Sakanan zeharkatuko luketen hiru argindar linearen proiektuak daude mahai gainean gaur egun. Haietako bat Red Electrica Españolarena da eta beste biak Forestalia enpresarenak, biak 400 kV-ekoak. Azken horren lineatako bat Etzegaratetik Goierrira joko luke, besteak ibarra zeharkatuz Gasteizeraino iritsiko litzateke. Bi linea horiek Ejea de los Caballeros ipar eta hegoaldean haize (Kioko) eta eguzki (Ume) poligonoetan sortutako elektrizitatea (42 MW) Gatikaraino eramanen lukete.
Estatuko Aldizkari Ofizialak lastailaren 16an jakinarazi zuenez, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Gasteizko azpiestazio elektrikoarekin elektrizitatea garraiatzeko sarera sartzeko eta konektatzeko baimena kendu dio Forestaliari. Administrazio epeak ez betetzeagatik kendu diote baimena. Ministerioak azaldu duenez, Forestaliak Gasteizekiko konexioarekin aurrera jarraitu nahi badu, hasieratik hasi beharko lituzke izapide guztiak. Enpresak jakinarazi du erabakiari helegitea aurkeztuko diola.
Autopista Elektrikorik Ez! plataformak argitu duenez, "proiektatutako argindar linearen azpi linea bati lotutako baimen bat da galdu dutena". Gaineratu duenez, "gainontzeko proiektu guztiaren tramitazioak aurrera jarraitzen du". Plataformako kideak egitasmo horien kontra lanean ari dira. Espainiako Gobernuak Forestaliaren egitasmoei ingurumen baimena eman die. Baina Arabako Foru Aldundia eta Nafarroako Gobernua kontra daude.