu ezin dutenendako energia komunitatea bide bat izan daiteke. Orain mugikortasunean bilatu beharko da bidea. Baita enpresa eta udal eraikinetan ere. 

U. Bestalde, komunitate kontzeptua indartzea, herritarrak elkar ezagutzea dakar, komunitate sentimendua handituz. Eta, nire ustez, onura nagusia ingurumen inpaktuaren murrizketa da, edo, behintzat, arduratsuagoa den energia kontsumitzea. 

A. Beste faktore oso garrantzitsua da erabakia elkartearen baitan gelditzen dela. Elkartea izanen da erabakiko duena zein proiektu eginen duten aurrera, non inbertitu nahi duen... Enpresa handiek etekinari begiratzen diote, eta etekin handiak aurreikusten dituzte proiektuak bulkatzen dituzte eta gainontzekoak ez. Hemen beste balore edo printzipio batzuetatik heltzen zaio energiari. Behar bada halako ekonomia onura handirik ez, baina herritarrendako garrantzitsuak izan daitezkeen proiektuak bulkatu daitezke. Hori ere garrantzitsua da. 

"Energia kontsumoa murriztu eta energia burujabetza lortzeko bide polit bat da"
Jon

Energiaren inguruko kezka nabari duzu zure inguruan?
J. Bai, badago. Etxeetako kontsumoetan orain prezioa jaitsi da eta ez da horrenbeste sumatzen. Baina gasaren prezioa igo zenean askok hots egin zuten zer egin zitekeen galdezka, kontsumoa murrizteko edo energia sortzeko. Mugikortasunari dagokionez, denok dakigu auto berrien prezioa zein den. Autoen arloan ez dago oso argi elektrikoa, bioerregaiak edo hidrogenoa, zer etorriko den. Batez ere kezka prezioengatik dago, bizitza garestitu delako. 

U. Oraindik kostatzen da. Asko nabaritu zen gasaren prezioa igo zutenean. Orduan, bai, jendeak pentsatzen du: “honekin zerbait egin beharko dut!” Gero eta kontzientzia handiagoa dago. Baina, oraindik, azken bulkada falta da. 

Zerk bulkatu zintuen parte hartzera? 
A. Energiarena gai garrantzitsua da. Azkeneko urteetan gorabehera dezente izan dituzte energiaren prezioek. Azken urteetan energia burujabetzaren garrantziaren inguruko dezenteko kontzientzia hartzea izan da. Eta energia komunitateen eredu horrek horri guztiari erantzun nahi dio. Oso proiektu garrantzitsua da, herritarrei laguntzeko eta herritarrek energia autonomian pausoak eman ahal izateko aukera paregabea da. 

U. Energia ahalik eta garbiena kontsumitzeko eta energia kontsumoa murrizteko interesa beti izan dut. Sakanan eginen zela jakin nuenean, interesgarria iruditu zitzaidan ibarrean bertan lantzea. Beti gure herriari begiratzen diogu, baina, egia da, energiaren arloa guztion ardura da. Hasieratik interesatu zitzaidan. 

J. Enpresa txikia gara baina beti ikerketa eta garapeneko proiektuak egiten ari gara. Energia berriztagarriekin 2012an hasi ginen, eta, dirulaguntzekin, 2017an proiektuak gauzatzen hasi. Proiektu guztietan zerbait ikasten da. Energia komunitatea sortzeko prozesuan parte hartzera hots egin zigutenean, ikasitakoa, gure esperientzia partekatzea eskaini genuen. 

"Elkartea izanen da erabakiko duena zein proiektu eginen dituen aurrera, non inbertitu nahi duen"
Arkaitz

Aipatutako onurak praktikan ikusita dituzue?
J. Bai. Sakanako proiektu politena Lizarragakoa da, turbina eta aurreneko panel fotovoltaikoak jarri ziren. Nafarroan eta Euskal Herrian proiektuak egin izan ditugu, eta martxan daude. Egia da lege prozesua luzatu egiten dela. Ez dira urte gutxitako proiektuak, luzerako ikuspegia izan behar da. Pazientzia pixka bat behar da. Gainera, gizartearen parte hartze prozesua ez da erraza: herriari azaldu, jendeak ulertu dezala... Horretan espezializatutako enpresak badaude. Azkenean, denon arteko lana da. Ez da udal edo enpresa batek bakarrik egin dezakeen lan bat. 

U. Hainbat gauza izan daitezke. Normalean burura etortzen zaiguna da publikoa den teilaturen batean eguzki plakak jartzea eta auzokideen artean argindarra partekatzea. Baina energiaren kudeaketa hobetzen lagunduko duten beste ekintza asko egin daitezke. Esaterako, murrizteko aukera bat izan daiteke fakturak irakurtzen ikastea. Edo autoak partekatzea. Azken batean, herriaren arabera, egokienak diren jarduerak aurrera eramatean datza. 

Kooperatibarekin energia komunitateak sortzeko lege egitura dugu?
J. Bai. Sakanarako zerbait sortzea onena zela ikusi genuen. Zalantza asko sortzen dira. Eta horiek argitzeko herri bakoitzak berea egiten badu zailagoa da. Sortzen den proiektu bakoitza burujabea izanen da. Sakanako kooperatibaren bidez dauzkaten zalantzak edo beharrak argitzeko aukera gehiago izanen du. Hori da ideia. Gainera, Nafarroako Gobernuak teknikari pila jarri ditu herritarrak laguntzeko. Herritar mugimendu batek bakarrik eginda, udalarekin eta arloko enpresekin loturarik ez badu, proiektua ez da aurrera ateratzen. Nafarroak apustu handia egin du legean eta prozesuan laguntzeko. 

A. Kooperatibaren aterkipean hainbat proiektu eta nolabaiteko kooperatiba txikitxoak sortu ahalko dira lekuan-lekuan. Sakanakoa martxan jarriko dugu, eta Etxarri Aranatzi dagokionez, asmoa da proiektu batzuk martxan jartzen laguntzea. Udalak bere gain hartzen duen papera, batez ere, hori da: laguntzaile, bulkatzaile. Berari ere bere ekonomia kontuak hobetzen laguntzen dioten heinean ere, udalak ere ekonomia interesa izan dezake. Baina, batez ere, herritarrei lagunduko dieten proiektuak dira bulkatu behar direnak. 

"Lehenik, jendearen indarra behar da, ahalik eta bazkide gehien izatea"
Urko

Sakanan energia komunitateak sortzeko aukerarik bada? 
U. Bai, ibarrean egon daitezkeen proiektu egingarriak identifikatzen egon gara. Lana aurreratu dugu. 

J. Aukera pila dago. Aprobetxa daitezke enpresa pila baten teilatuak, udal eraikinen teilatuak, partikularren teilatuak... Orain proiektuak lantzea falta da, eta kasu bakoitzerako proposamena zehaztea. Herri bakoitzak bere kasua dauka. Proiektu bakoitza aztertu behar da. Horretan gaude. Ikerketa eta garapen arloan gu start up batekin lanean ari gara, sor daitezkeen proiektuak, teknologiaren bitartez digitalizatzeko, adimendun energia komunitateak garatzeko. Horrela herritarren artean hobe hedatzeko, informazioa iristeko... Orain proiektuak atera eta mugimendura herritar gehiago batzea da kontua. 

Zein energia komunitate identifikatu dituzue?
U. Iturmendin aspaldi lantzen hasi ziren bero-sarea. Aurreproiektua egin zen, kale batzuk berritu zirenean instalazioaren parte bat jarri zen. Iturmendi horrekin dabil, ea zertan den energia komunitatea, eta zer egin daitekeen proiektu hori aurrera ateratzeko. Bestalde, Etxarri Aranatzen eguzki plakak jartzeko tramiteekin dabiltza aspaldi. 

A. Eskoletan jarriko dira. Sortzen den energiaren zati bat eskolan bertan kontsumituko da eta, gainontzekoa, udalaren beste eraikin batzuetako kontsumoak konpentsatzeko izanen da. Baina asmoa da horren zati bat energia komunitatearekin partekatzea. Horrela, herrian energia komunitatea bulkatu nahi dugu. Espero dut neguan proiekturen bat martxan izatea. 

U. Oso aurreratuta dagoenez, hori eginen den aurrenetariko bat izanen da. Behar bada eguzki plaka instalazioak aurrera egiteko errazenak dira. Momentuz, errazenera joko genuke. Baina herritar gehiago bazkide egiten diren heinean haien esku geldituko da erabakitzea zein proiektu egin, edo zein den interesgarriena. Dinamika hori izanen da, aldatzen joanen da. 

"Oso zaila da herri bakoitzean zuzendaritza kontseilu bat sortzea. Horregatik, Sakanarako bat sortu genuen"
Jon

Kooperatiba eratuta, orain zer?
A. Herritarrak izanen dira zein proiektu aurrera eramanen dituzten erabakiko dutenak, hura kudeatuko dutenak. Hor udalek laguntzaile izan behar dute. Baina protagonismoa eta erabakiak herritarrek hartu beharko lituzkete. Udalak badauzka beste aukera batzuk, bera bere kabuz, energia azpiegitura batzuk sortzeko. Askotan herritarrak dira indibidualki halakorik egin ezin dutenak. Baina kooperatiban elkartuz halakoak egiteko aukera dute. Hori da kooperatiban elkartzeak ematen duen abantaila handiena: banaka egin ezin diren gauzak elkartuta egin daitezke. 

U. Egingarriak diren nahiko proiektu identifikatuta daude. Orain horiek lantzen hastea litzateke kontua. Eta, aurrera begira, beste proiektu batzuk identifikatzea. Baina hori baino garrantzitsuagoa da, lehenik, sakandarrak kooperatibara batzera animatzea. Bazkide asko beharko ditu aurrera egiteko. Herritar gehiago bazkide egiten diren heinean haien esku geldituko da erabakitzea zein proiektu egin, edo zein den interesgarriena. Dinamika hori izanen da, aldatzen joanen da. Orain dagoen lanik handiena jendea erakartzea da. 

A. Lehena ateratzen den proiektua da energia komunitateek instalazio fotovoltaikoak bulkatzen dituztela. Gainera, azkeneko urteetan hainbat erakunderen dirulaguntzak izan dira horretarako. Halako proiektu batzuk izanen dira protagonistak hasieran. Baina ez da aukera bakarra. Energia komunitate batek energia burujabetzaren ikuspegitik lan asko egin dezake. Askotan erabakirik garrantzitsuena da energia gastuaren inguruko hausnarketa, eta heziketa ematea. Hiritar bakoitzak zertan gastatzen du bere etxean, bere gauzetan energia? Nola? Nondik heldu da energia hori? Nola murriztu dezake bere faktura? Hori bestelako azpiegiturak muntatzen hasi gabe. Hori ere landu genuen, eta pentsatzen dut energia komunitatea ere horri helduko diola. Bileretan aipatu zen hirugarren gai bat izan zen elektrizitatea ez diren beste energia iturri batzuk ere landu daitezkeela. Esaterako, biomasa. Sakanan natur baliabiderik bada, hori egurra da. Horren ingurukorik ez da gehiegi landu. Baina ideia hori ikusten da. Lehen esandakoa, energia komunitateak erabakiko du zer bide hartuko dituen. Aukerak eta lan esparruak badauzka. 

J. Kooperatiba Sakana guztirako sortu da, baina herri bakoitzean proiektuak sortu ahala, proiektu bakoitzak bere burujabetza izanen du. Sakanako egitura sortu da hasieran dauden zalantza horiek guztiak denon artean argitzeko, denok bide bera jarraitzeko. Proiektuak sortzen diren heinean bakoitzak bere berezitasunak izanen ditu. Energia komunitateak aurrera eramatea lana da, oso zaila da herri bakoitzean zuzendaritza kontseilu bat sortzea. Horregatik, Sakanarako bat sortu genuen. 

"Kooperatiban elkartzeak ematen duen abantaila handiena: banaka egin ezin diren gauzak elkartuta egin daitezke"
Arkaitz

Zein da ideia? 
U. Kooperatibako kide izateko bazkidetza motak daude. Herritarrak dira kooperatibako bazkide nagusiak, erabiltzaileak. Beraiek dute erabaki ahalmen handiena. Haien inguruan aurrera egin dezakeen proiekturen bat identifikatzen denean ekarpenen bat egin beharko lukete, baina ondoren haren onura jaso. Eman eta jaso. Bazkide laguntzaileak udalak eta enpresak izanen dira. 

Udala bazkide izanen da?
A. Bai. Proiektu interesgarria iruditu eta bulkada eman behar geniola iruditu zitzaigun.

Enpresendako tokirik bada? 
A. Kide izan daitezke, enpresa sortzaile edo zerbitzu emaile bezala. Baten batzuk dagoeneko badira, eta enpresa gehiagok interesa dute. Enpresak baliabide teknikoak eskaini ditzakete. Sakanan dagoeneko badira bere energia sortzen duten enpresak. Horrek komunitateari aukera teknikoak ematen dizkio, eta energia sorrerarako aukera handitzen du. 

Zuen enpresa sartua dago? 
J. Bai. Kooperatibaren zuzendaritza kontseiluan enpresa eta udal bana egon behar dute. Baina gehiengoa herritarrek osatzen dute. Dugun eskarmentuagatik aurrera pausoa eman genuen, ahal den guztian laguntzeko. 

Enpresa batek zergatik izan beharko luke kooperatibako kide? 
J. Energia komunitatea enpresa, udala eta herritarra energia elkarbanatzeko sortzen da. Enpresek oso aukera polita dute: teilatuan metro karratu asko dauzkate, askok asteburuetan ez dute kontsumitzen, edo bakarrik goizez lan egiten dute eta arratsaldeko energia hori galdu egiten da... Beraz, enpresak hor egotea oso garrantzitsua da. Zuzendaritza kontseiluan enpresek boto bat izateak garrantzia du. Udalekin gauza bera. Gainontzekoak herritarra dira, kontsumitzaileen gehiengoa direlako, eta, horregatik boto gehien izanen dituzte. 

Berdin da enpresa fundizioa, iturgina edo abeltzaina den?
J. Berdin da zein enpresa mota den. Energia izatea eta hura partekatzea da garrantzitsuena. Eseki sartu da teknikoki esperientzia duelako. Baina ideia da zuzendaritza kontseilua berritu behar denean beste enpresa bat sartzea, edozein. 

"Neurri batean, erabaki dezakezu zertan lagundu energia kontsumo hori arduratsuago izateko"
Urko

Epeak zehaztuta dituzue? 
J. Proiektuak martxan badaude. Udalek jakinaraziko dituzte. Behintzat probak egiteko, proiektu pilotu bat egin eta gero hori errepikatzeko aukera asko dago. Esandakoa, epe luzerako proiektuak dira. Pazientziaz aurrera aterako dira. Oso interesgarriak dira, eta datuak onak dira. 

U. Hori da. Baina, lehenik, jendearen indarra behar da, ahalik eta bazkide gehien izatea. Horiekin gero eta proiektu gehiago agertuko dira. Eta proiektuak sortu ahala gero eta bazkide gehiago izanen dira. Batek bestea ekarriko du. 

A. Udalen batzuk proiektuak martxan jarri nahian gabiltza. Eta etorriko dira. Interesa duten herritarrek ti-ta nahiko lukete, kide egin eta berehalaxe energia berriztagarria jasotzen hastea. Denbora behar dute.

Sakandarrek zergatik egin beharko lukete kooperatibako bazkide? 
U. Bakarrik onurak ikusten ditut. Azken finean, kontsumitzen duzun energia zure esku egonen da. Ez guztia. Baina, neurri batean, erabaki dezakezu zertan lagundu energia kontsumo hori arduratsuago izateko. Eta Sakanako ikuspuntua gehiago izaten lagunduko du. Baina, azken finean, proiektuak herrietan eginen dira. Eta herri txikiak daudenez, jendeak berea bezala sentituko du proiektua. Polita da. Energia burujabetza edo 0 km-ko energia lortzeko pausoak ematea da. Pauso garrantzitsuak eman daitezkeela iruditzen zait. Eta herritarrak izanen dira erabakiak hartzen dituztenak. Horretan onurak besterik ez ditut ikusten. 

 

Irurtzun, aurreratuta

Kooperatibako kide izatea onartu du Irurtzungo Udalak. Hala ere, lana aurreratuta du aspaldi.  Liburutegiko teilatuan dagoen instalazio fotovoltaikoak sortzen duen argindarra eraikinean bertan eta aldamenean dagoen udaletxean kontsumitzen da. Frontoian dagoen instalazio fotovoltaikoarekin elektrizitatez hornitzen dute pilotalekua, kiroldegia eta eskola. Musika eskolan berrikuntza lanak despedituta, teilatuan beste instalazio fotovoltaikoa jarri du udalak. Eraikin berean eta kultur etxean kontsumituko dute bertan sortzen den argindarra. 

Unai Razkin Iriarte alkateak aurreratu duenez, “eskola publikoan eta musika eskolan udan ez dago jarduerarik eta elektrizitate soberakinak izanen ditugu. Orain aztertzen ari gara soberakin hori igerilekura nola bideratu, udan zabalik baitago”. Alkateak aurreratu duenez, “heldu den urtean beste instalazio fotovoltaiko bat jarri nahi dugu. Ez dakigu kiroldegiko edo eskolako teilatuan jarriko dugun”.  Razkinek jakinarazi duenez, “handik sortutako elektrizitatea energia komunitate baterako izatea nahi dugu. Orain baldintzak eta bestelakoak aztertzen ari gara. Posible balitz, gustatuko litzaiguke herritarrek edo merkatariek parte hartzea. Baina oraindik guztia ondu gabe dago”. 

 

Argi-ilunak Arakilen

Poligono fotovoltaikoak Arakilen ezartzeko eskaera egin dute zenbait enpresek. Duela urte pasa aurkeztu zituzten egitasmoak udalean. Guztira elektrizitatea sortzeko hamar bat proiektu dira. Haien azalera bost eta hemezortzi hektarea bitartekoak lirateke. Lurjabe pribatuen lur sailetan eta herri lurretan aurreikusiak dituzte enpresek poligono fotovoltaiko horiek. Esaterako, Urritzola eta Etxarren artean dagoen industrialdearen inguruan. Edo Itxasperri ermitaren inguruan, erdia Egiarretako herri lurretan eta beste erdia bi lurjaberen lurretan. 

Oihana Olaberria Jaka alkateak azaldu duenez, enpresek udalari proiektuak egin ahal izateko hirigintza bateragarritasun izendapena eskatu diote. Olaberriak jakinarazi duenez, "udalak ezezkoa eman die". Olaberriak azaldu duenez, "udala enpresekin bildu da eta gure arrazoiak azaldu dizkiegu, eta ez dakigu aurrera segituko duten. Uda baino lehenagotik gabiltza honekin eta nahiko geldi dago gaia". Aitortu duenez, "halako enpresekin presioa badaukagu". 

Alkateak argudiatu duenez, "ez zaigu iruditzen horrelako proiektu bat nekazaritzako produkzio lurretan egon daitekeenik. Lehen sektorean oso zaila da lurrak izatea. Eta ez ditugu halako proiektuetarako utzi behar". Gaineratu duenez, "halako proiektuak non egin daitezkeen guk markatu nahi dugu. Orain enpresek erabaki beharko dute aurrera egin edo ez". Olaberriak azpimarratu duenez, "helburua izan dadila energia bertan kontsumitzea. Eta ez energiarekin eta lurrekin negozioa egitea. Proiektu guztiek helburu bera dute: produkzio lurra hartu, plakak jarri eta elektrizitatea zuzenean sarera eraman. Guk energia hori ez genuke inolaz ere ikusiko". Olaberriak zehaztu duenez, "guk beste lehentasun batzuk dauzkagu. Sakanako energia berriztagarrien kooperatiba sortu berri da eta hori lehenetsi behar dugu". Alkateak jakinarazi duenez, "Arakilen energia sortzeko proiektu polit bat dago: Lacturalek mindarekin energia sortuko du. Beraiek burujabe izanen dira eta, asmoa da, Etxeberriko kale argiteria elektrizitate horrekin piztea. Gainera, energia komunitateak elektrizitate hori erabiltzeko aukera izanen du".