Astekaria

"Matxismoaren azpian ez gara bakarrik emakumeak bizi"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko aza. 25a, 09:28

Sheila Melcon Lopez psikologo feminista. UTZITAKOA

Indarkeria matxistaren forma berriei maskara kenduz gero lehen egiten ziren indarkeriaren oso antzekoak direla azaldu du Sheila Melcon Lopez Psikologo feministak.

Emakumeen kontrako Indarkeriaren auRkako Nazioarteko Eguna dela eta, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak antolatuta, Indarkeria matxistaren forma zaharberrituak hitzaldia eskainiko zuen Arbizun. 

Hasteko, zer hartzen dugu indarkeria matxista gisa?
Genero indarkeriaren kontrako babes integraleko neurriak jasotzen zituen legea onartu zen 2004an. Bikote edo bikote ohiaren eremuan gelditzen zen, eremu heteronormatiboan. Indarkeria matxista oso ongi definitu zen 2004an. 20 urte beranduago konturatu gara horretaz berriro eztabaidatu eta pentsatu behar dugula, emakumeek ez baitugu indarkeria bakarrik gure bikotean sufritzen. Indarkeria matxistaren estruktura dago, patriarkatutik eratu dena. Egiturak emakumezkoei sexu indarkeria, laneko jazarpena eta abar eragiten die. Estruktura hori seinalatu behar dugu, ezin dugu bakarrik bikote eremura mugatu. Horregatik terminoa zabaltzen da genero indarkeriagatik indarkeria matxistara. Horrek hamaika aurpegi ditu: publizitate sexista, sare sozialetan ikusten diren sexu indarkeriaren lekukotzak... Aro digitalean maskarak kentzen hasi behar dugu, eta ingelesezko izenekin heldu diren gauza batzuei maskara kendu eta atzean dagoen indarkeria matxista seinalatu behar dugu. Hitzaldia indarkeria matxistak hartu dituen hamaika aurpegiak detektatzen ikasteko da. 

"Indarkeria matxistaren estruktura dago, patriarkatutik eratu dena"

Beraz, indarkeria matxista patriarkatuak sortutako egitura bat da?
Patriarkatua sortu den egitura sozial bat da, ez da naturala. Egitura horretan boterea duen jendea dago, beste batzuk zapalkuntzaz betetako mundu batean bizi gara. Boterea duten gehienak gizon txuri eta heterosexualak dira. Erreparatu behar diogu boterea nola eratu den, nola eman zaion boterea generoari. Hor ere klasea, arrazismoa eta beste ditugu. Patriarkatua beste zanpaketa sistema batzuetatik heldu da, eta patriarkatuak hori guztia gidatzen du. Egitura hori xaxatu eta irauli behar dugu. Horrek denbora beharko du. Pertsonak seinalatu beharrean egitura, patriarkatua egin behar dugu arduradun. Feministok hori iraultzeko borrokatzen dugu. Ez da bakarrik emakumezkoen onurarako, jendarte feminista guztiontzako da. Baina zein ardatzi erreparatzen diogun: generoa, klasea, arrazismoa... Orain horretan gabiltza. 

Indarkeria matxistak islatzeko modu asko ditu, ezta?
Hamaika forma hartzen ditu, egon daiteke kirolean, erditzerako orduan, inguru digitalean... Genero indarkeriaren barruan: psikologikoa, ekonomikoa, soziala genituen. Orain indarkeria oso modu zabal batean ulertzen ari gara, pitteka indarkeria mota desberdinak banatzen ari gara: zer da indarkeria digitala, zer da indarkeria sexuala, zer da jazarpena, familia barrukoa... Nik emakumezkoak artatzen egiten dut lan. Eta askotan, digitaletik aparte, pentsaezinak liratekeen indarkeria formak ikusten ditut. Esaterako, haurrak tartean daudenean indarkeria bikario izugarri bat ikusten ari gara. Emakumezkoen kontra kasik ikusezina den indarkeria bat egiten dute (manipulazio psikologikoa), soilik emakumezkoak sufritzen eta ulertzen duena. Emakumezkoek sentitzen dute zoratzen ari direla. Ikusten, sumatzen edo sentitzen ari diren indarkeria hain da bortitza, baina ikusezina era berean, kasik adituak ikus dezaketen zerbait bilakatu dela. Ez da bakarrik sare sozialetan ematen den zerbait. Emakumezkoak askotan polizia etxe batera joan behar direnean, lehenik eta behin frogak eskatzen dizkiote. Epaileari indarkeriaren frogak eraman behar dizkiogu gure gorputzean, gure mugikorrean edo gure psikean. Eta batzuetan froga horiek ez ditugu. Polizia etxe batean emakumezkoen kontrako indarkeria instituzionala egin daiteke.

"Orain indarkeria oso modu zabal batean ulertzen ari gara, pitteka indarkeria mota desberdinak banatzen ari gara"

Bizitzako esparru guztietan ematen da, ez? 
Jendeak indarkeria matxista emakumezkoen kontrako indarkeria gisa ulertzen du bakarrik. Matxismoaren azpian ez gara bakarrik emakumezkoak bizitzen, baizik eta zanpatutakoak. Patriarkatuak erabaki du munduan egonen direla pribilegiatuak eta menperatuak. Zanpatutakoen artean emakumezkoez aparte daude pertsona arrazializatuak, LGTBIQ+ kolektibokoak, aniztasun funtzionalekoak, txoroak eta beste. Horiengan eragiten duena indarkeria matxista da. Horregatik, poliki-poliki, termino horiek guztiak azaltzen joan behar dira. Esaterako, lodifobiaren bitartez presio estetikoa gorputz disidente horiengana iristen da, normatik ateratzen diren gorputz horiengana. Hori ere indarkeria matxista litzateke. Gizonezkoek ere sufritzen dute presio estetikoa. Edo, esaterako, LGTBIQ+ kolektiboaren barnean dauden pertsonak ere pairatzen dute indarkeria matxista, normatik atera eta aske bizitzen ausartu direlako.

Indarkeria matxistak formaz aldatu beharra du? 
Baditugu aski ezagunak diren formak. Orain terminoak aldatu ditugu eta badirudi horren atzean ez dagoela indarkeriarik. Esaterako, sugar daddy (aitatxo gozoa), gizon heldu boteretsuen sexu indarkeria gazteek sugar (azukrea) gisa izendatu dute, goxatu. Beste izen batekin sexu indarkeriaren praktika bat normalizatu da. Ingelesezko zenbait terminok atzean ezkutatzen dutena indarkeria da. Edo gazteek erabiltzen dituzten terminoak batzuetan atzean benetan ezkutatzen dena indarkeria da. Institututara joaten naizenean esaten dute: "harreman toxikoa dute". Toxikoa zer da? Indarkeria edo zer da? Halako hitzek bizitzen ari garen hori txikitzen dute. Forma horiek lehen ere ezagutzen genituen, eta indarkeria eta bestelako terminoak erabiltzen genituen. Orain terminoak aldatu eta indarkeriatik urruti baleude bezala aurkezten dira. Azkenean, ingelesezko termino horiek guztiak esanahia aldatzen ari direla dirudi, baina ezaguna da errealitatea. 

Diskurtso matxista batzuk higatuta daude eta patriarkatuak haiek azalberritu beharra sentitzen du?
Bai, noski. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak 2004an Lege Organiko hura sortu zuenean mundu guztiak eskuak burura eraman zituen eta esan zuen: "gizonen kontrako lege bat egiten ari zara, feministak izaten ari zarete gobernuan eta hori ezinezkoa da, hori ideologia da". 20 urte beranduago, feminismoak lekua eta espazioa hartu duenean, badirudi erresistentzia itzelak daudela aurrerapen horietan guztietan. 2004an oposizioa egiten zuen nolabaiteko partidu politiko konkretu bat antolatu da manosferan (pertsona batzuk komunitate digital batean sortutako ideologia antifeminista eta misoginoa) edo fatxosferan. Nolabait bere aurpegia "garbitu" du eta alderdi politiko batzuen interesen diskurtso bera izaten ari dira gazteak konturatu gabe. Influencer, youtuber eta halakoen bitartez eskuin muturreko diskurtso politiko horiek zaharberritu dira. Orain bideo joko batean jolasten ari garen bitartean halako eskuin muturreko mezuak ditugu eta, gure gazteak apenas konturatzen diren. Irensten dituzten diskurtso horiek etengabe erreproduzitzen dituzte. 20 urte beranduago mezu horiek ikaragarrizko indarrarekin iristeko estrategia bat izan da, manosfera dago hori gidatzen. Badirudi feminismoaren lehen erresistentzia mutil gazteak direla, eta hori nahiko harrigarria da. Zerk jartzen ditu mutil gazte horiek feminismoaren kontra? Zergatik iristen dira mezu horiek profil jakin batzuetara? 

"Orain terminoak aldatu ditugu eta badirudi horren atzean ez dagoela indarkeriarik"

Zer da, indarkeria matxisten formak zaharberritzea betiko erreferentzia tradizionalak iraunarazteko?
Statu Quoa berdin mantendu nahi dute, patriarkatua bere berean irautea; batzuk goian egonen dira, eta beste batzuk behean egonen gara. Feminismoa hori guztia iraultzera etorri da, estrukturari esatera: "hemen zapalkuntzak daude eta guztien kontrako borroka eginen dugu, arrazismoa, kapazitismoa... eta irauliko ditugu". Badirudi horrek izugarrizko beldurra ematen duela. Egitura bera mugitzeari benetako beldurra diote. "Hori ez mugitu, bestela zer gertatuko da?" Horregatik sentitzen dute feminismoa arriskutsua dela. Zergatik? Kausara goazelako. Eraikuntza patriarkal horri esatera: "ez, hori ez dugu nahi gure antolakuntza sozialerako". Ez dute jendarte bidezko edo feminista bat nahi. Beti nahi dutelako botere harremanetan oinarritutako sistema bat izan, askoz errazagoa delako goian dagoenenarendako boterea erabiltzea.

Indarkeria matxistak diskurtsoak aldatzeko modu ugari ditu? 
Oposizioko alderdiak genero indarkeriaren negazionista hutsak ziren 2004an. Gaur egun ez digu hori alderdi politiko batek ere esaten bere kartel berdearekin. Gazte jatorrek esaten digute. Desinformazioaren munduan, gezurrezko albisteak bolo-bolo dabiltza. Gazteak eta ez hain gazteak zailtasun handiak ditugu sareetan "ur edangarria" opatzeko, egiazko informazioa aurkitzeko. Sareak, algoritmoak eta horiek guztiak patriarkatutik antolatuta daude pentsamendu kritikoari off sakatzeko, eta halako mezuak erreproduzitzeko automatismoan erortzeko. Mezu arrazistak, genero indarkeria ukatzen dutenak... horrelakoak zabaltzeko play-ri eman diotela dirudi. Jendarte feministen aldeko legeak beraien zigorgabetasunaren kontra doaz. Orain arte sentitu dute beraien desira asetzeko, "ligatzeko" nahi zutena egin zezaketela. Eta orain konturatzen ari dira horretarako komunikazio kode batzuk behar dituztela, onarpena erdigunera eraman dugula. Negazionista horiek esaten dute: "lege horiek gure mundua aldatzera heldu dira. Nola da posible orain feministek onarpena eman behar dela esatea? Ez da posible". Horregatik hainbeste zalaparta onarpenaren harira. Lehen onarpenik gabeko, indarkeriaz betetako praktikak izaten genituelako harremanetan. Orain iritsi da momentu bat esan dela: "Ez! Bukatu da! Hemendik aurrera gure hitzak, gure desirak ere lekua izan behar du". Horrek nolabaiteko beldur eta tentsio puntu batera eraman gaitu eta hor dauzkagu hainbat txio, makina bat jende lege horren kontra, soilik bai da bai legearen kontra, esanez: "gizonen kontrako feministen arma bat da". Berriro ere 2004ko erresistentzia gogorarazten du. Nahiko harrigarria da gertatzen ari dena. Nola da posible ukatzea indarkeriak generoa duela edo esatea: 'kalean ere ezin da ligatu dena sexu indarkeria delako'. Gehien beldurtzen dituena da zigorgabetasunaren kontra goazela, zigorgabetasuna hausten ari dela. "Beldurrak bandoz aldatu behar du" esaten zenean jendea oso haserre zeuden lelo horrekin. Hogei urte beranduago Gisele Pelicotek Frantzian esaten duenean "lotsak bandoz aldatu behar du", orain guztiok gaude horretara, fokuak hor egon behar du. 

"Zailtasun handiak ditugu sareetan "ur edangarria" opatzeko, egiazko informazioa aurkitzeko"

Patroi matxisten bueltaren aurrean, hezkuntza?
Sistema irauli eta dugun indarkeria guztiari aurre egiteko dugun arma bakarra prebentzioa izan beharko litzateke. Hezkuntza, diru publikoa. Ardura politikoak daude horretan guztian. Hori ere seinalatu behar dugu. Goazen jendarte feminista bat eratzera, baina elkarrekin. Horretarako, behar ditugu erantzun politikoak, diru publiko pila eraikuntza hori guztia iraultzera, prestakuntza eta prebentzio tailerretara bideratu behar dira. Sistema benetan bukatzea nahi badugu dirua oinarrian, hezkuntzan, jarri behar da. Lehentasunak hor daude. Zeinek erabakitzen du indarkeria matxista pairatzen dugunon bizitzak zenbat balio duen? Badirudi gizonezkoenak baino gutxiago balio dutela. 

Indarkeria matxistaren forma zaharberrituak adin guztietan eragina izango dute, ez? 
Nola iritsi da indarkeria hori? Zer forma hartu du? Nola mozorrotu da? Nola sortu da? Gazteenganako sarbidea sare sozialak lirateke. Baina, esaterako, 80 urte pasako emakumezko batengan sareek ez dute halako eraginik izan. Baina zaintzaren inguruan eratutako bere generoaren eraikuntza hori guztia hor du, hor dago eragina. Edo 40 urtekoen tartean agian laneko sexu jazarpena dago bolo-bolo. Adin tartearen arabera ikusi behar da indarkeriak non eragiten duen: osasunean, lanean, hezkuntzan, parkean... Hainbat esparru daude.